Aldizkari Digitala

Lazkaoko Beneditarren Fundazioa: Euskal Herriko artxiboa

Juan Jose Agirre fraide beneditarrak jarri zuen proiektua martxan 70eko hamarkadan, eta bertan Euskal Herriko ondare dokumental garrantzitsuena dago bilduta.

Miren Barandiaran Lazkaoko Beneditarren Fundazioko Dokumentazio Guneko arduraduna da. Bertan, Euskal Herriko ondare dokumental garrantzitsuena dago bilduta: 8.000 liburu baino gehiago; 100 bilduma dokumentaletik gora; hainbat pertsona eta erakundek emandako artxiboak; 30.000 kartel eta 35.000 pegatina baino gehiago… “Hemen dagoenarekin eta jasotako errekonozimenduarekin gustura egon gaitezke”, aitortu digu Mirenek. Juan Jose Agirre fraide beneditarrak jarri zuen proiektua martxan 70eko hamarkadan, eta berari buruz ere hitz egin dugu Mirenekin Lazkaon fundazioak duen egoitzan.

Beneditarren Fundazioan 30.000 kartel baino gehiago dituzte.

1. Noiz ezagutu zenuen Lazkaoko Beneditarren Fundazioa? Zein da zure lana?

Ikertzaile nintzenean ezagutu nuen, Lazkaoko Beneditarren Biblioteka zenean, fundazio izan aurretik. Gerra aurreko aldizkariak kontsultatzera etortzen nintzen. Ondoren, artxibo ikasketak egin nituen, eta materiala antolatzeko jendea behar zutenez, gauza bat bestearen atzetik etorri zen… Gaur egun, fundazioan egiten dut lan: material-bilketaren gestioa egiten dut, materiala eskatu, etortzen denarekin zer egin erabaki, jasoko ez dugunarekin zer egin erabaki, materiala antolatu, deskribapena, ikertzaileak artatu, kudeaketa-lanak, aurrekontuak... Fundazioaren idazkaria ere banaiz.

2. Juan Jose Agirre beneditarrak 70eko hamarkadan hartu zuen Lazkaoko Beneditarren Monasterioko Bibliotekaren ardura eta ordutik lan handia egin du… Nolakoa izan zen hasiera hura?
70eko hamarkada baino urte batzuk lehenago, beneditarren kolegioa itxi egin zuten: beneditar gehienak irakasleak ziren, eta euren artean ardura berriak banatu behar izan zituzten. Ardura horietako bat liburutegia zen eta Juan Jose Agirreri egokitu zitzaion horixe. Berak liburuei buruz ezer gutxi zekienez, Montserrateko (Katalunia) beneditarren abadiara joan zen, bertan liburutegi garrantzitsua baitaukate. Hiru urtez bibliotekonomia ikasi zuen eta ikasitakoa praktikan jartzera hona etorri zen.

Juan Jose Agirre hasi zen ordura arte garrantzirik ez zuten gauzak biltzen, pegatinak, esate baterako.
Bi ildo jorratu zituen, batez ere: alde batetik, monasterioko biblioteka antolatu eta katalogatzea, eta bestetik, Euskal Herriarekin erlazionatutako materiala biltzen hasi zen, artxibo handi bat sortzeko helburuarekin. Horretarako, ikasle ohiekin sare bat osatu zuen, berari materiala ekartzeko.

3. Euskal Herriarekin erlazionatutako funtsekin sortutako artxibo bat osatzea erabaki zuen Juan Jose Agirrek. Zergatik? Gabezia bat zegoela uste duzu?
Montserraten Kataluniari buruz argitaratzen zen materiala jasotzen zutela ikusi zuen: bertan edo erbestean argitaratzen zena. Oso ideia ona iruditu zitzaion eta Euskal Herrian gauza bera egitea pentsatu zuen. Gainera, 70eko hamarkadaren hasieran, Francoren diktadura zegoen eta hainbat material ezkutukoak ziren. Materiala inork gordetzen ez bazuen desagertu egingo zela pentsatu zuen Juan Josek, eta horixe egitea erabaki zuen. Horretaz gain, garrantzirik ez zutela  uste zutelako gordetzen ez ziren hainbat gauza gordetzea erabaki zuen: kartelak, lurreko panfletoak, pegatinak… Ikuspegi horretatik Euskal Herriko artxiboa osatzen hasi zen.

4. Nolakoa izan da urte hauetan guztietan egindako lana? Zein zailtasun topatu dituzue bidean? Eta noren laguntza?
Juan Josek lan handia egin du. Beneditarren babesean nahi zuena egiten utzi diote, baina bakarrik aritu zen. Gainera, dirurik gabe: apalak behar bazituen liburutegiren batera deitzen zuen edo lagunen bati eskatzen zizkion… Nik beti esaten dut Euskal Herrian ez dela inor egongo Agirrek adina birziklatu duenik. Eta ez hori bakarrik, bildutako materiala kendu eta kartzelara eramango zutela ere pentsatu izan du…
Ondoren, laguntza ere izan du: Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Lazkaoko udalak, hainbat enpresak eta Goierriko udalek diru-laguntzak ematen dizkigute gaur egun. Batez ere materiala biltzen jaso dugun laguntza azpimarratuko nuke: hasieran bere ikasle izandakoek eta ezagunek osatu zuten sarea, eta gaur egun ere boluntarioekin jarraitzen dugu. Talde horretan, Angel Gaintza aipatu nahi dut bereziki, Euskodok elkartekoa, 1980tik biltzen du materiala guretzat, eta bera da gure sarearen burua.

