Aldizkari Digitala

Rosa Luxemburg, marxismoaren erreferente argia

Rosa Luxemburg pentsalari marxista eta antimilitarista izan zen. Alemaniako Alderdi Sozialdemokratako (SPD) kide hasieran, ondoren Alemaniako Alderdi Komunistaren oinarria izango zen taldean sartu zen. XX. gizaldiko iraultzailerik handienetakoa izan zen eta sozialismo demokratikoaren sortzaileetariko bat.

Rosa Luxemburg 1871ko martxoaren 5ean jaio zen, Polonian, Zamosc hirian. Familiak jatorri judua zuen, eta errusiarren menpe zegoen gunean bizi zen. Aita, Eliasz Luxemburg III.a, egur-saltzailea zen, eta ama, Line Löwenstein, irakurle amorratua. Bost seme-alabetan gazteena zen Rosa, gorpuzkeraz txikia, eta oso ume zela betiko herren geratua.

Varsoviara joan ziren bizitzera, eta han neskentzako lizeoan ikasi zuen 1880az geroztik. Gazterik egin zen mugimendu sozialistako partaide. 1886an, 15 urteko nerabe oraindik, Proletariat alderdi ezkertiarreko kide bihurtu zen. Oso azkarra zenez, orduko hainbat aurreiritzi gaindituta, ikasi ahal izan zuen. Ez zen erraza, errusiar agintariek baztertuta zeuzkaten-eta Polonian bizi ziren juduak. Bigarren Hezkuntzako ikasketak nota bikainekin amaitu zituen, 1887an. Bi urte geroago Suitzara ihes egin zuen, atxilotua ez izateko: 18 urte zituen. Zuricheko Unibertsitatean filosofia, historia, matematika, politika eta ekonomia ikasi zituen aldi berean.

 

Poloniatik Alemaniara
Leo Jogiches lagun minarekin eta Julian Marchileweski politikariarekin batera Sprawa Rototnicza (Langileen kausa) egunkaria sortu zuen 1893an. Egunkari hau Poloniako Alderdi Sozialistaren nazionalismoaren aurkakoa-edo zen, ez baitzuen bere ibilbidea Poloniaren independentziaren aldarrikapenean oinarritu nahi, kapitalismoaren aurkako borrokan baizik. Pentsamolde hori zela-eta harreman mingotsa izan zuen Leninekin.

Laster jabetu zen bere pentsaera marxista soka motzekoa izango zela Polonian geratzen bazen eta, beraz, eragin handiagoa izateko, Alemaniara joan zen, munduko alderdi sozialdemokratarik indartsuena, SPD,  zegoen herrialdera, alegia. Legez alemana izateko, bertako batekin ezkontzea komeni zitzaion, eta halaxe egin zuen. Gustav Lübeck sozialistarekin ezkondu zen, eta hala, 1898an, alemaniar hiritartasuna lortu zuen. Orduz geroztik Alemania izan zuen borrokaleku nagusia. Baina Alemanian bizi arren, Poloniako Partidu Sozialdemokratako pentsalaririk garrantzitsuena zen Rosa Luxemburg, eta alderdia berak gidatzen zuen, alderdiko antolatzaile nagusia zen Jogiches-ekin batera.

Militarismoaren kontra eta greba egitearen alde
SPDko ikuspegirik ezkertiarrena besarkatu zuen Berlinen. Erreforma edo Iraultza izeneko idatzian Eduard Bernstein-en errebisionismoari aurka egin zion. Errebisionistak ere marxistak ziren, baina uste zuten gizarte sozialista bat lor ziitekeela apurka-apurka, erakundeetatik, era baketsuan aldaketak eginez. Rosak, aldiz, uste zuen bide horrek burgesia sendotzen zuela, ez langileria.

Baina Rosa Luxemburg hizlari trebea zen eta laster bihurtu zen alderdiko bozeramaile indartsuenetako bat. 1900etik aurrera, adibidez, Europa osoko hainbat egunkarik argitaratu zizkioten artikuluetan zenbait arazo ekonomiko eta soziali buruzko iritzia plazaratu zuen.


Rosa Luxemburg mitin batean.
 

1904-1907 urte-tartean, politika zela eta, hirutan atxilotu zuten. Bere lana ez zen guztiz eten, zeren atxilotuta eduki arren ez zion politikari muzin egin, urte horietan idatzi baitzituen bi liburu: Jende-oldearen grebak, Partiduak eta Sindikatuak eta Kapitalaren pilaketa. Bigarren hau egin da ezagunago, eta kide sozialistei irakasten zien ekonomia politikoan dago oinarrituta.

Alemaniako militarismoa izan zuen jopuntuan, baita inperialismoa ere, eta are gogorrago kritikatzen zituen gerra gertu zegoela sumatzen baldin bazuen. SPD bera ere gerraren aurka azaltzea nahi izan zuen. Langile guztiak elkartuko zituen greba orokorra antolatu nahi zuen, gerraren kontra. Rosa Luxemburg gogor saiatu zen ekimen horretan, baina ezin izan zuen gerraren hasiera zapuztu.

