Aldizkari Digitala

Lantokira eramaten dugun jaki-ontzian zer sartzen dugu?

Nola bazkaltzen du jendeak? Batzuek lanetik atera, etxera joan eta bertan bazkaltzen dute. Beste batzuek eguneko menua jaten dute jatetxean. Badaude pintxo batekin nahikoa dutela diotenak, eta baita lantokian etxetik eramandakoa jaten dutenak ere. Guk horiexek izango ditugu mintzagai.

Goizean lanera joan eta tuperrean ekarritakoa hozkailuan gorde, eguerdiko tartean mikrouhin-labean berotu eta sabela horrekin bete. Agian, ordu-erdiko atsedena edo, akaso, ordubetekoa izango dugu, bazkaria irentsi eta berriro ere lanera itzultzeko: lekaleak, barazkiak, haragia, arraina… Nola jakin zer komeni zaigun eramatea?

Gaur egun, presaka bizi gara, alde batetik bestera, eta ez dugu lehen adinako tarterik hartzen otorduak prestatzeko. “Sukaldean aritzea ez da gure lehentasuna, eta inprobisaziora eramaten gaitu horrek”, kontatu digu Eider Mora Telleria nutrizionista eta erizainak.

Eiderren kontsultan jende askok jateko pauta berriak ikasten ditu.

Gomendioak
Ez da erraza kristalezko edo plastikozko ontziaren barruan zer eramango dugun aukeratzea, dieta orekatua izatea nahi baitugu eta prestatzen ahalik eta denbora gutxiena igaro. “Ase utziko gaituena eramatea gomendatzen dut, ez dugu jan eta gutxira gose izan behar; eta ez du astunegia izan behar, lanean jarraitu behar baitugu. Tuper desberdinak ekarri behar ditugu, aspergarria izan ez dadin”.

Osakidetzak, esaterako, irudi bat argitaratu berri du, eta jan beharko genukeenaren proportzioak agertzen dira bertan: plateraren erdia barazkiak dira; laurdena zerealak eta beste laurdena, proteinak. “Proportzio horiek errespetatzea garrantzitsua da eta, horrekin batera, baita ura edatea ere”.

Osakidetzak proportzioen platera argitaratu du, zer jan beharko genukeen argi izateko.

Abantailak
Jaki-ontziarekin lanean bazkaltzeak hainbat abantaila ditu. Adibidez, kantitateari dagokionez, eramaten duguna jango dugu, ez gehiago, ez gutxiago: “Tuperraren tamainak egokia izan behar du, eta errazioak nahikoa izan behar du norberarentzat. Garrantzitsua da ondoren goserik ez izatea, bestela tentazioak edukiko ditugu eta ziurrenik azukredun produktuak, aurrez prestatutakoak edo komeni ez zaizkigunak jango ditugu”.

Horrez gain, dirua aipatu digu Eiderrek: “Etxetik prestatuta eramanda, dirua aurreztuko dugu. Egunero etxetik kanpo bazkaltzea ez baita merkea”. Azkenik, tuperrak ongi jaten laguntzen duela uste du, “janaria eta denbora errespetatzen laguntzen du. Osasungarria izan daiteke”.

Dieta perfektua
Egunez egun zer jan erabakitzeko, “planifikazioa” aipatu digu nutrizionistak, baina oso argi du dieta perfektua ez dela existitzen: “Denok huts egiten dugu noizbait. Egiten dugun kirolaren arabera, gure bizimoduaren arabera… gauzak aldatu daitezke. Nire ustez, eguerdiko jaki-ontziko otorduaz gain, gosariari, askariari edo afariari ere erreparatu behar diogu; izan ere, batean jaten duguna bestean jaten dugunarekin konpentsatu behar dugu. Oreka bilatu behar dugu”.

Jaki-ontzian eramaten dugunak ez du oso astuna izan behar, ezta oso arina ere.

Ondorioz, egun osoko elikadura da garrantzitsua, eguerdiko horrekin batera osatuko duguna, eta, Eiderrek behin eta berriz aipatu digun bezala, “planifikazioa” da gakoa, zer jango dugun aurreikustea.

Eta zuk, zer eta non bazkaltzen duzu astean zehar? Jaki-ontzirik prestatzen duzu? Zeren arabera erabakitzen duzu zer eraman? Zure tuperrak tamaina egokia duela uste duzu?
 

Transcription:[+] Transcription:[-]

1. Gaur egun, jendeak ez du lehen adina denbora pasatzen janaria prestatzen. Nabaritzen da?

Lehen, emakumea etxean gelditzen zen, orduan denbora zegoen supermerkatura joateko, sukaldatzeko (janaria prestatzeko)… Gaur egun, gizonak eta emakumeak kanpo(an) egiten dugu lan, orduan, denbora aurkitzea supermerkatura joateko eta janaria prestatzeko, gure prioritateetan (lehentasunetan) azkeneko lekuan jartzen dugu eta  horrek gero, ondorioak dakar(tza): osasun ondorioak… Inprobisazio horrek egiten digu, gauza ez egokiak sartzera (inprobisazioak egokiak ez diren gauzak hartzera eramaten gaitu).

2. Zein izan da urteetako bilakaera?
Nik uste okerrera joan dela zeren jendeak ez du aurkitzen denbora sukaldatzeko (janaria prestatzeko), eta ez dio garrantzia ematen osasunari. Hori, makina batean sanwich bat hartuta edo jan gabe egonda ere, ez zaio garrantzia ematen eta gero igual etxera iristen direnean, egun osoa lanean egonda, hor jada gosearekin eta hor hasten da jada desordena. Orduan, kontuan eduki behar da, lehen denbora asko hartzen zen janariakin, sukaldatu (janaria prestatu) egiten zen, planifikazio bat zegoen… Orain denok goaz korrika eta presaka, eta azkenean, osasunean eta elikaduran bere ondorioak ditu.

3. Jende askok lantokian bazkaltzen du etxetik tuperra eramanda. Etxean bezain osasuntsu eta ongi bazkaldu daiteke?
Tuperra jatean, azken finean, etxeko janaria eramaten baldin bada, berdina da, ez? Esan dudan bezala, planifikazio bat egonez gero, oso erraza da eramaten. Azkenean, produktu osasungarriak eta nutritiboagoak jaten ditugu etxean prestatutako janariarekin, eta zer esanik ez, askoz merkeago. Azkenean, tuperra asteko menu bat eginda ederki jan genezake eta proportzioak errespetatuz elikadura orekatu bat eraman dezakegu.

4. Tuperrean jaten dugunari erreparatzen diogu?
Nik uste dut planifikatzen duen jendeak, normalean, errespetatzen du hori: zeren denbora ematen dio horri, gauean prestatzen du hurrengo eguneko platera. Orduan, azkenean jende horrek elikadura orekatu bat eramateko erraztasun gehiago dauka inprobisatzen duenak baino. Hala ere, tuper bat eramateak ez du bermatzen eguneroko elikadura osasungarria izango den edo ez. Ikusi egin behar da beste otorduetan nola jaten den.

 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Nov 22, 2018
Number: 32805115
Dialect:
  • Batua
Duration: 03:14
Number of visits: 536