Aldizkari Digitala

Kyudoa, gezia jaurtitzea baino gehiago

Kirola egitearekin batera alderdi izpirituala lantzea bilatzen du kyudoak. Japonian jatorria duen arte martziala da. Arkua eta geziak erabiliz norbera pertsona gisa hobetzea du helburu.

Europa Iparraldetik iritsi zaigu nordic walking-a, Indiatik yoga eta Ameriketako Estatu Batuetatik crossfit-a. Gero eta jende gehiagok praktikatzen ditu kirol horiek eta modan daude, joera bilakatu baitira. Baina ez dira kirola soilik, badute nolabaiteko bizitza-filosofia bat atzean eta horrek ere jende asko erakartzen du.

Hari horri tiraka, aukera berri bat ezagutzeko aukera izan dugu: kyudoa. Japoniako arte martziala da, tradizioko arku-jaurtiketa. Yumi arkua erabiltzen dute: banbuz, masustondo-zurez edo kalamuz egindako arkua. Euskal Herrian, Oiartzungo Elizalde ikastetxeko pilotalekuan praktikatzen dute igande goizetan, eta hainbat txokotatik hurbiltzen dira bertara: Iruñetik, Gasteiztik, Baionatik, Bilbotik, Donostiatik, Astigarragatik eta irakaslea, Pedro, berriz, Oiartzundik. Egiten dutena bertatik bertara ikusteko, saio batera joan gara eta Miguel Angel Monrealekin hitz egin dugu. Miguel Angelek eta Pedrok elkarrekin jarri zuten martxan eskola. Bederatzi urte daramatza Astigarragakoak kyudoa praktikatzen: “Dokumental bat ikusi nuen eta probatzea erabaki nuen”, kontatu digu.

Kirola baino askoz gehiago
1920ko hamarkadan, alemaniar batek ekarri zuen kyudoa Japoniatik Europara, baina hona ez zen iritsi 90eko hamarkadara arte: “Bi bide daude kirol honetara iristeko: lehenago arte martzialen bat egin izana edo arku-jaurtiketan aritu izana. Nire kasua lehenengoa da, eta horregatik izan ez balitz, oso zaila izango zen kyudoaren berri izatea”.
Norbera bere buruaren etsaia da: “Normalean, arte martzial batean, norbaiten aurka aritzen gara, eta irabazi edo galdu egin dezakegu. Kasu honetan, bakarrik gaude, barruko akatsak gainditu behar ditugu eta bidea luzea da”. Helburua ez da dianaren erdian geziarekin ematea. Egindako mugimenduek, ongi eginez gero, horretara eramango gaituzte, baina horretan pentsatu gabe: “Kyudoak norbera pertsona bezala hobetzeko balio du: barruko akatsak erakutsiko dizkigu eta guk landu beharko ditugu”, azaldu digu.

Kirola egiteko modu berriak
Kirola izerdia atera eta giharrak lantzea baino gehiago izan daiteke, eta horixe gertatzen zaio Miguel Angeli kyudoarekin: “Zentzu izpirituala du eta gorputza ere lantzen dugu. Kontzentrazioa behar dugu, momentua bizitzeko eta gainerako guztia ahazteko. Kirola bakarrik egitera etortzen denak ez du gustuko izango, berezia baita, desberdina”. Bere ustez, helburua dianaren erdian ematea duenak hobe du arku-jaurtiketa egin eta ez kyudoa. “Kiroletik pauso bat haratago doa eta bakoitzaren nortasuna ere lantzen da”.

Materiala prestatzen goizeko 9:30ean hasten dira eta 10:30ean ekiten diote saioari. “Kyudoak bi atal ditu: batetik, taldekoa; denok batera jaurtitzen ditugu geziak eta atal hau oso arautua dago. Eta bestetik, pertsonala. Gure gorputzaren forma eta jaurtiketa lantzen ditugu, jaurtiketa libreak dira. Modalitate baten eta bestearen artean, tea eta pastak janez atsedenaldia egiten dugu”. Euren taldean, 30 urtetik 76 urtera arteko tartea dute; beraz, edonork har dezake parte, “adinean ez dago mugarik”.

Lehiaketak
Norberak bere buruarekin lehiatzen badu ere, badaude txapelketak eta denak denen aurka aritzen dira; baita emakumezkoak eta gizonezkoak elkarren aurka ere: “Nahiz eta zortzi maila izan kyudoak, lehiaketetan guztiok batera aritzen gara, mailak bereizi gabe. Partaideok launa gezi botatzen ditugu eta txapeldunak Europako txapelketara joaten dira. Ondoren, irabazleak munduko txapelketan hartzen dute parte, urtean behin”.

Japonian tradizio handiko kirola da eta pixkanaka munduan zehar zabaltzen ari da. Eta zuk, praktikatuko zenuke? Ezagutzen zenuen? Zerk erakarri zaitu? Zure ustez, zer beste kiroletan hartzen da kontuan emakumezkoen eta gizonezkoen arteko parekidetasuna?

Transcription:[+] Transcription:[-]

1. Zer da Kyudoa?
Kyudoa arte martziala da, esan dezakegu guda teknika bat dela. Gaur egunean, zentzurik ez dauka, zentzu praktikorik ez dauka, baina nolabait teknika hori gu pertsona bezala hobetzeko erabiltzen dugu.

2. Zenbat modalitate ditu?
Modalitate… Hiru modalitate daude gutxi gorabehera. Bat izango zen gurea, zutik egiten duguna, leku itxi batean. Gero, beste modalitate bat dago heki, belauneko egiten dena. Eta bestea zaldiz egiten dena, yabusame. Gehien egiten dena hemen Europan da guk egiten duguna: zutik leku itxi batean.

3. Zer behar dugu kirol hau praktikatzeko?
Behar dena nolabait irmotasuna izango zen, esango genuke, nolabait, iraunkortasuna: bide luze bat da, ez da erraza, ez da bi egunetan hartzen. Teknika berezi xamarra da eta arkua oso sinplea da, ez da arku olinpikoa bezala, ez ditu erreferentziak, da arku oso garbia, esan dezakegu, eta erreferentzia guztiak gorputzak egin behar ditugu (ditu), hartu behar ditugu. Orduan, gorputzak lan asko dauka. Hori da nolabait kyudoak eskatzen duena, ezta? Kontzentrazioa, arauak, arau zehatz batzuk oso ondo segitzea,

4. Emakumezkoen eta gizonezkoen artean, badago desberdintasunik?
Ez dago desberdintasunik, dena batera egiten dugu. Praktika batera egiten da, ez dago berezitasunik emakumea delako, beste distantzia jartzea edo beste mota edo beste teknikarik ez dago, denek berdin-berdin egiten dute. Eta lehiaketatan ere berdin, ez dago emakumeentzako (emakumeentzat) lehiaketa eta gizonezkoentzako (gizonezkoentzat) lehiaketa, denek batera lehiatzen dute.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Jan 24, 2019
Number: 37178203
Dialect:
  • Batua
Duration: 00:03:17
Number of visits: 696