Aldizkari Digitala

New Yorkeko Zero Gune Berria

Mundu-mailan izan dituen ondorioengatik, 2001eko irailaren 11n New Yorkeko Dorre Bikiei egindako erasoa XXI. mendeko gertaerarik garrantzitsuenetakoa izan da.

Jarri arreta hizkuntzan:

Testu antolatzaileak
Ohiko egiturak eta kokapenak

New York hiria protagonista eta biktima izan zen, biak batera. Erdi harrituta eta erdi beldurtuta, mundu guztiak ikusi zituen dorreak erortzen, zuzenean.

Dorre Bikiak, 2011ko iraila baino lehen.

Emaitza beldurgarria izan zen. Ia 3.000 hildako: dorreetako langileak, misil modura erabilitako bi hegazkinetako bidaiariak, erreskate-lanean aritu ziren suhiltzaile eta poliziak… Gertuko eraikin batzuek ere kalteak izan zituzten, eta inguru guztiak hainbat urte behar izan zituen bere onera etortzeko.
Dorre-hondakinak kentzen ere urte batzuk pasa zituzten, eta hori egin ondoren zulo handi-handi bat geratu zen hiriaren erdian, eta baita newyorktarren bihotzean ere. 

Leku bereko oraingo ikuspegia.

Hasiera-hasieratik esan zuten dorreak berriro eraiki behar zirela, edo haien ordez beste eraikin garrantzitsu bat egin. Egitasmo asko izan ziren, atzerapen asko, eta, azkenean, Freedom Tower proiektua izan zen irabazlea, One World Trade Center izenarekin bataiatutakoa. 541 metroko garaiera du: Estatu Batuko altuena da eta munduko laugarrena. Beraz, desagertutako dorreen 415 metroak urruti geratzen dira. Egia esan, trikimailu txiki bat egin dute: eraikinaren teilatua 417 metrora dago, eta hortik gorakoa teilatuan dagoen antena erraldoia da.   

One World Trade Center etxe-orratza.

One World Trade Center 2015eko maiatzean ireki zuten eta urte bereko irailean 102. solairuko begiratokiak: 382 metrora daude. Etxe-orratz erraldoi hau da National Septembre 11 Memorial guneko eraikin nagusietako bat. Ondoan bi urmael karratu ditu, Dorre Bikiak zeuden toki berean. Beste eraikin nagusia Irailaren 11ri buruzko Museoa da. Museoak Dorre Bikien historia kontatzen du, erasoak nola gertatu ziren eta hondamendiaren zenbait arrasto ikus daitezke. Adibidez, hegazkinek jota bihurritutako habeak edo hondakinek suntsitutako suhiltzaile-kamioiak.
Museoak gune solemnea izan nahi du, gogoetarako eta hausnarketarako egokia, baina azkenean hunkigarriagoak dira bi urmaelak, xumeak direlako eta dorreek utzitako hutsarte psikologikoa betetzen dutelako. Karratu-alde bakoitzetik 10 metroko ur-jauzia jausten da, eta ura erdian dagoen isurbide bateraino doa. Karratuen aldeen gainetik, brontzezko panel batzuek grabatuta dituzte biktimen izen-abizenak. Eta batzuetan izen horien gainean arrosa zuri bat ikus daiteke, biktima horren senide edo lagun batek jarritakoa, oroimenaren lekuko.

Memorial gunea, erasoan hildako ia 3.000 laguni eskainia.

Oculus da inguru horretako beste eraikin garrantzitsu bat, Bilbon ondo ezagutzen duten Santiago Calatrava arkitektoak diseinatua, eta, bere beste hainbat lanekin bezala, Oculusekin ere eztabaida piztu da. Dinosauro erraldoi baten eskeletoa dirudi (berez hegan doan uso bat irudikatu behar zuen). Eskeletoaren barruan metro-geltoki erraldoi bat dago, eta New York eta  New Jersey lotzen dituen 10 linea bertatik pasatzen dira.

Erdian Calatravaren "Oculus" polemikoa.

Batzuek diote New York zahartzen ari dela; ez dela Dubai, Singapur eta pil-pilean dauden Asiako beste zenbait hiri bezain modernoa, baina New Yorkek erakutsi du etengabe indarberritu daitekeela. Horren adibide da High Line delakoa. Garai batean Manhattan mendebaldeko fabrika eta hiltegietaraino iristen zen trenbidea, metro batzuk lur-zorutik gora zihoana, oinezkoentzako pasealeku bihurtu dute eta hiriko alderdi horri itxura berritzailea eman.
Lur-zoru gaineko trenbide horretan merkantzia-trenak ibili ziren 1930-1980 urte-tartean, baina fabrikek ateak itxi zituztenean hutsik geratu ziren fabrikok, eta auzoak itxura goibela hartu zuen. Norbaitek ideia ona izan zuen: gune berde bihurtzea inguru hori. Ideia gauzatzen 2009an hasi ziren, 2014an bukatu arte.      

High Line, garai batean trenbide zena pasealeku bihurtuta.

Hamargarren Etorbidea eta High Line bide paraleloak dira. Azken hau, iparraldetik hegoalderako norabidean, 34 Mendebalde kalean hasten da eta Gansevoort kalean bukatzen. High Linera igotzeko hainbat eskailera eta igogailu daude zenbait gunetan. Pasealekuaren bukaeratik Greenwich Village aldera jaitsi daiteke, taberna-jatetxe giro ederraz gozatzera.

Brooklyngo Zubia New Yorkeko lekurik bisitatuenetakoa.

High Linek, ordea, badu arazo bat: jendez beteta dago! Turistek bere egin dute eta ia-ia bota egin dituzte bertako newyorktarrak. Berdintsu dabiltza Times Squaren ere: bertakoek diotenez Times Squaretik pasa ordez alboetatik pasatzen omen dira. Eta Brooklyngo Zubian, berriz, txirrindularien, patinatzaileen eta turisten arteko liskar amaigabeek istripuak sortzen dituzte maiz.
Horrela begiratuta, bere ospearen biktima da New York, eta horixe gertatu zaie Bartzelona, Londres, Venezia eta Pragari ere: ezin da pausurik eman, eta tabernetan, jatetxeetan, hoteletan eta apartamentuetan salneurriak etengabe ari dira igotzen. Ez ote zaigu berdin gertatzen hasi Bilbon eta, batez ere, Donostian?                     
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Mar 7, 2017
Number: 4064714
Number of visits: 2801