Aldizkari Digitala

Zer animalia dago desagertzeko zorian?

Munduan 25.800 animalia eta landare-espezie omen daude desagertzeko zorian. Horixe jakinarazi du Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Erakundeak (UICNk) urtero argitaratzen duen zerrendan.

 2018an, 1.800 izen gehitu dizkiote gero eta handiagoa den multzoari: koalak eta itsaso-zalditxoak, besteak beste.
Animalia bat desagertzeko zorian egoteko, ugaltzeko moduan dauden 1.000 abere baino gutxiago egon behar dutela dio FAOk (Nazio Batuen Erakundeko Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak). 1996. urtean, euskal pottokaren egoera oso larria zen, desagertzeko arriskuan baitzegoen, “ia ez zen pottokarik ikusten Euskal Herriko larreetan”, azaldu digu Aitor Iraetak. Bera Gipuzkoako Pottokazaleen elkarteko lehendakaria da, eta animalia honen egoerari buruz hitz egiteko elkartu gara berarekin. Hori bakarrik ez, Zaldibian dituen pottoka batzuk gertutik ikusteko aukera ere izan dugu.


Desagertzeko arrazoiak
Gizakia da animalia bat desagertzeko arrazoi nagusia, eta ugariak dira kalte hori eragiten duten arrazoiak:  azpiegiturak eraikitzea (etxeak, zubiak, lantegiak…), ehiza eta arrantza, animalien trafikoa, kutsadura, suteak…
Pottoken kasuan, berriz, arrazoia izan da pottokak ez direla erabiltzen. Lehen, garraio lanetarako erabiltzen zituzten, pertsonak edo objektuak leku batetik bestera eramateko. Industrializazioaren ondoren, ordea, makinak agertu ziren, eta pottokak ordezkatu zituzten,ez baitzuten behar garraiorako.

Gaur egun, pottokak hipikarako eta gainean ibiltzeko erabiltzen dira.

Irtenbidea
Askotan egoerari konponbidea bilatzen saiatzen gara, baina beranduegi izan aurretik hartu behar dira erabakiak: birpopulatzea edo habitat bat berreskuratzea ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula.
Pottoken kasura itzulita, 1998an pottoka-arraza berreskuratzeko eta sustatzeko Gipuzkoako Pottokazale Elkartea sortu zuten, eta Euskadikoa, berriz, 2004. urtean: “Argi geneukan Euskal Herri mailan egin beharreko lana zela. Horregatik, Arabako, Bizkaiko eta Nafarroako elkarteekin harremanetan gaude. Izan ere, uste dugu garrantzitsua dela norabide berean arraun egitea”. Gaur egun, Euskal Herrian 90 bazkide inguru dituzte elkarte hauek eta 1.000 abere biltzen dituzte guztien artean.
Desagertzeko arrazoia erabilerarik ez izatea zenez, elkarteen bidez pottokari erabilera berriak bilatzea izan da helburua. Une honetan, bi helburu ditu: larreak garbi mantentzea eta hipika. Batetik, belarra jan eta larreak edo lorategiak garbi edukitzeko erabiltzen dituzte. Eta bestetik,  gainean ibiltzeko, paseorako, eta jendearekin hainbat terapia egiteko. “Oraindik galtzeko arriskuan dago, baina elkartean merkatu berriak topatzen, sustatzen, ezagutzera ematen, irtenbide ekonomikoak bilatzen… saiatzen gara. Pottoka noizbait galtzeko zorian ez egoteko, gure lana garrantzitsua da”, azaldu digu Aitorrek.


Pottokak egun, desagertzeko arriskuan jarraitzen du.

