Aldizkari Digitala

Guk geuk sortzea

Gauzak egiteko dugun gaitasuna lantzea eta gutxiago kontsumitzea ditu helburuen artean 'Do it yourself' filosofiak. Bilboko Espacio Open gunean mugimendu hori oinarrian duten proiektuak kudeatzen dituzte.

Do it yourself aditu edo profesionalen laguntzarik gabe zerbait sortu, eraldatu edo konpontzeko metodoa da”. Horrelaxe definitzen du Wikipediak. Izena euskarara itzuliz gero, 'zuk zeuk egin' esan nahi du: eragile pasibo izatetik eragile aktibo izatera pasatzea, hain zuzen ere.

Altzariak, arropa, etxetresna elektrikoak, bitxiak, apaingarriak… Guztia geuk sortu dezakegu, eta, nola egin ez dakigunean, lagunduko digun norbait aurkitu beharko dugu. Modu horretan, sortze-prozesuan jende berria ezagutuko dugu, ikasi egingo dugu eta edozer egiteko gai garela jabetuko gara. Garbigailua hondatzen bazaigu, adibidez, agian ez dugu gure kabuz konpontzen jakingo. Eta orduan zer egin? Bi aukera ditugu: batetik, berria erostea; eta, bestetik, arazoa zein den esango digun norbaiti laguntza eskatzea eta guk geuk konpontzea. Azken horretan sinesten du Do it yourself mugimenduak, etxetresna elektrikoa edo beste edozein gauza konpontzeko edo sortzeko dugun gaitasunean, hain zuzen ere.

Do it yourself mugimenduari izena Britainia Handian jarri zioten 1950. urtean.

Guztiok ezagutzen dugu eskuekin trebea den norbait, “denetik pixka bat” egiten dakiena. Horixe izan daiteke lagunduko diguna. Hala ere, inor ezagutzen ez badugu, gero eta aukera zabalagoa aurkituko dugu gaur egun: bai sarean, bai jarraian azalduko dizuegun proiektuaren antzeko batean.

Bilboko Espacio Open guneak Do it yourself filosofia du oinarrian eta 2009. urtetik hainbat proiektu koordinatzen dituzte. Horien berri izateko, Bilboko Zorrotzaurre auzora gerturatu gara, Artiach gaileten fabrika zaharra zen eraikinera. Bertan, proiektu kulturalen kudeatzailearekin, Ainhoa Riveirorekin egon gara.

'Maker' mugimendua
Do it yourself  filosofia gisa lehenago sortu bazen ere, Riveirok kontatu digunez 1950. urtera arte ez zioten izenik jarri. “Krisi momentu batean sortu zen, jendeak aurrera egiteko beste modu bat bilatu behar zuenean. Mugimendu antikapitalistarekin zuen zerikusia eta Britainia Handian jarri zioten izen hori”.

Open Espacio eraikinean Do it yourself-ekin lotutako hainbat proiektu kudeatzen dituzte. Hala ere, horien artean, adar batek du garrantzirik handiena: Maker mugimenduak. “Teknologia berriekin du lotura eta XXI. mendearen hasieran sortu zen. Helburua ezagutza partekatzea da: zuk niri erakusten didazu eta nik zuri”. Esan beharra dago maker hitzak egile esan nahi duela, zerbait sortzen edo egiten duena, alegia.
Zentzu horretan, oso garrantzitsua da urrian egiten den asteburuko Maker Faire azoka. Lantegiak, hitzaldiak eta ikastaroak antolatzen dituzte, baita kanpoko eta bertako Maker proiektuak erakutsi ere: “Guk Fab Lab proiektuan egindakoak ezagutzera ematen ditugu asteburu horretan”.

Fab Lab Bilbao teknologia berriekin lotutako ezagutza partekatzeko gunea da.

Lehenengo Fab Lab-a Massachusetts-en (AEB) sortu zen, Nola egin edozein gauza? izenburupean. “Hainbat arlotako ikasleak batzen ziren, fabrikazio digitalarekin lotutako proiektuak sortzeko. Ikastaroaren arrakasta ikusita, mundu osora zabaldu zuten; horren ondorioz, 1.000 Fab Lab baino gehiago daude munduan zehar une honetan”. Ainhoak teknologia-eskola gisa definitu digu: “Artista, artisau, arotz, ingeniari… edonor etor daiteke. Gauzak konpontzeko edo sortzeko 3D inprimagailua, laser-ebakitzailea eta beste hainbat erreminta ditugu”.

