Aldizkari Digitala

Rosa Parks, guztientzat eskubide zibil berak aldarrikatzen

Rosa Parks, emakume afroamerikar xume bat, eskubide zibilen alde nabarmendu zen Amerikako Estatu Batuetan (AEB). 1955ean, autobus batean eserita zihoala, ez zuen altxatu nahi izan eserlekua gizon zuri bati uzteko: eserita jarraitu zuen, autobuseko atzealdera joan gabe. Jokabide horrek ospetsu egin zuen.

Rosa Louise McCauley (ezkondu aurreko izen-abizenak) 1913ko otsailaren 4an jaio zen, Tuskegee hirian, Alabaman. Aita arotza zuen eta ama irakasle. Ikasketak lanbide-heziketarako eskola batean eta irakasleentzako Alabama State Teachers College ikastetxean egin zituen. Ikasketak bukatu ondoren, Raymond Parksekin ezkondu zen. 

Rosa Parks jostuna zen lanbidez.

1940ko hamarkadan, AEB hegoaldeko estaturik gehienetan nagusi zen segregazioak bete-betean harrapatu zituen senar-emazteak: arraza edo erlijioagatik diskriminatzen zen jendea. Segregazioa ez zen soilik jende mota batek inposatzen zuen zerbait, legearen babesa ere bazuen. Segregazio baztertzaile horri aurre egiteko, 1950eko hamarkadaren hasieran, Rosa Parks beltzen ongizatea aldarrikatzen zuen Montgomeryko talde bateko kide egin zen (National Association for the Advancement of Colored People -NAACP-).

Autobusean gertatu zen
1955eko gertaera gogor batek egin zuen munduan ospetsu. Izan ere, gertaera hark garrantzi handia izan zuen estatubatuarren arteko berdintasun-eskubidearen aldeko borrokan.

Orduko autobusetan marra batek adierazten zuen beltzak marratik atzera eseri behar zutela, eta aurrean zuriak. Baina toki gutxi zegoenean, zuri batek esan ahal zion beltz bati eserlekutik altxatzeko, berari tokia uzteko.
 
Jar gaitezen 1955ean. Lanean ordu pila bat eman ondoren, badoa Rosa Parks, jostuna, etxera autobusean. Txofer zuriaren aginduz, hara non hiru beltz altxatzen diren bidaide zuri bati tokia uzteko. Baina Rosa ez! Ez da altxatu, bere tokian jarraitzen du. Hori ikustean txoferrak haserre egin dio, baina Rosa ez da jaiki. Beraz, gidariak poliziari deitu eta espetxera daramate Rosa.

Rosa Parks-en pasadizoa gertatu zen autobusa Henry Ford museoan ikusgai dago.

 

Ordena publikoa zapuztea, hori izan zen salaketa. Kontua da liskar hark garbi utzi zuela segregazio-baldintzek beltzak zapaltzen zituztela. Izan ere, nabarmen geratu baitzen zurientzat soilik ziren igerileku, eskola, jatetxe eta  beste hainbat zerbitzu publikotan ezin zirela sartu.

Autobuseko liskarraren lehen ondorioa? Montgomery Improvement Association elkartearen sorrera. Gutxiengo beltzaren eskubide zibilak aldarrikatzea zuen helburu eta   buruetako bat artean nahiko ezezaguna zen Martin Luther King izan zen. Elkarteak eta jende pila batek boikota egin zien Montgomeryko autobusei: arrakasta handia izan zuen boikotak, 382 egun iraun baitzuen eta ezagun egin munduan Montgomeryko afroamerikarren borroka.

Horiek horrela, Montgomeryko eta Alabamako segregazio-legearen aurkako borroka judiziala AEBko Auzitegi Gorenera iritsi zen, eta horrek konstituzioaren aurkakotzat  jo zuen garraioetan inor baztertzea.

Eskubide zibilen aldeko borrokan tinko
1957an Michigan-era joan zen bizitzera senarrarekin, eta han eskubide zibilen aldeko borrokan jarraitu zuen Parks andreak. 1965ean, John Conyers kongresistarekin hasi zen lanean, eta 1977an, alargundu eta gero, Rosa and Raymond Parks Institute for Self Development erakundea sortu zuen, pertsonen garapena sustatzen zuena. Gaur egun, erakunde horrek Pathways to Freedom (Askatasun-bidean) egitasmoa babesten du urtero. Ekimen horren bidez, AEBn azkenaldian eskubide zibilen alde egindakoa erakusteko asmoz,  nerabeentzako autobus-ibilaldiak antolatzen dira.

1999an Clintonek eman zion Kongresuaren Urrezko Domina.

1979an, NAACP elkarteak bere saririk handiena eman zion Parksi, Spingarn saria, eta hurrengo urtean Martin Luther King Jr. saria jaso zuen. 1989an, Civil Rights Memorial monumentuaren inaugurazio-ekitaldian hartu zuen esku, Montgomeryn, eta 1999an, Bill Clinton presidenteren eskutik, Kongresuaren Urrezko Domina jaso zuen. Urteak pasa dira, baina gaur egun ere eskubide zibilen aldeko ikur garrantzitsuenetako bat izaten jarraitzen du Rosa Parksek.

2005eko urriaren 24an hil zen, Detroiten. Bihotzeko batek eraman zuen Rosa Parks, 92 urte zituenean. AEBko Kapitolioko Errotondan eman zioten azken agurra: ohore hori izan zuen lehen emakumea eta bigarren afroamerikarra izan zen.           

 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Feb 5, 2019
Number: 38044482
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 345