Aldizkari Digitala

Hannah Arendt: espiritu kritikoa zuen intelektuala

XXI. mendearen hasiera honetan eskuin muturrak eta jarrera xenofobo-arrazistak hartzen ari diren indarra ikusita, berriro irakurri beharreko pentsalaria da Hannah Arendt. Alemanian jaio eta Estatu Batuetan hil zen pentsalari judutar hau, giltzarria da boterea eta totalitarismoa ezagutzeko. "Gaizkiaren hutsalkeria" kontzeptua garatu zuen, eztabaida askoren iturri izan zena. 2012. urtean berari buruzko filma zabaldu zen arrakasta handiz.

Kant irakurria gaztetxo zela

Hannah Arendt 1906ko urriaren 14an jaio zen, Linden herrian (Alemania). Judu sekularizatuak ziren gurasoak: Paul Arendt eta Martha Cohn. Bi urte zituela, familia Prusiara joan zen bizitzera, Königsberg hirira. Intelektual giro batean hazi zen, eta mutilen baldintza berberak izan zituen hezkuntzari dagokionez. Neskatxak gaitasun intelektual bikaina garatu zuen oso gaztetandik: Kant irakurria zuen 14 urte betetzerako. Ez zen oso konformista eta esanekoa: lizeoa bukatu baino lehen bota egin zuten. 17 urte zituen orduan, eta Berlinera joan zen bizitzera. Eta hala, bere kasa ikasiz gainditu zuen, Königsberg-era itzulita, unibertsitatean sartzeko azterketa.

Gaztetako argazkia (Iturria: Wikipedia)
1924. urtean Manburgoko unibertsitatea aukeratu zuen ikasketak hasteko. Bere irakasle batekin maitemindu zen; ezkonduta zegoen eta guraso zen 35 urteko Martin Heidegger filosofoarekin. Harremana ezkutuan gorde behar izateaz nazkatuta, beste unibertsitate batera joan zen, Friburgora, eta handik Heidelberg-era: hor lortu zuen doktoretza, 1928an. Tesiaren izena: Maitasunaren kontzeptua San Agustinengan. 1929an, Berlinen jarri zen bizitzen, lehendabiziko senarra izango zuen Günter Stern-ekin.
Garaitsu hartan filosofo eta pentsalari asko ezagutu zituen eta bere pentsamoldea taxutzen lagundu zioten. Hala, gai politikoak hasi zen jorratzen, besteak beste, juduen egoera 30eko hamarkadan Alemanian, edo emakumearen egoera gizartean. Azken gai horretan aldendu egin zen feminismotik.
Lanbidez, berriz, kazetaria zen. Hannah Arendtek ez zeukan bere burua judu praktikatzailetzat, baina argi zeukan juduei lagundu nahi ziela. Horrela, 1932an, Alemaniatik nazismoaren beldur ihesi zebiltzan juduen babesleku bihurtu zen bere etxea. Eta horrexegatik, hain zuzen ere, hartu zuen preso Gestapok, 1933an. Urte hartan utzi zuen jaioterria, goibeldurik; izan ere, alde batera utzi zituen hainbat lagun eta intelektual prest zeuden nazionalsozialismoak ezarritako jarraibideei segitzeko. Parisa heldu zenean senarra zain zeukan, lehenagotik alde egina. Parisen ere  jarraitu zuen Europatik ihes egin nahi zuten juduei laguntzen, eta Frantziako zenbait elkarte sionistekin ere aritu zen lanean.
1937an  banandu egin ziren Hannah eta Günter. Urte berean alemaniar nazionalitatea kendu zioten, eta 10 urtetik gora egin zuen aberrigabe-egoeran. 1940an, Heinrich Blücher-ekin ezkondu zen. Frantzia alemaniarrak kanporatzen hasi zenez, bidaia luze eta zail baten ondoren, 1941eko udaberrian, New Yorkera heldu ziren senar-emazteak, Hannahren amarekin batera.

Hannah Arendten irakasle ospetsu batzuk (Iturria: Wikipedia)

New Yorken, bizitza berri bati ekiteko, kazetaritzan sartu zen buru-belarri. Aldizkari judutar batean idazten zuen eta ikertzen aritu zen Juduen Harremanen Konfederazioan.
1951n eman zuen argitara Totalitarismoaren jatorriak liburua; bertan, luze eta zabal ikertzen ditu nazionalsozialismoa eta estalinismoa. Urte horretan estatubatuar bihurtu zen, nazionalitatea lortuta.

Jendea sutan Hannah Arendtekin

Hamarkada bat geroago urakan baten erdi-erdian sartu zen, 1961ean. Adolf Eichmann nazia epaitzen ari ziren Jerusalemen, eta The New Yorker-eko berriemaile joatea eskatu zuen. Juduen holokaustoaren arduradun garrantzitsuenetako bat izan zen Adolf Eichmann Bigarren Mundu Gerran. Epaiketaren kronika idazteaz gain Eichmann Jerusalemen liburua idatzi zuen. Bertan "Gaizkiaren hutsalkeria" kontzeptua agertu zen; hau da, Eichmann ez zen monstruo odolzalea, baizik eta bere ekintzen ondorioez axolarik ez zuen pertsona eta, hau, oso gaitz zabaldua zen eta da. Gainera juduen komunitateko buruen otzantasuna nazien aurrean nabarmendu zuen, herkideak heriotzarako hautatzen parte izan baitziren. Naziari buruzko ikuspegi horrek haserre bizian jarri zuen jende asko, eta Arendtek eta bere idatziek kritika latzak jaso zituzten. Dena den, jarraitu zuen idazle- eta kazetari-lanetan eta sari asko lortu zituen AEBn eta baita ez oso aspaldi bizkar eman zion Alemanian ere. 1959an irakasle hasi zen Princetongo unibertsitatean: bera izan zen unibertsitate hartako lehen irakasle andrazkoa. 1963an, jada katedradun, Chicagoko unibertsitatean hasi zen irakasle.
Bere lan intelektual oparoa bihotzeko batek geldiarazi zuen 1974an; halere, berak berdintsu segitu zuen lanean. Baina beste bihotzeko bat izan zuen, eta 1975eko abenduaren 4an hil zen.

Bernd Schwabe in Hannover [CC BY-SA 3.0)], Wikimedia Commons

Hannah Arendten liburu ezagunaren euskarazko argitalpena

 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Nov 14, 2018
Number: 32309834
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 914