Aldizkari Digitala

Familia ugariak lehen eta orain

Gaur egun ez da erraza garai bateko sei-zazpi senideko familiak aurkitzea, baina egon, badaude. Haietako asko Hirukide elkartean biltzen dira.

Sei, zazpi, zortzi, bederatzi, hamar, hamaika edo hamabi neba-arrebako familiak izatea ez zen hain arraroa lehen. Guztiak baserrian bizi ziren; helduenek gazteenak zaintzen zituzten; batzuk moja edo apaiz joaten ziren, etxean elikatzeko aho bat gutxiago izateko; eta soroan edo animaliekin lan egin behar zenean, bazegoen nahikoa esku laguntzeko prest.
Gaur egun, ia pentsaezina da hainbeste seme-alabako familiak irudikatzea, baina egon badaude. Euskal Autonomia Erkidegoan 24.786 dira familia ugariak, eta horien artean ohikoena hiru seme-alabez osatutakoak: 17.322, hain zuzen ere. Lau seme-alabarekin 892; bostekin 432; seirekin 102; zazpirekin 24; zortzirekin 12; bederatzirekin 2 eta hamarrekin 3 familia. Horiek dira 2017ko datuak. “Bi seme-alaba izan eta batek desgaitasuna badu, hori ere familia ugaria da”, esan digu Ibai Arberasek. Ibaik Hirukiden egiten du lan, Euskadiko Kide Ugariko Familien Elkarteen Federazioan eta Gasteizen duten bulegoan elkartu gara berarekin.

Bilakaera
Familia handi horien kopurua asko txikitu da eta joera horri eusten dio. Ibairen ustez, horren arrazoiak bi dira: “Batetik, gure bizitzako prozesu guztiak atzeratu egin ditugu. Izan ere, gero eta beranduago amaitzen ditugu ikasketak, beranduago hasten gara lanean, eta bizitza independentea egitea ere beranduago lortzen dugu. Beraz, seme-alabak izateko denbora-tartea txikiagoa da. Bestalde, bizitzaren filosofia ere aldatu egin dugu, eta, orain, ez diogu goiz ezkondu eta seme-alabak izateari lehentasunik ematen; mundua ezagutu nahi dugu, ez dugu beti bikotekiderik izaten... Faktore horiek ere badute zerikusia”.

Lehen, familia tradizionalak ziren nagusi: aita, ama eta seme-alabek osatutako familiak ziren gehienak. Eta orain, berriz, badira beste zenbait familia-eredu ere: seme-alabarik gabeko familiak, guraso bakarrekoak, seme-alaba bakarrekoak… Gizartea asko aldatu da.

Hirukideren lana
Arestian aipatutako ia 25.000 familia horietatik 8.000tik gora dira Hirukideko bazkideak: “Gure lana familia ugarien ikuspuntua esparru publikoan eta pribatuan zabaltzea da. Adibidez, ibilgailuen zergan familia ugarientzat hobari fiskal bat egotea eskatzen dugu. Kide askotako familiak direnez, auto handia behar dute eta horretan lagundu nahi diegu”. Horrez gain, esparru pribatuan egiten den kontsumoa aipatu digu Ibaik, “janari edo arropa gehiago erosi behar dute eta merkatariek deskontuen bidez laguntzea nahi dugu”.

Horrelako kontuetan laguntzeaz gain, Hirukidekoek informazioa ere helarazten diete bazkideei: “Askok ez dakite zertarako balio duen familia ugarien txartelak edo horrekin zer egin dezaketen. Horretan ere laguntzen diegu”.

Senide-kopuruaren eragina gugan
Askotan entzun dugu pertsona bat seme edo alaba bakarra izateagatik berekoia dela edo mimatuta dagoela. Hiru seme-alabako familia ugarien kasuan, berriz, neba-arreba zaharrenak agindu egiten du, arduratsua izaten da; erdikoak bitartekari lanak egiten ditu; eta gazteenak bera iristerako bidea irekita izaten du, aurreko bien lanak erraztasunak eman dizkiolako. Baina badu eraginik neba-arreba kopuruak gure izaeran?

