Aldizkari Digitala

Pasa dezakezu egun bat telefono mugikorrik gabe?

1983an, telefono mugikorraren lehen modeloa atera zenetik etengabe garatzen eta hobetzen joan da, eta gaur egun ia ezinezkoa egiten zaigu mugikorrik gabe bizitzea.

Telefono mugikorrik gabeko bizitza ezinezkoa iruditzen bazaigu ere, ez da hain asmakizun zaharra: lehenengoa 1973. urtean sortu zen, eta Motorola konpainiako Martin Cooper exekutiboa izan zen sortzailea. Hala ere, lehenengo modeloa 1983an diseinatu zutenetik, etengabe garatu eta aldatu da sakelakoa.

 

Mugikorrik gabe etxetik ateratzeko beldurra izateari nomofobia deitzen zaio.

Teknologia berriek eguneroko zereginei aurre egiteko erraztasunak ematen dizkigute, baina laguntza hori tresna bat baino zerbait gehiago izatera iritsi daiteke. “Beste beso bat bezalakoa da; denbora guztian behar dugu”, esan digu Maddi Caballero 20 urteko gazteak. Tresna bat baino gehiago da Maddi bezalako gazteentzat, askori beldurra ematen baitie, adibidez, telefonorik gabe etxetik ateratzeak. Izu edo ezin horrek badu izena: nomofobia.

Beldur irrazionala
2011. urtean Erresuma Batuan ikerketa bat egin zuten eta telefonorik gabe etxetik ateratzeak, sakelakoan bateriarik gabe geratzeak edo estaldurarik ez izateak antsietatea sortzen zien ala ez galdetu zieten hainbat herritarri. Galdetegia erantzun zutenen artean, erdiek baino gehiagok zuten nomofobia (no-mobile-phone phobia), hau da, telefonorik gabe geratzeko beldurra.
“Gaur egun, lagun-talde bat elkartzen denean, askotan egoten da bakoitza bere telefonoarekin. Elkarrekin daudenean ere behin baino gehiagotan hitz egiten dute Whatsappez”, esan digu Mariaje Barandiaranek. Berak 60 urte ditu eta, horregatik, mugikorra eduki aurretik zer egiten zuten galdetu diogu: “Geratzen ginenean, etortzen zena etortzen zen; bestela, aurkitu egiten gintuen. Egoera izugarri aldatu da orain”.

Erabilera
Albisteak irakurtzeko, sare sozialak kudeatzeko, eguraldiaren berri izateko, argazkiak ateratzeko, Whatsapp bidez hitz egiteko, entzuten ari garen musika identifikatzeko, leku batetik bestera joateko, hots egiteko, iratzargailu gisa erabiltzeko, zer ordu den jakiteko, jolasteko… Milaka eta milaka aukera eskaintzen dizkigu telefonoak, eta horiek gabe askotan ez genuke zer egin jakingo.

Mariaje Barandiaranek, Asier Rodriguezek eta Maddi Caballerok mugikorra zenbat erabiltzen duten kontatu digute.

“Lagunekin eta neska-lagunarekin hitz egiteko erabiltzen dut, baita Instagrami begiratzeko ere”, kontatu digu Asier Rodriguez 24 urteko gazteak. Berak esan digunez, duela gutxi metroan bateriarik gabe geratu zitzaion telefonoa eta horrek lasaitu egin zuen: “Nire ustez, aspertzeko tartea ere hartu behar dugu, ezin dugu une oro konektatuta egon”.
Nola aurre egin
Mendekotasunari aurre egiteko, hainbat neurri har daitezkeela irakurri dugu: ordutegi bat zehaztu eta ez erabili telefonoa mugarik gabe 24 orduz; otorduetan ez utzi mugikorra mahai gainean; aplikazio-kopurua kontrolatu; mezu bakarra bidali hogei bidali beharrean; noizean behin, ‘hegazkin modua’ erabili…
Gure protagonistek esan digute molda daitezkeela egun bat telefonorik gabe, baina Maddik uste du gauza asko galduko dituela hori eginez gero: “Moldatuko nintzateke, baina agian ez nintzen gauza askorekin jabetuko: saskibaloiko entrenatzailea naiz eta Whatsappez komunikatzen gara beti. Ziur umeren bat ez zela etorriko edo bileraren bat izango genuela, eta ni ohartu gabe”.

