Aldizkari Digitala

Ainhoa Lizarraga, Motxila 21 musika-taldeko kidea

"Euren lekuan jartzen garenean, arazo guztiak desagertu egiten dira" dio Lizarragak. Down-en sindromea duten neska-mutilei musika-talde batean jotzeko aukera ematea izan da helburua hasieratik.

Ainhoa Lizarraga iruindarra da, 43 urte ditu eta Motxila 21 musika-taldeko kidea da. Bertan, akordeoia jotzeaz gain, batzuetan koruak ere egiten ditu. Ainhoak berak eta Mari Jose Leozek sortu zuten taldea 2005. urtean. Izan ere, Nafarroako Down-en elkarteko kideak dira Ainhoaren ahizpa Aintzane eta Mari Joseren seme Borja. Hasiera-hasieratik argi zuten euren helburua zein zen: Aintzanek, Borjak eta Down-en sindromea duten beste hamar neska-mutilek “musikaren munduan esperimentatzeko aukera izatea”. Horrexetan jarraitzen dute gaur egun ere eta guk asteartero egiten duten entsegura joateko aukera izan dugu, Iruñeko Txantrea auzora. Bertan, rock-doinuen dardara gertutik sentitu dugu eta Ainhoarekin hitz egin dugu.


1.  Zuen taldeak aitabitxi ezagunak izan ditu, esate baterako, El Drogas (Barricada) eta Kutxi (Marea) … Zer moduz beraiekin?
Esperientzia izugarria izan da. Gabonetan festa bat egiten dugu elkartean urtero eta 2009. urtean El Drogas etorri zen. Entseguetara etortzen hasi zen, bi abesti egin dizkigu, ahal duenean kontzertuetara etortzen da… Beti egon da hor, gurekin. Laguntza handia izan da eta harreman oso polita dugu berarekin. Aurretik pertsonaia ezagutzen genuen; orain, pertsona ere ezagutzen dugu.
Kutxirekin gauza bera gertatu zaigu: bi abesti egin dizkigu, noizbehinka kontzertuetara etortzen da… Marea taldearekin milaka pertsonaren aurrean abesten du. Guk, ondoren, pertsona ezagutu dugu. Neska-mutilentzat ere pizgarria da, asko nabaritzen dugu.

2. Gaur entsegura etorri gara. Nolakoak dira zuen entseguak?
Asteartero 17:00etan boluntarioak geratzen gara, abestien egiturak zehazten ditugu eta 19:00etan neska-mutilak etortzen dira. Eurekin 20:30ak edo 21:00ak arte aritzen gara, gutxi gorabehera. Abestiren bat gaizki jotzen badugu, behin eta berriz errepikatzen dugu. Neska-mutilak oso profesionalak dira.

3. Nolakoa izan zen zuen lehenengo kontzertua?
2006. urtean eman genuen lehenengo kontzertua eta hiru minutuko abesti bakarra jo genuen. Horixe izan zen kontzertua: motza baina oso polita! Jendea zutik jarri zen, txalo-zaparrada eskaini ziguten eta hunkigarria izan zen! Nafarroako Down-en elkarteko jaian izan zen.


4. Zein izan da zuretzat kontzerturik bereziena?
Erantzun hau oso pertsonala da, kontzertu guztiak bereziak izan baitira. Hala ere, nire ustez, ONCEren 75. urteurreneko ospakizuna izan zen bereziena. Madrilen jo genuen eta David Bisbal edota Ara Malikian biolin-jotzaile ezaguna zeuden han, beste batzuen artean. Kamerinoan geundela, Ara Malikian etorri zen guregana, argazkiak egin genituen eta playback-a egin behar genuenez, gurekin jotzeko gonbita egin genion. 50.000 pertsonaren aurrean aritu ginen Ara Malikianekin… Oroitzapen itzela da!

5. Londresen Motxila 21 Live! Zuzenean! En vivo! dokumentala grabatu zizueten eta ondoren saritua izan zen. Gainera, sanferminetako txupinazoa ere jaurti zenuten. Nolako bizipenak dira?
Iñaki Alforjak egin zuen dokumentala eta protagonistak gu izan ginen. Lan hori saritu zuten, eta guretzat luxua izan zen Iñakirekin lan egitea.

Txupinazoa botatzea, gu iruindarrak izanik… Ederra izan zen! Oso maitatuak sentitu ginen, bozkatuenak gu izan ginen eta, bai guretzat, bai neska-mutilentzat oso polita izan zen. Gainera, mundu osoko jendea egoten da Iruñeko txupinazoari begira eta Motxila 21eko neska-mutilentzat “gu hemen gaude eta ahal dugu!” aldarrikatzeko aukera izan zen.


6. Ibilbide oparoa duzue dagoeneko, baina pentsatzen dut momentu zailak ere edukiko zenituztela…
Momentu asko izan dira zailak: tentsioak, batek modu batean egin nahi ditu gauzak, besteak beste modu batean… Baina, azkenean, euren lekuan jartzen garenean, arazo  guztiak desagertu egiten dira. Nire ustez, horixe da Motxila 21 taldearen sekretua: “liskar hau zergatik daukagu?”, galdera hori egiten dugunean jabetzen gara lelokeria bat dela, eurengatik gaude hemen eta helburua hemen gustura egotea da. Txupinazoarena ere ez genekien nola kudeatu… Azkenean ongi ateratzen da guztia!