Hainbat kasu
Hartz polarra, mendiko gorila, marrazo zuria, errinozero zuria, elefantea, atungorria, Amoyko tigrea, Arabiako leopardoa, lehoi afrikarra edo hartz panda, guztiak galtzeko arriskuan daude. Baina ez da hain urrun joan behar, gertuago ere baditugu kasuak: behi betizua, euskal oiloak, Enkarterrietako astoa, behi terreña, sasi-ardia… Mordoxka bat dira.
Animalien errekuperazio-prozesua luzea izaten da eta pottokena aspaldi hasi bazen ere, oraindik ere ugaltzeko moduan daudenak 1.000 pottoka baino gutxiago dira: “Bide onetik goaz, baina bidea luzea da, eta egunero egin behar dugun bidea da”.
Ezagutzen zenuen pottokaren kasua? Aipatutakoez gain, desagertzeko zorian dagoen zer animalia ezagutzen duzu? Zure ustez, zein da egoera horretara iristeko arrazoi nagusia? Eta zer egingo zenuke berreskuratzeko?

 

Transcription:[+] Transcription:[-]

1. Nolako animalia da pottoka eta lehen zertarako erabiltzen zen?
Zaldi guztiak bezala, erabiltzen zen lanerako: bai garraiorako, bai pertsonen garraiorako edo gauzen garraiorako. Eta klaro (noski) industriaro (industrializazio) aurretik, leku guztietan zegoen.  Esan beharra dago behin industriarotik (industrializaziotik) eta garraio, makinak sartu ziatenetio (zirenetik), ia lana galdu zuen, esan genezake langabezian geratu zela eta bueno, horrek eragin zuen jendeak hazkuntza horretara ez jarraitzea eta bueno, kopurua jaisten joan zen eta ailegatu zen momentu kritiko bat, oso-oso ale gutxi geratzen zirela Euskal Herrian.

2. 1996. urtean pottoka desagertzeko zorian egon zen, zein zen egoera?
FAOk (Nazio Batuen Erakundeko Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak) eta badauzkate jarrita zenbaki batzuk eta, 1.000 ale ugalkorrak edo ugaltzeko moduko 1.000 animalia baino gutxiago daudenean, esaten da galtzeko zorian dagoela arraza bat. Garai hartan, pottoka oso-oso urria zen eta egia esateko, oso zaila zen pottoka bat ikustea Euskal Herrian.

3. Zergatik iritsi zen horretara?
Azkenean erabilerarik ez izateak ekarri zuen… Azkenean, baserri munduan gauza guztiek rentabilidadea (errentagarritasuna) eduki behar dute, bizimodua atera beharra daukazu, oso bukolikoa da, baina azkenean nonbaitetik bizi behar zara (duzu). Horri rentabilidadea (errentagarritasuna) ateratzea izan zen, jende askok erabaki zuen kanpoko zaldiak, horrela haragi askoko  produkzioko animaliak, pertxeroiak eta belgak eta ekarri, eta haiekin gurutzatu, gero lanerako animalia izan beharrean, haragia izateko azkenean, harategitara destinatzeko, nahiz eta Euskal Herrian oso gutxi jaten den edo ez daukagun ohiturarik jateko. Eta, bueno, horrek ekarri zuen, orain mendian gehienbat ikusten ditugun zaldi hauek egotea, gorputz handiagokoak eta haragi gehiagorekin, baina klaro (noski) horrek ekarri zuen baita pottoka purua bezala desagertzea, ekarri zuen beste animalia mota bat sortzea, jada ez dena pottoka.

4. Orain zein da pottokaren egoera?
Pottoka momentuz galtzeko arriskuan dago eta beste urte batzuetan ere horrela jarraituko du. Azkenean, desagertzera eraman zuten baldintza guztiak (guztiek) eta eragin guztiak (guztiek) bertan jarraitzen dute. Eta nahiz eta guk lana egin eta saiatu merkatu berriak bilatzen, irteerak bilatzen, ekonomikoak, promozioa egiten eta jendeari ezagutarazten zer den pottoka eta zergatik egon behar duen gure artean, desagertzeko arriskuan dago. Azkenean, animalia bat ez da desagertzen bere lekua daukanean mundu honetan, eta nik uste dut pottokak oraindio (oraindik) ez duela bere lekua bilatu.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Nov 16, 2018
Number: 32352459
Dialect:
  • Gipuzkera
  • Batua
Duration: 03;50
Number of visits: 697