Aldizkari Digitala

Joseba Usabiaga, aktorea eta Gure Zirkuko kidea

"Zirkuko emanaldi onenak helduenak direla konturatu gara"

Joseba Usabiaga (Tolosa, 1981) aktorea Tximista pertsonaiaren azalean egin zen ezagun ETB1eko Goenkale telesailean; Pikadero eta Handia filmetan pantaila handian eta alfonbra gorrian ikusi dugu; hainbat antzezlanetan hartu du parte, eta Gure Zirkuan ari da gaur egun, Don Martin aurkezlearen paperean. Iker Galartza aktorearen ekimenez sortu dute lehenengo euskal zirku ibiltaria, eta 2018ko ekainean birarekin hasi zirenetik, herriz herri bete dute karpa jendez. Donostian jarritako karpan elkartu ginen Josebarekin, udari amaiera emateko bertan egingo baitzituzten azkeneko emanaldiak.
1. Antzerkian, zineman ala telebistan, non aritzen zara gusturago?
Bakoitzak ditu bere alde onak eta txarrak. Gure zirkua aurrez aurrekoa da, antzerkia, eta oso gustura nabil, jendearen erantzuna berehalakoa delako. Zinema ere oso polita da, pantaila handi batean gure lana ikustea ederra baita, eta telebistak ere baditu alde onak. Zein dudan nahiago? Ezin dut bat aukeratu, hirurak ditut gustuko.
2. Zuena da lehenengo euskal zirku ibiltaria. Amets bat bete duzue?
Bai, Iker Galartzaren ametsa izan da beti, baina bizitzak ez zion ametsa betetzen uzten eta, azkenean, 40 urterekin, “orain edo inoiz ez” esan zuen. Ikerrek zirkua pasioz bizi du. Niri ere gustatzen zait, baina ez berari bezainbeste. Eta aurrera egin zuen, aurrera egin genuen.


“Gure Zirkua Iker Galartzaren ametsa izan da beti, eta azkenean bete du”, kontatu digu Josebak.

3. Nolakoa da herri batera iritsi, karpa muntatu eta emanaldi bat hasi aurreko momentua?
Hemen, Donostian, zorionez hilabetez egongo gara eta ondo gaude, baina ekainetik hona iritsi arte astero-astero aldatu dugu herriz. Ostegunetik igandera egin ditugu emanaldiak, eta astelehenetik asteazkenera herri aldaketa eta muntaketa. Iker, ni eta beste hiru pertsona aritzen gara horretan. Gogorra izaten da, hamalau orduko lanegunak izaten baitira, goizeko 08:00etan hasi eta gaueko 10:00etan bukatu arte: karpa altxa, harmailak muntatu, argiztapena, soinua, atzeko oihalak… Dena geuk egiten dugu eta, horren ondoren, sei edo zazpi emanaldi izaten ditugu, ostegunetik igandera bitartean.
4. Tolosan, Amezketan, Aian, Zumaian, Plentzian, Mungian, Ordizian, Lekeition, Donostian… Espero zenuten horrelako arrakasta?
Ez dakit jendea horren zain zegoen ala ez, baina arrakasta hau ez genuen espero! Bagenekien herri batzuetan funtziona zezakeela, batez ere oso herri euskaldunetan, baina ez hainbesterako izango zenik. Donostian 24 orduan 7.000 sarrera saldu genituen eta beste sei emanaldi egitea erabaki genuen. Hori ere ez genuen espero. Ondo joango zela pentsatzen genuen, itxaropena bageneukan, baina hain ondo ez, hain ondo ez genuen espero.


Gure Zirkua 10-12 euskal artistak osatzen dute.

