Aldizkari Digitala

Carmen Calvo: "Ametsa akabatzea (1969-2019)" Kubo-kutxan

"Argazkiak denbora geldiarazten badu, ni gaurkotasuna ematen saiatzen naiz".
Carmen Calvo

Carmen Calvo 1950. urtean jaio zen Valentzian. Arte eta Lanbide Eskolan eta Arte Ederren Akademian hasi zen publizitatea ikasten. 1985ean, Kanpo-arazoetarako ministerioaren beka bati esker, zortzi urte igaro zituen Parisen.

Carmen Calvoren argazkia: Kutxa Fundazioa

Egonaldi luze horretan, artegintza berriaren joerak ezagutzeko aukera izan zuen. Ondoren, Valentziara itzuli eta, Valentziako komunitatean egositako buztinaren kultura oso zabaldua zegoenez, zeramikaren munduan murgildu zen. 1997an Veneziako Bienalean hartu zuen parte Joan Brossarekin batera. Atzerriko museoetako bildumetan ezagunak dira bere artelanak.

"Ametsa akabatzea" erakusketa azken berrogeita hamar urte hauetan gauzatutako 61 artelanek osatzen dute.. Erakusketa anitza eta konplexua da. Carmenen artegintza zabal hau ez dago kronologikoki antolatua eta bertan pinturak, instalazioak, eskulturak, collageak eta eraldatutako argazkiak daude ikusgai. 1969. urtean egindako pintura da erakusketako artelanik zaharrena.


"Y no ha quedado para nadie (2006)/Eta ez da inorentzat geratu (2006)"

Carmenen joera estetikoa artegintza kontzeptualaren barnean kokatzen da. Europan zehar egindako ibilaldietan arte povera (arte txiroa), surrealismoa, pop artea, dadaismoa eta abar ezagutzeko aukera izan zuen. Ezin dugu ahaztu urte haietan Valentzian artista bikainak zeudela: Valdes, Solbes, Equipo Crónicaren sortzaileak, Miquel Navarro... Carmenen joera artistikoa bere lagunena baino garbizaleagoa eta puskatzaileagoa zen. Hala ere, esperientzia hura interesgarria gertatu zen berarentzat.
Carmenek bere artegintzan arrisku handiak hartu ohi ditu eta lan enigmatikoak eta kezka eragiten dutenak gauzatzea oso gogoko du. Kursaalean ipinitako "Et pourlèche la face ronde (2013-2016)/Eta aurpegi borobila miazkatzen du (2013-2016)" eta Veneziako Bienalerako prestatutako “Una conversación (1996-97)/Elkarrizketa bat (1996-97)” instalazioa dira horren adibideak. Bestalde, zenbait lan gauzatzeko erabiltzen dituen ispilu eta zeramika-zatiak, eraldatutako argazkiak, traste zaharrak... aproposak dira egoera misteriotsuak sortzeko.

Artelana: "Et pourlèche la face ronde (2013-2016)/Eta aurpegi borobila miazkatzen du (2013-2016)"
Kursaaleko erakusketarekin batera, Altxerri galeriak, Carmenen argazki-lanak jarri ditu ikusgai. Obra hauek neurriz Kubo-kutxakoak baino txikiagoak eta xumeagoak dira eta salgai daude.
Erakusketa hau 2019ko maiatzaren 5era arte ikus ahal izango dugu Kursaaleko Kubo-kutxa aretoan.

Informazio gehiago, hemen.
Artistaren webgunea
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Feb 26, 2019
Number: 39779987
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 277