7. Zer ematen dizue Motxila 21eko kide izateak?
Besterik gabe hasi ginen eta talde sendoa bihurtu da. Indarra neska-mutilek dute. Egungo gizartean, bakoitza berera doa: norberaren arazoak, norberaren gauzak… Pentsa Down-en sindromea dutenek zenbat bide dituzten irekitzeko eta musikan bide bat egitea gauza handia da. Niretzat horretan parte hartu ahal izatea, izugarria da, bizitzako esperientzia zoragarri bat. 

 

AINTZANE LIZARRAGA

Ainhoarekin hitz egin ondoren, bere ahizpa Aintzanerekin hitz egiteko aukera izan dugu. “Nik 37 urte ditut eta Aintzane dut izena”, esan digu. Hasieran, saxofoia jotzen zuen eta tinbalak jotzen ditu orain. “Busturika da nire abesti gustukoena eta tinbalak jotzea asko gustatzen zait”, kontatu digu. Aintzane oso pozik dago taldean, eta horixe antzeman diogu entseguan euren arteko giro aparta ikusita. Jarraitu zuen bidea egiten, Motxila 21!

Transcription:[+] Transcription:[-]

1. Noiz eta zein helbururekin sortu zen Motxila 21?
Motxila 21 2005. urtean sortu zen eta, bueno, pues (bada), hasiera-hasieratik gure objetiboa (helburua) izan zen beraiek ere, beraiei ate bat irekitzea musika munduan  beraiek ere esperimentatzeko eta sentitzeko zer den musika-talde batean jotzea. Zeren ez genituen (genuen) erreferentziarik eta, bueno, gu musikazaleak izanik, baina, eta, bueno, pues (bada),  hainbat taldetan ere jo dugu, ez? Bakoitzak talde desberdinetan, eta bueno, pues (bada), behar hori sumatzen genuen: eta nahi genuen esperimentatu beraiekin eta esan, beraiekin talde bat egin nahi dugu eta beraiek ere hori sentitzea!

2. Nola osatu zenuten taldea?
Hasieran, ideia izan zen Mari Jose eta nirea. Mari Jose da Motxilan saxoekin (saxofoiekin) dagoena, bera da Borjaren ama, eta nik badaukat ahizpa bat Aintzane izena duena eta berak hasieran saxoa jotzen zuen; baina orain tinbala jotzen du. Orduan, bada, Nafarroako Down-en elkartean gaudenez, askotan juntatzen (elkartzen) ginen eta hitz egiten genuen honen inguruan eta urte batean esan genuen: “venga pues (bada)  aktibitate hau sortu behar dugu elkartearen barruan, ez?”

3. Musika-tresnak, ahotsak, abestiak… Ezagutza bazuten?
Bai, bada hasieran, elkartean bazuten musika eta elkartean ikasten zuten flauta (txirula). Eta, bueno, pues (bada), kortxeak, semi-kortxeak, egiten zuten eskuekin… Ni hor ez nintzen egon, ez dakit nola egiten zuten, baina bueno, egiten zituzten erritmoak eta batez ere flauta (txirula). Orduan, Borja izan zela saxoa lehendabiziko jo zuena, bere amak esan zuen flauta eta saxoa, posizioa berdina da eta pues (bada), goazen probatzera, ez? Eta Iruñean bazen akademia bat, bueno, ezagutzen zuen Mari Josek eta orduan, akademia horretan egiten zuten solfeoa erakutsi koloreen bitartez. Eta Borjak horrela ikasi zuen saxoa, posizioa berdina da eta partiturak koloreen bitartez. Eta bera hasi zen horrela, eta gero jada hasi zen Iñaki eta gero hasi zen Aintzane saxoarekin. Perkusioan denak hasi dira hemen, Motxilan, etorri ziren eta pixkanaka-pixkanaka erritmoak ikasten joan dira.

4. Gizartean zerbait aldatzea lortu duzuela uste duzu?
Bai, nik uste dut baietz, batez ere, gure aurrean dagoen jendeak ikusteko eta… Beraiek ere hor egon daitezkeela. Eta beraientzat, claro (noski) hamabi neska-mutil dira, hamabirentzako (hamabirentzat) izan da esperientzia hau, baina beraientzat oso esperientzia handia da, zeren normalean beti, ez bazterrean, baina beti egon dira, beti borroka horretan, ez? Beti borrokatzen eta hau zergatik ez? Eta hau zergatik ez? Elkartea horregatik sortu zen. Orduan beraiek bat-batean eszenatoki (agertoki) batean egotea eta jendeak txalotzea, negar egitea beraiek hor ikusteagatik, beraientzat da izugarria, da mundiala!!!

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Mar 6, 2019
Number: 40208657
Dialect:
  • Batua
Duration: 00:04:28
Number of visits: 342