5. Zirkuak mundu osoan daude eta zirkuko artistak ere bai. Diziplina hau zabalduta dago euskaldunon artean?
Bai, artistak beti egon dira, baina karpa ibiltaria orain arte ez. Gure Zirkuko artista guztiak euskaldunak dira, euskal hiztunak eta, tamalez, Bartzelonan, Parisen edo Italian ikasi behar izan dute diziplina hau. Harrobia badago, adibidez, Asvinenea elkartean (Aduna, Gipuzkoa), entrenatzeko pabiloi bat dago. Gure Zirkuan hasi ginenetik Ikerri hainbat eskakizun iritsi zaizkio, esan bezala, artista asko dagoelako Euskal Herrian. Hala ere, ez dugu guztientzat lekurik, orain 10-12 artista ari gara lanean, baina beste 20-25 egongo dira, gutxienez.
6. Haurren artean ilusioa banatzeko aukera bikaina da zirkua, baina helduak ere etortzen dira… Zerk betetzen zaitu gehien?
Hasieran uste genuen ez zela helduentzat izango, edo ez genekien nola hartuko zuten, baina orain konturatu gara emanaldi onenak helduenak direla. Ez dakigu zergatik, baina 21:30eko saioetara ez dira haur asko etortzen, eta oso emanaldi onak izaten dira. Heldu askok esaten digute lotsatuta hasten direla eta pixkanaka askatzen direla, barnealdean duten umea ateratzen dutela…
7. Ekainetik urrira bitarte izan duzuen arrakasta ikusita, jarraitzeko asmoa duzue?
Jarraituko dugu, baina ez dakigu noiz. Oraingoan egin dugun bezala, hurrengoan ere lauzpabost hilabeteko bira egitea da gure ideia. Herri askotatik deitu badigute ere, oraindik ez dugu aukeratu non egin, baina aukeraketa hori ere egingo dugu.

Transcription:[+] Transcription:[-]

1. Telebistan, zineman eta antzerkian ikusi zaitugu… Euskal aktoreen lanbidea nolakoa da?
Ahalik eta gehien ukitu behar dugu, ahalik eta esparru gehien: antzerkia, telebista, zinema ahal bada… Izan ere, hemen ez dira oso proiektu luzeak izaten eskuartean edukitzen ditugunak, orduan, proiektu bat bukatu eta beste bat hasten dugu ahal den tokian: edo antzerkian, telebistan edo zineman.
2. Nola eman zenion hasiera euskal zirkuaren abenturari?
Batez ere ni, aspalditik, Iker Galartzarekin, Gure Zirkua aurrera eraman zuen pertsonarekin, jada aurretik lan asko egindakoa naiz: herri berdinekoak gara, tolosarrak; eskola berdinekoak; txikitan elkar(rekin) hasi ginen antzerkian, nahiz eta bera ni baino helduxeagoa izan, eta pixkanaka herriz herri aritu ginen ia ia 20 urte clown-a egiten, Poxpolo, Mokolo eta konpainiarekin, eta gero, berari okurritu (bururatu) zitzaion Gure Zirkua proiektua egitea, eta ni ia ia inertziaz edo nahi gabe edo, horixe, berarekin hasi nintzen.
3. Alde handia dago aktore lanak egitetik zirkuan aritzera?
Aktore aktore bezala ez, zeren bueno, guk hemen egiten duguna, bueno, jada aurretik egiten genituen emanaldiak plazan, aretoetan eta abar. Aktore aktore bezala ez, baina bai bizimodu bezala. Gu(k) aktore bezala ohituta geunden gure lana egin eta etxera joatera deskantsatzera. Hemen ikusten duzu, gaua hemen pasatu dut kamioian lo, zeren zaintza ere egin behar da karparena, garbitu egin behar da eta hemen ia ia 24 ordu dira. Eta nik lau hilabete badaramatzat etxean baino, askoz gehiago hemen lo egiten. Beraz, aktore bezala ez zait ezer aldatu, baina bizimodu bezala bai.
4. Zein da zure lana Gure Zirkuan?
Ez zait asko aldatu, zeren orain nik hemen egiten dudana, lehen, eta Ikerrek ere bai, hogei urte daramagu hau egiten. Ikerren pertsonajea (pertsonaia) Poxpolok hogeita piko urte dauzka, eta, nireak, Don Martin, pixka bat dela “maestro de ceremonias” (aurkezlea), pixka bat aurkezle eta pailazoekin esketxak egiten dituenak ere, bada pertsonaje (pertsonaia) horrek ere hogei urte dauzka. Niretzat aktore bezala ez da lanketa eta zorrotza izan, eta gutxi gorabehera hemen egiten duguna horixe da: zirkuko diziplinen artean, trantsizio bezala, esketxak egin, aurkezpenak…

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Jan 10, 2019
Number: 36151665
Dialect:
  • Gipuzkera
  • Batua
Duration: 00:03:14
Number of visits: 533