Aldizkari Digitala

Escape room-a: nola ihes egin gela itxi batetik

Escape room-a aisialdirako ekintza bat da, eta Japonian sortu zen 2007. urtean, ihes-joko birtualak bizitza errealera pasatzea erabaki zutenean. Orduz geroztik, mundu osoan egin dira ezagun eta, pixkanaka-pixkanaka, iritsi dira gure artera ere.

Escape roomari euskaraz ihes-gela deituko genioke, eta abenturazko joko fisikoa eta mentala da. Jende-multzo bat gela batean giltzapetu eta, emandako denbora amaitu aurretik, bertatik ateratzea lortu behar dute. Horretarako, igarkizunak, asmakizunak, pasahitzak, buruhausteak, zenbakidun giltzarrapoak… gainditu beharko dituzte. Ihes-gelak girotuta egoten dira: espazio-ontziak, etxe sorginduak, hiltzaile baten gordelekuak, bunker militarrak eta beste hainbat egoera izan daitezke protagonistak.
“Logika erabili behar da, eta erronka batzuk gainditu behar dira gelatik irtetea lortzeko”, esan digu Maite Redondok, Elizondoko Baztan escape roomeko arduradunak. Berari esker, aisialdiko ekintza hau bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dugu.

Maite Redondok hainbat ihes-gelatan hartu zuen parte Baztangoa ireki aurretik.

Partaideak eta Basajauna
Bi eta sei lagun arteko taldeak izaten dira parte hartzen dutenak: “Leku bakoitzak bere arauak ditu, baina kopuruak horrelakoak izaten dira normalean. Gurera etortzeko, zortzi urtetik aitzin izan behar dute, gazteagoek ezin baitute parte hartu”.
Hainbat escape room egin zituen Maitek, berea martxan jarri aurretik: “Lehenbizikoa lagunekin Iruñean egin ondoren, Elizondon horrelako bat ireki nahi nuela erran nion senarrari. Erotu egin nintzela pentsatu zuen, baina gero gehiago egin nituen, eta beti gauza bera erraten nion. Azkenean, hemen gaude”. 2017ko ekainean ireki zituen ateak Baztan escape roomak.


Baztan escape room euskal mitologian girotuta dago.

Dolores Redondok Baztanen girotuta idatzitako eleberriei esker, turista-kopurua handitu egin da inguru horretan. “Turismoa erakartzea eta gai euskaldun bat hautatzea zen nire asmoa. Horregatik, Basajauni buruz egitea erabaki nuen, euskal mitologiako basoko zaindariari buruz, hain zuzen ere”, kontatu digu.

Ihes egitea lortzeko gakoa
Ordubeteko tartea izaten dute partaideek gelatik ihes egiteko, eta % 35ek lortzen dutela esan digu: “Zailena jokoa asmatzea izan da, eta, baita ere, ordubeteko tartean zenbat proba sartu erabakitzea. Agian, talde batek 40 minutuan irtetea lortzen du, eta bertze batek ordu eta laurdenean. Fite atera direnendako errazagoa izango da bertzeentzat baino. Subjektiboa da”.
Helburua lortzeko gakoa talde-jokoan dagoela azpimarratu digu: “Taldekoen arteko komunikazioa arras garrantzitsua da jokoaren garapenean, eta gakoa horixe da, nire ustez. Guztiok jakin behar dugu zer aurkitu duen kide batek edo zer egin duen bertzeak. Kohesioak ez du desagertu behar, bestela ez dugu gelatik irtetea lortuko”.


Helburua giltzapetutako gela batetik ateratzea da; denbora jakin batean eta hainbat enigma argituta.

Modan
Zuzenean biziko dugun esperientzia bat da, jendearekin partekatuko duguna, zirrarak eta adrenalina sortuko dizkiguna. Horregatik ari dira mundu osoan zabaltzen escape roomak. “Lehenengo aldian probatzera joaten gara, zer den ikustera, eta, ateratzea lortu edo ez, geure burua xaxatzen dugu: hurrengoan ateratzea lortuko dut, edo lehenago aterako naiz”, azaldu digu Maitek. Bera ere harrapatu du joko horrek, eta hamar ihes-gela inguru egin baditu ere gehiago egin nahi ditu: “Aktibitate merkea da, eta familiarekin, lagunekin, haurrekin, adinekoekin… egin dezakegu. Nik dauden guztiak egingo nituzke, zalantzarik gabe”.
Eta zuk, ezagutzen duzu ihes-gelarik? Parte hartu duzu? Zergatik uste duzu duela horrelako arrakasta mundu osoan?
 

Transcription:[+] Transcription:[-]

1.    Zer da escape room?
Orokorrean azaltzeko pixka bat, errango nuke joko bat dela: taldeetan jokatzen da eta talde bakoitza sartzen da gela batera, zerbaitean girotua dagoena, eta lortu behar duena da hortik ateratzen (ateratzea), ordu bat baino lehenago: logika erabiliz, bueno, erronka batzuk gaindituz.

2.    Noiz eta non sortu zen?
Japonetik heldu dela ikusi dut, 2007an uste dut sortu zela lehenbizikoa, eta hasieran ziren bakarrik enigma logikoak, eta gero jada, denborarekin, sartzen hasi dira tresna teknologikoak, kandaduak…

3.    Nork har dezake parte?
Taldetan jokatzen da erran dugun bezala eta bitik sei pertsonaraino. Azkenean, zortzi urtetik aitzin, beraz, hemen, escape room denak ez dira berdinak, bakoitzak dituzte (ditu) bere arauak. Hemen, gurean, zortzi urtetik aitzin jolasten ahal dute.

4.    Irtetea lortzeko, zein da gakoa?
Niretako (niretzat) ez dira pertsonen ezaugarriak, baizik eta taldekoak. Azkenean hori da, talde-jokoa da, eta jokoaren garapenean arras inportantea da komunikazioa. Eta nire ustez, hori da gakoa. Azkenean taldea, pues hori da, izan behar du bere komunikazioa eta denek jakin behar dute zer aurkitu duen horrek, eta zer egin duen bertzeak… Eta azkenean hori da: komunikazioa. Bat joaten bada bere kabuz, eta ez du bertzeekin solasten (solas egiten) eta, azkenean hori da, ez, kohesioa desagertzen da.

5.    Zergatik daude modan zure ustez?
Nik uste dut lehenbiziko aldia etortzen direna (den) jendea etortzen da probatzera edo jakiteko zer ote den hau. Eta gero, egin eta gero, jolastu eta gero, sartzen dela, lortzen baduzu gehiago, pikatzen zara! Ez baduzu lortu, nik egin behar dut bertze bat ea lortzen dudan! Edo ez baduzu lortzen, azkenean, dibertigarria da eta ez dakit, egiten ahal denez lagunekin, familiakoekin, haurrekin, adineko jendearekin, azkenean plana ezberdina da. Eta gero, merkea da! Egia erranez, azkenean ez da plan bat garestia
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Nov 8, 2018
Number: 31992579
Dialect:
  • Batua
  • Nafarrera
Duration: 03:24
Number of visits: 1719