Aldizkari Digitala

Odola ematea, ardura kontua

Odol-transfusio bat behar dugunean berehala jaso ahal izateko odol-emaileak behar dira. Odola ematearen inguruan dugun kontzientziaz aritu gara, besteak beste, mediku batekin eta odol-emaile batekin.

Gipuzkoako Odol Emaileen Elkartearen atarian ondoko esaldia dago idatzia: Transfusioa denon eskubidea, odola ematea denon ardura. Zertarako? Kanpotik igarotzen dena odola ematera gonbidatzeko, edo, behintzat, bere kontzientzian eragiteko.

Istripu bat edo edozein gaixotasun tarteko, odola behar badugu, ospitalean momentuan bertan sartuko digute. Zerbait automatikoa dirudi horrek, baina ez da hala. Gizartearen kontzientzia pizteko kanpaina asko egin dira, eta egiten dira gaur egun ere. Horri esker, odol-bankua beteta dago une honetan.

Lizar Irazusta odol-emailea eta Naroa Ubillos medikua.

Odola lortzeko funtzionamendua eta xehetasunak gertutik ezagutzeko, Naroa Ubillos sendagilearekin eta Lizar Irazusta odol-emailearekin geratu gara elkartearen egoitzan, eta prozesu osoa ikusteko aukera izan dugu. 

Urtean hiru edo lau aldiz
Odol-emaileak 18 eta 65 urte arteko adina izan behar du eta 50 kilo baino gehiago pisatu: “Emakumeek urtean hiru aldiz eman dezakete eta, gizonezkoek, berriz, lau bider”, esan digu Naroak. Eman nahi duenak ez du elkartera joan beharrik, izan ere, elkartetik leku batetik bestera mugitzen dira: herrietara, ikastetxeetara, lantegietara… “Emakumeak eta gizonak, gazteak eta helduak, denetarik dago emaileen artean. Bultzatzen duen erakundearen arabera, etortzen den jendea asko aldatzen da. Kanpaina gaztetxetik bideratzen badute, esate baterako, gazteak etortzen dira”.

Lizar Irazustak, adibidez, 2018an lau aldiz eman du odola, besteetan baino gehiago: “Urtean bitan ematen dut normalean, elkartekoak lan egiten dudan ikastetxera etortzen direnean. 18 urterekin eman nuen lehenengo aldiz eta 45 urte ditut orain”. Lanbide Heziketako irakaslea da donostiarra eta, bere ustez, oso garrantzitsua da gazteengan eragitea: “Odol-emaile onenak gazteak dira, izan ere, bizitza osoa dute ematen jarraitzeko”.

Odol-bankua beteta dagoela kontatu digu Naroak.

Gizarte kontzientziatua
Lizarren odol-mota eta ezaugarriak datu-base batean gordetzen dituzte, odol-emaile guztienekin batera: “Une honetan, odol-bankua beteta dago. Hala ere, odol-motaren bat falta bazaigu, zuzenean jotzen dugu datu-basera eta behar dugun odola duen pertsonari deitzen diogu ematera etortzeko”, azaldu digu Naroak.

Gizartea kontzientziatuta dago, egin diren eta egiten diren kanpainek funtzionatzen dutelako: “Borondatezkoa da eta hori ezin da aldatu, ezin baitugu inor behartu”. Bestalde, “esfortzu txikia” dela azpimarratu du Lizarrek: “Kafesnea, ogitartekoak, sandwichak… Denetik eskaintzen digute eta oso ongi tratatzen gaituzte”.

Odola ematea norberaren borondatezko ekintza da.
 

Mundu osoko datu-basera
Hezur-muineko transplantearen ardura ere Odol Emaileen Elkarteak du: “Odoleko analisia egiten diogu emaileari eta ezaugarriak datu-base batean sartzen ditugu. Horrela, emailearen ezaugarriak dituen hezur-muina behar bada, berarekin jarriko dira zuzenean harremanetan. Datu-base bakarra dago mundu osoan”.

Baina zenbateraino dago jendea kontzientziatuta? Zure ustez, odola ematea guztion ardura da? Zuk egin duzu inoiz horrelakorik? Zer egingo zenuke jendearen kontzientziak pizteko?
 

