Aldizkari Digitala

Raimundo Sarriegi bat bada zeruan

San Sebastian eguna aurki da. Jada entzuten dira danbor-hotsak entseguetan, Azpeitian, Donostian eta mundu-bazterreko hainbat Euskal Etxetan. Denetan joko dituzte Raimundo Sarriegiren doinuak.

Raimundo Sarriegi Etxeberria 1838an jaio zen, Donostian. Bi arreba izan zituen: Mª Pilar eta Aurea. Umetan haur kantari bihurtu zen, Santesteban kapera-maisuaren babesean. Ahotsa aldatu zitzaionean San Bizente elizako tenor izendatu zuten. 1840an abian jarritako Merkataritza Eskola Ofizialeko ikasle izan zen: musikak diru gutxi ematen zion. Baina ikasle-garai hartan konpartsa eta festa askotan esku hartu zuen. Izan ere, Santestebanek beti berari deitzen zion, abesteko norbait behar bazen. Adibidez, 1858an, Norteko Burdinbidearen inaugurazioan abestu zuen Sarriegik, euskaraz.


Ez dakigu zergatik, baina herrena zen Sarriegi, eta erretzailea. Baina ez zen tabernaz taberna ibiltzen. Txaranga eta elkarte filarmoniko bateko kide zen; pianoa jotzen zekien, eta gitarra ere bai. 1860-89 urteetan orfeoi-zuzendari aritu zen: Ume eder bat, Juana Bixenta Olabe eta abar abesten zuten. Konpartsa askoren partiturak ere sortu zituen, inauterian entzuten direnak: Lorezainak, Marinelak, Atsoen Zalditeria, Sardinaren Lur ematea, Inudeen Konpartsa… Dena den, ezagunena Donostiako martxa da, 1861an sortua, letrarik gabe.
1872an bigarren gerra karlista hasi eta giro guztia hondatu zen. Sarriegi liberala zen, baina karlisten txarangek ere jotzen zituzten haren piezak. 1877an Udal Solfeo Eskolako irakasle zen, merkataritza-lanak uzten zionean. Helduen orfeoia ere sortu zuen, eta zinegotzi ere izan zen.


Saririk gabeko letra-lehiaketa
1884an Donostiako martxarako letra-lehiaketa egin zen, eta saria hutsik geratu. Handik gutxira, Serafin Barojari olerki bat argitaratu zioten. Donostiar gutxi batzuk olerkia abesten hasi ziren Sarriegiren martxarekin: ez zuen arrakastarik izan Bagera poemak. Urte horretan bertan, bestalde, Plegaria para orquesta pieza sortu zuen Sarriegik, Gabonetan Andaluziako lurrikaran izandako biktimak omentzeko.
Lurrikarak baino gutxiago, baina bazterrak nahastu zituen beste gertaera bat Sarriegiren dimisioa izan zen: solfeo-irakasle kargua betiko utzi zuen 1885ean, azalpenik eman gabe. Dena dela, 1886an, Udal Bandako zuzendari egin zuten. Urte hartan sortu zen Merkataritza Artekarien Elkargoa: kredituak, maileguak… Horretan lan egin zuen Sarriegik, musika baztertu gabe ordea. Ordukoxeak dira Tatiago, Iriayerena, Polka


Eliteko musikariak Sarriegiren aurka
Gezurra badirudi ere, 1906an danborradaren aldekoak eta aurkakoak zeuden Donostian: udal politikak —bateko liberalak, besteko karlistak— ez zuen giroa lasaitzen. Santesteban kapera-maisua aspaldi hila zen, eta udalak omendu zuenean guztiz ahaztu ziren Sarriegiz. Bazen beste zerbait ere. Jose Luis Ansorena txistulariak azaltzen du bere Raimundo Sarriegi Etxeberria, musikari donostiarra (Alberdania, 2004) liburuan: “Sarriegik, bada, bizi zen artean elite musikalaren kritikak jasan behar izan zituen: musika errazegia eta sinpleegia egitea leporatzen zioten. Maisuak, dena den, ia eguneroko harremana zeukan konpartsa-antolatzaileekin, eta, aurkako iritziei kasurik egin gabe, musika egiten jarraitu zuen, herritarren joerak eta gustuak ipar zituela”.

1913an, alargundu eta bost urtera, hil zen Sarriegi, seme-alabarik gabe. Hiletan Donostiako Orfeoiak abestu zuen eta herri-elkarteek haga-erdira jaitsi zituzten banderak.


Donostiako martxa eta Bagera bat eginda
San Sebastian egunean abesten den Bagera olerkiak Donostiako inauteriak iragartzen ditu, Kaldereroen jaien antzera. Letra aspalditxo dago zizelkaturik, eskultura gisara, Sarriegi plazan, Donostiako Alde Zaharrean. Horra:
Bagera...!
gu (e)re bai,
gu beti pozez,
beti alai!
Sebastian bat bada zeruan,
Donosti(a) bat bakarra munduan:
(h)ura da santua,
(e)ta (h)au da (h)erria,
(h)orra zer dan gure Donostia!
Irutxuloko, Gaztelupeko
Joxemaritar za(ha)r eta gazte,
Joxemaritar za(ha)r eta gazte
kalerik kale danborra joaz
umore ona zabaltzen hor dijoaz:
Joxemari!
Gaurtandik gerora penak txokora:
Festara! Dantzara!
Donostiarrei oi(h)u egitera gatoz,
pozaldiz!
Inauteriak datoz!
Bagera...!:
gu (e)re bai,
gu beti pozez;
beti alai! (bis)


Donostiako martxaren konpasean eta danbor-hotsekin hasiko da festa San Sebastian bezperan. Batera etorriko dira Azpeitia eta Donostia osoa eta munduan zehar dauden hainbat Euskal Etxeren txanda. Has dadila, beraz, festa: “Bagera, gu ere bai, gu beti pozez, beti alai!”

 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Jan 16, 2019
Number: 36584054
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 673