Lehen Mundu Gerra 1914an piztu zen. Orduan Alemaniako sozialdemokratek gerra diruz laguntzea erabaki zuten, eta grebarik ez egitea gerra-garaian. Rosak porrot egin zuela pentsatu zuen, nabarmen gainera: errebisionismoa, Rosak 1899tik aurrera gaitzetsitako pentsaera, garaile atera zen, eta gerra abian zegoen.

Espartakisten Liga
1914an nazioarteko talde bat sortu zuen Rosa Luxemburgek Karl Liebknecht eta beste kide batzuekin batera, Espartakisten Liga bihurtuko zena 1916ko urtarrilaren 1ean. Legez-kanpoko panfleto asko idatzi zituzten, greba orokor bat antolatzen saiatu… Ondorioz, Luxemburg eta Liebknecht presondegian sartu zituzten urte eta erdi. Rosa tarte horretan artikuluak idazten aritu zen, Junius goitizenarekin. Errusiar iraultza zen artikulu horietako baten izenburua. Garai berekoa da ondorengo liburua ere: Kartzelako gutunak Sophie Liebknechti.


Clara Zetkin eta Rosa Luxemburg izan ziren, besteak beste, Espartakisten Ligaren sortzaile.
 

SPD alderdiko zenbait kidek, gerraren aurka zeudenez, Partidu Sozialdemokrata Independentea (USPD) sortu zuten, eta 1917an alderdi berrian afiliatu zen Espartakisten Liga. Hurrengo urtean hasi zen Alemaniako Azaroko Iraultza deitua izan dena. Berez, iraultza urtarrilean hasi zen USPDk gerraren kontrako greba antolatu zuenean. Urrian marinel batzuk matxinatu egin ziren bere nagusien aurka. Eta azaroan  Guillermo II.a kaiserrak dimisioa eman zuenez ordura arteko sistema monarkikoa errepublika bihurtu zen. SPD eta USPD agintean jarri ziren sortutako errepublika berrian.
                                                                                                                             
Garaitsu hartan irten ziren kartzelatik Karl Liebknecht eta Rosa Luxemburg. Karl atera zenean Espartakisten Liga berrindartzen hasi zen eta apur bat geroxeago Rosa irtetean, azaroan 8an, biek Die rote fahne (Bandera gorria) egunkaria sortu zuten. Laster, Rosa Luxemburgek artikulu batean preso politikoen amnistia, eta heriotza-zigorra deuseztatzea eskatu zuen.

Baina USPD eta SPD banandu egin ziren 1918ko urte-amaieran. USPDk koalizioa utzi zuen ez zegoelako ados SPDk eta  kaiserraren aldeko eliteak status quo politikoari eusteko lortutako akordioekin. Beraz, 1919ko urtarrilaren 1ean Alemaniako Alderdi Komunista (KPD) sortu zuen Espartakisten Ligak, hainbat talde sozialista eta komunistarekin batera. Alderdiaren sorreran zeresan handia izan zuten bai Rosa Luxemburgek bai Karl Liebknechetek. 

 

Rosa Luxemburgen hileta prozesioa 1919an.


Tiroz hilak Berlinen, urtarrilean
1919ko urtarrilean beste iraultza indartsu bat izan zen Alemanian. Giroa oso nahasia zen: gerra galdu berria, langile asko gobernuaren kontra... Urtarrileko lehen astean altxamendu handi bat izan zen Berlinen, milaka eta milaka jende, eta Friedrich Ebert agintari sozialdemokratak, gerta zitekeenaren beldur, Freikorps (Talde askeak) milizia-talde nazionalistak altxamenduaren aurka bidali zituen. Rosa Luxemburg eta Karl  Liebknecht atxilotu egin zituzten Berlinen, 1919ko urtarrilaren 15ean, eta biak hil egun berean. Rosa soldadu batek bota zuen lurrera, kulatarekin joka, eta gero tiro egin zion buruan. Karli ere tiro bat egin zioten garondoan, eta hobi komun batean ehortzi. Alderdi Komunistako ehunka kide ere hil zituzten, eta alderdiko komiteak desegin.

Sinbolismo handiko pertsonak dira Rosa Luxemburg eta Karl Liebknecht, batez ere Alemaniako marxismoarentzat. Gaur egun, omenaldi gisara, bien aldeko eguna ospatzen da Alemanian urtarrilaren 2. edo 3. igandean, 1919ko urtarrilaren 15ean hil zituztela gogorarazteko.
 

Interesatzen zaizu

  • Leninen mausoleoa

    Leninen mausoleoa

    Leninen momia berriro eztabaidagai bihurtu da Errusian. Iraultza Sobietarraren 100. urteurrena betetzen den honetan, gero eta gehiago dira Leninen gorpua hobiratu behar dela diotenak. Oraindik, hala ere, asko dira horren aurka daudenak.

    Leninen mausoleoa
 
 

Comments
Login for comment

B2
Mar 5, 2019
Number: 40138305
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 335