Ibairen ustez, familia bakoitza desberdina da eta, beraz, ezin dugu ezer orokorrik esan: “Familia ugarietan aukera handiagoa dago harreman pertsonala lantzeko, jende asko dagoelako inguruan eta esparru aproposa delako horretarako. Hala ere, argi dago hori onerako edo txarrerako izan daitekeela: istiluak sortzeko aukera gehiago ere sortuko zaizkie neba-arreba askoko senideei”.

Etorkizuna
Familia ugarien aldeko lana egiten du Hirukidek eta, bide horretan, eredurik edo helmugarik baduten galdetu diogu Ibairi. “Finlandia eta Suedia, adibidez, oso eredu onak dira kontziliazioari dagokionez”, esan digu. Horrez gain, etorkizunari buruz galdetu diogunean, gogoeta-une batean daudela esan digu: “Gizartea kontziliazioak kezkatzen du, eta horri buruz lehen baino gehiago hitz egiten dugu. Nire ustez, hori aurrerapauso bat da”.

Zenbat neba-arreba zarete? Horrek zerikusia izan du zure izaeran? Familia ugari asko ezagutzen dituzu? Zuk inoiz pentsatu duzu kontziliazioaren inguruan?
 

Transcription:[+] Transcription:[-]

1. Zer da Hirukide?
Bueno ba, Hirukide da familia ugarien elkartea. Hiru lurraldetan gaude presente: bai Araban, bai Gipuzkoan eta bai Bizkaian. Gaur egun, gutxi gorabehera 8.300 bazkide dira Hirukidekoak eta bueno, pixkanaka ari gara zenbaki horiek handitzen.
2. Familia-ereduak goitik behera aldatu dira…
Bueno, argi dago, eta gizarte guztiak daki seme-alaben kopurua behera joaten (ari) da, eta lehen, “familia eredu tradizionala”, kakotxen artean, zen aita, ama eta seme-alaba asko, ez? Eta, gaur egun, eredu hori bai mantentzen da, baina ikusten dugu ari dela aldatzen pixkanaka: badaude banandutako bikoteak, guraso bakarreko familiak, ez daukatenak seme-alabarik… Eta beraz, ikusten da aldaketa hori… Hori errealitate bat da eta gero eta seme-alaba gutxiago daude jaiotzen. Eta hori ez dugu baloratzen, baina hori gertatzen ari da, ez? Horregatik esaten duguna da beti, gizarteari esan... nahi duen seme-alabak izatea, izan dadila (ditzala), egoera apropos bat egotea hori gertatzeko, ez?
3. Zein dira familia ugaria izatearen desabantailak? Eta abantailak?
Bueno, desabantailak, gure ustetan, baita ere bi ikuspuntutan edo bi esparrutan, ez? Noski, ekonomikoki seme-alaba gehiago izateagatik, gastua handiagoa da ez? Eta halabeharrez, arazo ekonomikoak dituzten familiak baditugu eta asko dira. Eta beste aldetik, beste arazo bat da kontziliazio arloan: argi dago seme-alaba batekin ba beno bizitza ere zaila da,  birekin zailago, eta hirurekin edo gehiago(rekin) zailago, ze, klaro, pentsa... Ikastetxera ateratzen denean, bere bila, gero estraeskolarrak (eskolaz kanpoko jarduerak), eramatea larunbatean partidura edo edonora… Orduan, zailagoa da, zeren zaude egun guztian pendiente zure seme-alabez… Bakarrik bat, bi edo hiruz… Arazo hori areagotzen da, hori, nik uste biak dira (direla…)
Eta abantailak, abantailak asko dira ere: lehen komentatu duguna, harreman pertsonal horiek izatea; familiaren garrantzia…

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Jan 17, 2019
Number: 36653434
Dialect:
  • Batua
Duration: 00:03:25
Number of visits: 1066