Transcription:[+] Transcription:[-]

1. Zein da Gipuzkoako Odol Emaileen Elkartearen funtzionamendua?
NAROA UBILLOS: Jendea odola ematera etortzeko, guk kanpainak egiten ditugu, baina oso inportantea da baita ere herri bakoitzean egiten den lana. Osea gu Donostian egunero gaude, baina egunero arratsaldetan baita ere bi herritara joaten gara, eta goizetan enpresetara joaten gara, eskoletara, lantegietara… Eta orduan, lantegietako odol-estrakzioak (odol-emateak) bultzatzen beti egoten da lantegian pertsona bat eta herri bakoitzean baita ere delegatu bat (ordezkari bat) edo delegatu-talde bat (ordezkari-talde bat) dago. Eta beraiek sekulako lana egiten dute: joaten garen bakoitzean, aurreko astean jendea informatzen, joango garela, eta herrian kartelak jartzen.

2. Zein da prozesua?
NAROA UBILLOS: Guk egiten dizuguna da odol-poltsa bat atera: 400 mililitrol inguru. Orduan, oso inportantea (garrantzitsua) da guk ateratzen dizugun likido hori zuk errekuperatzea (berreskuratzea), bai lehenago eta bai beranduago.  Orduan, ondo janda, ondo deskantsatuta eta likido asko edanda, bai lehenago eta bai beranduago. Horrek esan nahi du baita ere kirola ezin duzula egin, ezin duzula izerditu, egun horretan lasai ibili behar zara (duzu), bizitza normala baina ezin diozu zure gorputzari… bada, ez dakit, kirola egin edo momentu estresante (estresagarri) bat eragin zure gorputzari. Guk poltsa hori kaxa batzuetan sartzen dugu eta eramaten da laborategi zentral batera, laborategi hori gaur egun Galdakaon dago. Orduan, laborategi horretan, guk odol poltsa horretaz aparte, odol tubito (hoditxo) batzuk ateratzen ditugu analizatzeko, gaixotasun infekziosorik daukazun edo zure odoleko beste osagai batzuk analizatzeko. Eta ikusten baldin bada dena ondo dagoela, orduan jada poltsa hori zirkulaziora sartzen da. Sartuko genuke frigorifiko (hozkailu) batzuetan edo horrela, eta pertsona batek odol hori behar duenean, orduan erabili egingo da.

3. Noiztik zara odol-emaile?
LIZAR IRAZUSTA: 18 urterekin hasi nintzen, 18 urte bete berriak, Donostia mailan auzo arteko Odol Olinpiadak egin ziren eta lehiaketa antzeko bat egin zuten ea zein auzo zen  odol-emaile gehien lortzen zuena. Eta gu, koadrilako bat eta ni joan ginen ea Antiguok irabazten zuen eta bai, hala irabazi genuen. Aita ere emailea zen, bazegoen horrelako tradizio bat.

4. Jendea kontzientziatuta dagoela uste duzu?
LIZAR IRAZUSTA: Nik nire ingurunean ikusten dut jende askok ez duela ematen… Baina gero denok gaude prest odola jasotzeko istripuren bat gertatzen zaigunean edo ez? Eta ikasleei hori ikusarazten saiatzen gara ere. Aprobetxatzen dugu, etortzen direnean, beraien artean eztabaidan uzten ditugu, batzuk ematen dute, besteek ez… Eta zuk zergatik emango duzu? Eta zuk zergatik ez? Eta askok beldurra diotelako orratzei, eta gero, kristoren (sekulako) tatuajeak dituzte. Eta  medikuak eta esaten die, baina a ver (ea) nola da posible orratzei beldurra izatea eta gero tatuajea izatea edo piercingak edo… Honek ez du minik egiten eta, aldiz, satisfazio (poztasun) handia da eman ondoren,  pentsatzea gero bizitza bat ari zarela salbatzen.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Feb 28, 2019
Number: 39904343
Dialect:
  • Batua
Duration: 00:03:58
Number of visits: 1169