Aldizkari Digitala

Guggenheim: Van Goghetik Picassora. Thannhauser legatua

“Inpresionistek, une batean behartutako paisaiak eta argitasuna gauzatu zituzten oihalean”.

Maurice Sérullaz

“Van Goghetik Picassora” erakusketa, Justin K. Thannhauser arte-merkatariaren legatua da. Justinen aitak, Heinrich Thannhauserrek, 1909. urtean artista berrientzako “Moderne Galerie” izeneko aretoa ireki zuen Munichen. Inpresionistak, postinpresionistak, Kandinsky edo Picasso, esaterako, izan ziren lehenak galeria hartan beraien lanak erakusten. Justin Thannhauserrek, urte batzuk geroago, aretoaren egoitza Berlinera aldatu zuen.
Thannhauserren familiak ez zuen Alemanian denbora luzez iraun. 1937. urtean, nazien jarduera gero eta bortitzagoa zela ikusita, Parisera joan zen bizitzera, artelan guztiak beraiekin batera eramanez. Artelan hauek, Justin Tannhauserrek 1965ean New Yorkeko Guggenheim museoari egindako dohaintza dira.

Vincent van Gogh. Saint-Rémyko mendiak (Montagnes à Saint-Rémy), Saint-Rémy-de-Provence, 1889.

Bilbon ikusgai dauden berrogeita hamar margolan hauetako gehienak inpresionisten eskolakoak dira. XIX. mendearen bukaeran, Édouard Manet, Camille Pissarro, Paul Cézanne, Auguste Renoir eta Claude Monet, beraien garaiko artegintza berritzen saiatu ziren eta lengoaia tradizionalaren aldeko artistekin talka egin zuten. Monetek eta bere lagunek, adibidez, etxe barruko estudioak alde batera utzi, eta mendira edo kanpora atera ziren paisaiak margotzera.
Moneten “Inpression, soleil levant” (Inpresioa, eguzki atera berria) koadroa izan zen iskanbilaren lehen aitzakia. Artelan hori, errealismoaren aldekoentzat, itxura edo inpresio hutsa zen eta antzeko irudia adierazteko, “inpresionismo” hitza asmatu zuten.

Fisikariek, argitasunari buruzko ikerketetan, argia kolore ezberdinen batuketa edo nahasketa bezala definitu zuten.
Postinpresionistek, batez ere Signac-ek eta Seuratek, zientzialarien ikuspuntu hau erabat onartuz, beraien margolanak puntu txikiekin (puntillismoa) gauzatzen hasi ziren. Josera puntillista edo dibisionista hau ez zuten inpresionista guztiek ontzat eman.

 


Pablo Picasso. Emakume ilehoria (Femme aux cheveux jaunes), 1931. 

Paul Cézanne, Van Gogh eta Gauguin, esate baterako, inpresionismoaren bidetik abiatu arren, berehala pasatu ziren forma geometrikoak, kolore indartsuak edo pintzelkada handiak erabiltzera. Claude Monetek, Édouard Manetek eta Edgar Degasek ez zuten postinpresionismoaren bidea landu nahi izan eta inpresionismoaren hasierako helburuak lantzen jarraitu zuten. Beraientzat, aire librean margotzea, argiaren bibrazioak edo argi-tonuak pintzelkada arinen bidez oihalean gauzatzea zen garrantzitsuena.

Guggenheim museoko erakusketa honetan, inpresionisten eta postinpresionisten artelanekin batera, Picassoren 22 koadro ikusteko aukera daukagu. Megan Fontanella, erakusketaren komisarioak, areto oso bat eratu du Picassok 1913. urtean Thannhauserren Municheko galerian erakutsitako margolanekin. 

Erakusketa hau 2019ko martxoaren 24a arte egongo da ikusgai Bilboko Guggenheim Bilbao museoan.
Informazio gehiago, helbide honetan.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Dec 10, 2018
Number: 33993990
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 631