5. Helburuak bete dituzue?
Agirre bereziki pozik egoteko moduan dago, osatu duen artxiboagatik eta apustu handia egin zuelako debekatutako materiala biltzen. Horretaz gain, inork biltzen ez zuen materiala gordetzen hasi zen, eta gaur egun leku askotan gordetzen dute, askok Juan Joseren adibideari jarraituta. Erreferentzia garelako gustura gaude, baita ikertzaile asko etortzen direlako ere.

“Hemerotekan dauden aldizkari txikiak eta zaharrak gustatzen zaizkit”, esan digu Mirenek.

6. Hainbeste gauzen artean, zein da zure kuttuna?
Bakarra esatea ezinezkoa da. Beste lekuetan gorde ez direnak eta momentu batean debekatuta egon direnak dira niretzat kuttunenak. Juan Joseri galdetzen badiozu, esango dizu, 1976an Espainiako Erreforma politikorako erreferendumerako atera zen propaganda, aldekoa eta kontrakoa, adibidez. Zergatik? Badakigulako bilduma txiki horretan dagoen materialaren % 100 ez dagoela beste inon. Nik? Antzeko zerbait. Niri gustatzen zaizkit hemerotekan dauden aldizkari txikiak, aldizkari zaharrak, formatu txikikoak, zenbaki gutxikoak, inork ezagutzen ez dituenak eta beste inon ez daudenak.

7. Ikertzaileak etortzen dira? Nongoak?
Ikertzaile asko etorri dira beti: espezializatuak dira, gehienak bertakoak, baina atzerritarrak ere asko etortzen dira. Kanpokoa da % 25 gutxi gorabehera. Duela urte pare bat ETAren inguruko tesia egiten ari zen txiletarra etorri zen, alemaniarrak, frantsesak, tarteka etortzen den irlandarra
 

Transcription:[+] Transcription:[-]

1. Lazkaoko Beneditarren Fundazioa dokumentazio gune bat da. Zer da dokumentazio gune bat?

Dokumentazio gunea da, dokumentazioa dagoen leku bat, informazioa dagoen leku bat, euskarri eta mota orotarikoa. Izan ere, guk hemen daukaguna da alde batetik, biblioteka, liburuak eta aldizkariak; dauzkagu bildumak, bildumak batzuk antolatuta euskarriaren arabera, adibidez, kartel-bilduma, pegatina-bilduma, horrelakoak, eta beste batzuk gaiaren araberakoak. Esate baterako, trantsizio garaiko alderdien bildumak, hauteskunde propagandarekin egindako bilduma eta horrelakoak… Eta gero dauzkagu artxiboak: dohaintzan jasotakoak, batzuk pertsonalak eta beste batzuk erakundeen artxiboak. Zein da honen helburua? Dokumentazio gunearen helburua? Helburua da, alde batetik, materiala bildu; ondo gorde, etorkizunera begira ondo kontserba dadin; gero, hori dena antolatu eta deskribatu; eta azkenik, eta batez ere, hori dena ikertzaileen esku jartzea edo gizartearen esku jartzea. 

2. Gaur egun dena digitala da. Zer garrantzi dauka horrelako artxibo batek?

Gu material digitala ere jasotzen hasi gara, ezin gara atzean geratu. Baina paperezkoa ere bai, eta guk paperari garrantzia ematen diogu, batez ere material mota bati dagokionez. Adibidez, niri eskainiko balidate kartel bat, eta esango balidate aukeratu beharra dudala euskarri bakar bat, edo digitala edo papera, nik papera aukeratuko nuke, papera aukeratuko nuke azkenean kartel hori paperean ateratzen delako, originala papera delako, eta horregatik. Gero nik eskatuko diot digital bat edo aterako dut nik kopia digitala, baina originala papera baldin bada, nik papera nahi dut.

3. Erreferentziazko dokumentazio gune bilakatu zarete, zergatik?

Erreferentzia gara, batez ere Euskal Herriko historia sozio-politikoa ikertzeko. 1960-70etik gaur egunera arte. Zergatik? Bueno ba beste lekuetan gorde ez den materiala gorde dugulako, batez ere material politikoa. Eta zerk harritzen ditu gehien? Bada ez dakit. Nik uste dut, adibidez, asko harritzen dira ikusten dutenean gorde ditugula bere garaian debekatuta egon diren gauzak edo orain dela gutxi arte debekatuta egon diren gauzak. Hori asko gustatzen zaie ikustea, eskuetan hartzea eta ikustea.

4. Bisita gidatuak ere antolatu dituzue, jende asko etorri da?

Tarteka antolatzen ditugu bisita gidatuak, azkenetara jende asko etorri zen… Eta errepikatu egin behar izan genituen. Eta bueno, zer azaltzen dugun? Azaltzen dugu pixka bat hemen daukaguna: erakutsi instalazioak, erakutsi, materiala pixka bat atera… Gustatzen zaie, jendeari zerbait exotikoa edo iruditzen zaio, ez daude ohituta horrelakoak ikustera eta orduan, nik uste dut oso gustura ateratzen direla bisitetatik.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Nov 30, 2018
Number: 33339277
Dialect:
  • Batua
Duration: 03:37
Number of visits: 227