Hainbat proiektu
Teknologia alde batera utzita, beste hainbat proiektu kudeatzen ditu Ainhoak Zorrotzaurreko txokoan. Izan ere, bigarren eskuko azoka antolatzen dute igandero: “Open Your Ganbara izena du, eta, martxan jarri genuenean, helburuak ekonomia zirkularra, birziklapena eta kontsumoa murriztea ziren”. Arropa, liburuak, jostailuak, lanparak… denetatik aurki daiteke 78 postutan: “Jende asko etortzen da, adin guztietakoa”.

Igandero Open Your Ganbara bigarren eskuko azoka antolatzen dute.
 

Gainera, hileko bigarren larunbatean, Open Your Sormena ekimena abiarazi dute: “Hemengo sortzaileak beren lantegietan lantzen ari direna ikustarazteko espazio bat da”.

Horrez gain, taberna eta lorategia ere baditu guneak: “Lankide baten etxeko ateak eta leihoak berrerabili ditugu mahaiak egiteko. Azken batean, guri gehien egokitzen zaizkigun altzariak sortu ditugu, merkatuan ez daudenak eta, bide batez, berrerabilera bultzatu dugu”. Artiach lantegia guztiz eraldatu dute Espacio Open guneko arduradunek eta euren kabuz egin dute guztia. Do it yourself hasieratik izan dute lanerako filosofia: “Gizarteko espazio guztietara iritsi da, izan ere, gure bizipenetan sakontzeko beharra ikusi dugu. Nire ustez, beharrezkoa da saltzen digutena alde batera utzi eta gu geu sortzen hastea”.

Espacio Open leku handia da eta lorategia ere badu.

Eta zuk, ezagutzen zenuen Do it yourself? Zure kabuz zerbait egin edo konpondu duzu? Espacio Open gunea ezagutzen zenuen? Kudeatzen dituzten proiektuen artean, zein iruditu zaizu erakargarriena?

Transcription:[+] Transcription:[-]

1. Zer da Do it yourself mugimendua?
Do it yourself mugimendua XX. mendeko lehenengo zatian hasi zen mugimendu antikapitalista eta kontrakulturala zen, eta pixka bat balorean jartzen zuen kontsumitzaile izatetik egilea izatera (pasatzea). Eta horrela, bada, bueno, birziklapenean eta berrerabilpenean, alde batetik, ingurumena zaindu, eta, beste alde batetik, gehiago ez produzitu, baizik eta zuk zure tresnekin edo zure ezagutzekin zure gauzak konpondu eta horrela gutxiago kontsumitu.

2. Zuen eguneroko lanean garrantzia du filosofia horrek?
Kultura, gizarte eta teknologia arloetan egiten dugu lan. Eta bai, alde batetik, eraikin hau, Artiach, martxan jartzeko guk tresna asko erabili behar izan ditugu, hau martxan jartzeko eta, horretarako, Do it yourself filosofia askotan erabili dugu. Hemen, gu izan gara hau autogestioan martxan jarri duguna(k) eta, horretarako, gauza asko ikasi dugu, nola egin eta jakiten ez genituen gauzak (nola egin ez genekizkien gauzak) auzoko industria zaharreko lagunekin harremanetan jartzen, beraiekin ikasten, eta horrela hasi ginen.

3. Zure ustez, zergatik dago modan gaur egun?
Azken finean hau da ahalduntze proiektu bat edo mugimendu bat erakusten dizuna zuk ere edozer gauza egin ahal duzula. Eta nik uste dut hori gaur egun oso garrantzitsua dela, zeren oso ohituta gaude guztia kontsumitzera eta, gero eta gehiago. Eta esan dudan moduan ba hori, krisi garaietan horrelako gauzak birpentsatu behar dira eta zentzu kritikoa, azkenean, teknologian, ez dakit nola esan, gu teknologiarekin asko mugitzen gara, eta asko erabiltzen dugu, baina ez daukagu edo oraindik gizarteak ez du filosofia kritiko bat landu teknologiaren munduan.


 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Mar 28, 2019
Number: 41083467
Dialect:
  • Batua
Duration: 00:03:20
Number of visits: 827