Aldizkari Digitala

Bali, turismoaren gainetik

Bali turistikoa da, izan ere, oso zaila da hango paraje ederreko uharte batera joateko proposamenari ezetz esatea.

Bali turistikoa omen da. Jakina!: jendea ez da tontoa. Proposamen bat egin dizute: paraje ederreko uharte batera joatea -—hango arroz-soroak, lakuak, sumendiak...-—  Bertakoek, ordea, beraien erlijio-erritoekin jarraitzen dute, komertzializatu gabe. Jendeak tenpluetan bere eskaintzak egiten ditu, beti bezalaxe, sustraiak galdu gabe alegia, nahiz eta turismo-inbasioa izan. Uharteko hondartzak zoragarriak dira, surferako bikainak. Eta uhartea txikia ez denez, baina handia ere ez, motorrean zeharka dezakezu. Lo-tokiak, berriz, era guztietakoak dituzu: badira luxuzkoak baina baita merkeak ere. Janaria goxoa da, frutak zaporetsuak… Nola esango diozu ezetz uhartea ikusteko proposamenari?

Bali bitxia da erlijioa dela-eta. Indonesia da munduan musulman gehien duen herrialdea: 260 milioi. Eta Indonesiaren erdi-erdian dago Bali, hinduista. Erlijio hori Indiakoaren ahaidea da, baina Balikoak baditu bertako hainbat ezaugarri. 4 milioi hinduista dira, eta inguruan musulman-ozeanoa.


Besakih tenpluan erlijio-festa hindua.

Balitarrek tenpluetan uzten dituzte beren eskaintzak, egunero, edozein ordutan: lore-girnaldak, arroz pixka bat, frutaren bat edo beste… Horixe uzten diete aurrean jainko hinduistei. Hinduismoak jainko asko ditu; erlijio politeisten artean, hinduismoa da jarraitzaile gehien duena; politeismoak jainko asko ditu, monoteismoak bakarra.

Erlijio-festetan, errito bereziak egiten dituzte tenpluetan. Tenplu guztiek dute bere festa, eta irlan hainbeste tenplu daudenez, egunero bada erlijio-festaren bat nonbait; ez da zaila baten batekin topo egitea eta ikustea. Eta, jakina, erlijio-festa guztietan bezala, bisitariak errespetuz jokatu behar du. Balitarrak oso abegikorrak dira, ongietorri egiten diete turistei; baina galtza motzetan doazen gizonek edo emakumeek, gona luze moduko bat jantzi beharko dute: tenplu-atarian ematen diete. Tenplu batzuetan, berriz, sarrera debekatuta dago hilekoa duten emakumeentzat: berdin dio bertakoak ala kanpotarrak izan.


Laku-ertz batean, Ulun Danu tenplua.

Festarik ikusgarrienak Besakih tenplukoak dira, Agung sumendiaren magalean. Festa nagusia hiru astez behin ospatzen dute. Egun horretan, milaka gizon-emakume balitar apain-apain joaten dira hainbat kapelatara euren ofrendak jainkoei eskaintzera. Denek batera egiten dute otoitz: esertzen dira guztiak lurrean eta esku-ahurrak juntatzen dituzte buru gainean. Oso zirraragarria da. Eta zein fededunak diren! Badirudi ez dagoela ateorik Balin, guztiak direla hinduista.

Badira, nabarmen, hiru tenplu polit askoak. Ulu Watu itsaslabar baten gainean dago, Ulun Danu uhartetxo batean, Bratan lakuan, eta Tanah Lot uharte batean; uharte horretatik kostaraino oinez joan daiteke marea behera dagoenean. Hirurak dira paraje ederrak; argazkilaritza digitala sortu aurretik, argazki-karrete guztiak gastatuko zenituen hara joanez gero.

Bali oso emankorra da: landaredia ugari, fruta tropikal asko eta lore oso ikusgarriak. Baina Baliren berezitasun bat aipatu behar bada, arroz-terrazak dira; uharte guztian daude, baina Jatiluwih-ekoak benetan bikainak dira. Urtaro guztietan egoten dira polit-politak, baita marroi kolorea dutenean ere, uzta jaso berritan. Baina arroza ernetzen denean, eta inguru guztiak  kolore berde bizia hartzen duenean, a ze oparia begientzat!!


Baliren erdian dago Jatiluwinh; arroz-terrazak.

Bali uharte bolkanikoa da. Sumendi nagusiak Agung eta Batur dira. Agung (3.142 m) altuagoa da Batur baino, baina azken horrek laku benetan polita du behean. Sumendiak esna daudenez, noizean behin sustoak ematen dituzte. Adibidez, 2017an eta 2018an Agungek: bi aldi horietan, Agung magalean bizi ziren herritarrak atera egin zituzten handik, eta gainera, aireportua itxi behar izan zutenez, milaka turista geratu ziren blokeatuta. Zorionez inor ez zen hil, ez batean ez bestean. Zerikusirik ez 1963ko erupzio beldurgarriarekin, orduan 1.600 lagun hil ziren-eta.


Nusa Dua hondartza.

Meka-modukoa da Kuta hondartza surflarientzat. Baina bikote ezkonberriek nahiago dute Nusa Dua hondartza ezkonbidaiarako: hotelik luxuzkoenak dituzte bertan. Eta handik gertu, Gilli uharteetan, apalago ibili nahi duten turistak dabiltza. Hiru dira uharte horiek: Trawangan, Air eta Meno. Trawanganen festak egiten dituzte ilargi betea dagoenean; jende guztia hondartzan egunsentira arte! Air-en ez dabil hainbeste jende, eta paseo bat emanez, oinez ordu-pare batean zeharka daiteke. Jenderik gutxien Menon dago: lasaiena da. Baina dena dela, argi eduki Gilli uharteak ez direla garai bateko jende gabeko paradisu. Esan dugu hasieran: tontoa jendea?: baita zera ere!

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Jan 14, 2019
Number: 36414538
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 1082