Gauza askotarako erabiltzen dugu sakelakoa: egutegia begiratzeko, sare sozialak kudeatzeko…

Asierrek eta Mariajek, berriz, ez dute sakelakoa etxean ahaztuta uzteko beldurrik. “Inongo arazorik gabe, nirekin hitz egin nahi duenak badaki non nagoen eta etxera edo lanera hots eginda aurkituko naute”, kontatu digu Mariajek.
Eta zu, mugikorrik gabe etxetik ateratzeko gai zara ala antsietatea sortzen dizu egoera horrek? Horrelakorik ez gertatzeko, neurriren bat hartzen duzu? Zertarako erabiltzen duzu telefonoa?
 

Transcription:[+] Transcription:[-]

1.  Zein da zure mugikorra?
MADDI CABALLERO GARCIA: Daukat telefono bat orain dela urte eta piko, ez da oso berria: osea, 100 euro baino gutxiago balio daben (duen) mobil bat da.
ASIER RODRIGUEZ: Eee…Po… Mugikorraren marka ez dakit. LG uste dut, eta daukat hiru hilabetetik, bai, gutxi gorabehera. Bestea jauzi zitzaidan eta apurtu zen.
MARIAJE BARANDIARAN: Buf, nik mugikorra duela… Ez da hainbeste denbora daukadala, eta neukan zahar bat. Eta duela bi urte eta erdi oparitu zidaten bat orain Whatsappa eta dena daukadana. Baina ordura arte ni ibiltzen nintzen zahar batekin, hain zuzen ere, deiak jasotzeko eta justu-justu sms-ren bat edo bidaltzeko, besterik ez.

2.  Askotan erabiltzen duzu? Zertarako?
MADDI CABALLERO GARCIA: Bastante (nahikoa) begitzen dot (begiratzen dut) egunean zehar. Zeren daukat mania jada begitu (begiratu), ez dakit zertarako eta igual ordua begituteko (begiratzeko) eta ez dot begitzen (dut begiratzen) ezer bez (ere ez). Mania hori, edukitzea mobila (mugikorra) gainean, gehienbat Whatsappa erabiltzeko, komunikatzeko, zeren oso ohituta gaude Whatsappetik komunikatzea denetarako. Nik uste bastante (nahiko) engantxatua (katigatua) nagoela horregatik, oso barneratuta daukadalako horrekin komunikatu behar naizela (dudala). 
ASIER RODRIGUEZ: Klasean normalean ez dut erabiltzen, eta erabiltzen dut nire lagunekin hitz egiteko, nire neska-lagunarekin hitz egiteko eta Instagramerako ere bai erabiltzen dut.
MARIAJE BARANDIARAN: Egia esan, lanean ari naizenean ez dut ia batere begiratzen. Zeren eta bueno, laneko kontuak eta posta eletronikoz bidaltzen didatelako… Eta orduan, norbaitek nirekin hitz egin nahi baldin badu, deituko dit telefonoz. Beraz, lanean gutxi, gero asteburukaeratan (asteburuetan) igual gehixeago baina gutxi ere, zeren egia esan nik Whatsappa eta horrelako gauzak ez ditut asko erabiltzen.

3.  Mendekotasun handia dugu?
MADDI CABALLERO GARCIA: Bai, uste dut menpekotasun nahiko handia eta grabea (larria) daukagula, zeren jo, ez dakit, oso… Da gure beste beso bat bezala: bai komunikatzeko, edo bai erreminta klaserako gauzak egiteko… Eta horrek egiten du denbora guztian behar izatea. Ez gara kapaz (gai)… Elkarrizketa batzuk ere galdu egiten ditugu mobilagatik (mugikorragatik).
ASIER RODRIGUEZ: Mobila (sakelakoa) ez baduzu, edo ez baduzu smartphone bat, zer egingo dut mobila (mugikorrik) gabe? Norekin hitz egiten dut? Uste dut utzi behar dugula mobila (mugikorra) alde batera, eta gehiago hitz egin jendearekin, gehiago irakurri eta ere aspertu egin behar garela gehiago.
MARIAJE BARANDIARAN: Bai, bai, izugarrizko menpekotasuna. Nik uste gaur egun ezin dugula itxaron bueno ez dakit, ordu erdi bat, ordubete gauzak egiteko; behar dugu bat-batekotasuna, oraintxe. Oraintxe bururatzen zaigu, oraintxe egin behar dugu. Eta orduan, horrek egiten duena da izugarrizko menpekotasuna izatea eta komunikazioa ere kuriosoa da, zeren komunikazioaren aldetik ere hor dago. Lehen telefonoz hitz egiten baldin bagenuen, gaur egun dena komunikazioa izaten da idatziz eta askoz ere inpertsonalagoa, dudarik gabe.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Dec 13, 2018
Number: 34232379
Dialect:
  • Bizkaiera
  • Batua
Duration: 03:37
Number of visits: 3033