Aldizkari Digitala

Lolo Rico: kazetaria, idazlea eta gidoilaria

Maria Dolores (Lolo) Rico Oliver, kazetari, idazle eta gidoilari gisa zen ezaguna. Espainiako irrati eta telebista publikoan haurrentzako saio berritzaileak zuzendu zituen, umeen heldutasuna aintzat hartuz.

Maria Dolores Rico Oliver (Madril, 1935), bere lanbidean Lolo Rico gisara ezaguna, espainiar kazetari, idazle, telebistako errealizadore eta gidoilaria izan zen. Haurrentzako ipuinak idatzi zituen, Espainiako irrati eta telebista publikoan (RNE eta TVE) kazetari-lanetan ibili zen garaian. Bi komunikabide horietan bazen nor haurrentzako programen sorkuntzan. 70eko hamarkadan RNErako Dola, Dola, tira la bola saioa sortu eta zuzendu zuen. Irratsaio horrekin Ondas saria irabazi zuen, 1977an. Hamarkada berean La Casa del Reloj (1971-1974) eta Un globo, dos globos, tres globos (1974-1979) telebista-saio ezagunen gidoilari aritu zen.


80ko hamarkadan telebista-zuzendaritzara egin zuen jauzi: garaitsu hartan gizasemeak zeuden ia saio guztien zuzendaritzan. 1981-1983an La cometa blanca programan zuzendari aritu zen, baina bat nabarmentzekotan La bola de cristal (1984-1988) nabarmendu behar da, arrakasta handikoa bai haurren artean, baina baita nerabe eta helduen artean ere. TVEk berak TVEko Los gozos y las sombras, Turno de oficio, Verano azul, Historias para no dormir eta Anillos de oro bezalako saio mitikoen parekotzat dauka La bola de cristal.


Haurrentzako saio berritzaileak
La bola de cristalek, haurrentzako eta nerabeentzako saioa bazen ere, ez zeuzkan horrelako saioek izaten zituzten umekeriak: horixe zuen bere ezaugarririk aipagarriena. Alegia, gazteak pertsona heldu gisara hartzen zituen. Hausnarketa bultzatzen zuen umorearen bidez, eta musika osagai oso garrantzizkoa zen. Frankismoaren ondorengo kultura-mugimendu madrildarra ere islatzen zuen, adibidez, Maria Olvido Gara (Alaska) aurkezlearen bidez.


Irrati-telebistan aritzeaz aparte, liburuak ere argitaratu zituen. Aipatzekoak, hauexek adibidez: Cómo hacer que tus hijos lean: análisis y recetas, Si tu hijo te pide un libro y TV, fábrica de mentiras: la manipulación de nuestros hijos. Etxeko lanen antolaketa eta dekorazioari buruzko liburuak ere idatzi zituen.


Euskal Herriarekin lotura
Lolo Ricok haurtzaro-nerabezaroko udarik gehienak Donostian eman zituen, eta, 2006. urtetik, bertan bizi zen. Gidoilariak beti izan zuen lotura Euskal Herriarekin. Alderdi Komunistan militatu zuen hainbat etapatan, eta Euskal Herriko egoera politikoarekin ere kezka agertu zuen. Hala, Lasa eta Zabalaren auziko epaiketan, haien senideak jaso zituen Madrilgo etxean; 1997an, HBren mahai nazionalaren aurkako epaiketan aditu gisa parte hartu eta Euskal Herriarentzat elkarrizketa aldarrikatu zuen; Madrilgo Foroko kidea izan zen; eta, ezker abertzalea legez kanporatu zutenean, Aukera Guztiak plataformarekin kolaboratu zuen. Bilbon presoen eskubideen alde egindako manifestazioei ere atxikimendua eman zion behin baino gehiagotan.


Santiago Alba finantzariarekin ezkondu zen Lolo Rico, 23 urte zituela. Elkarrekin zazpi seme-alaba izan eta gero banandu egin ziren. Haren ondorengo batzuek politikarekiko kezka erakutsi dute; Santiago Alba Rico filosofoa da semeetako bat —Podemosen Espainiako Senaturako zerrendetan joan zen, 2015eko hauteskundeetan—. Ricoren biloben artean, halaber, Nagua Alba dago —Podemosen diputatua Espainiako Kongresuan, 2016tik—. Ricoren idazle eta gidoilari alderdiari heldu dionik ere izan da, esaterako, Isabel Alba Rico, alaba.


Lolo Rico 2019ko urtarrilaren 20an, San Sebastian Egunean, hil zen bihotz-biriketako geldialdi baten ondorioz, Donostian. 83 urte zituen. Askoren ustez, haren lanak belaunaldi oso bat markatu du.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Jan 22, 2019
Number: 37019829
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 811