Aldizkari Digitala

Alberto Giacomettiren atzera begirakoa Guggenheimen

"Giacometti ezerezaren eta izatearen erdibidean dagoen benetako artista existentzialista da".
J. P. Sartre

Alberto Giacometti (1901-1966), Suitzan jaio eta bertan hil zen. Eskultore, margolari eta marrazkilaria izan zen. Aitak, margolari inpresionista izanik, artegintzarako zaletasuna eragin zion semeari. Gaztetan Ginebrako arte eta lanbide eskolan hasi zen marrazketa ikasten. 1922an Parisen, Bourdelle eskultorearekin jarraitu zituen arte-ikasketak.

 

Alberto Giacometti. Egilea: Jan Hladík-2002

 

Frantziako hiriburuan berehala sartu zen abangoardia artistikoen munduan eta Miro, Rodin, Picasso, Max Ernst, Dali eta abarren lagun egin zen. Beckett, Sartre, Jean Genet, André Breton, Aragon ... idazleekin ere harreman sakonak izan zituen.

  

Bigarren mundu-gerra hasi zenean Ginebrara joan zen bizitzera eta handik Parisa itzultzean postkubismoa eta figurazio berriaren giroan murgildu zen. Frantzian, Asiako eta Afrikako artelanak ezagutzeko aukera izan zuen eta hori erabakigarria izan zen bere hizkuntza artistikoaren bilakaeran.

 

Montparnassen tailerra ireki zuen eta bertan hasi zen gaur egun ezagutzen ditugun eskaiolazko eta brontzezko figura mehe eta argalak lantzen. Figura hauek egiteko anaia eta emaztea hartu zituen eredu eta laguntzailetzat. Lantoki hura txikia izan arren, bertako sorkuntza giroa handia izan zen.


Alberto Giacomettik landu zituen eskulturak bere bidea aurkitu nahian dabilen pertsonaiaren sinbolo dira. Giza bakardadearen gaiak asko kezkatzen zuen eta irudi mehe, luze eta argal haien bidez gauzatu zituen bere obsesioak. Brontzezko "Emakume handia", "Gizona oinez" eta "Buru handia" figurak dira horren adibide. Giacomettik zioen espirituari perfekzio edo bikaintasun bat eskaintzen ez zioten gaiak ez zituela gauzatzen bere eskulturetan.

 

Alberto Giacometti
Gizona oinez (Homme qui marche I), 1960
Fondation Giacometti, Paris
© Succession Alberto Giacometti, VEGAP, Bilbao, 2018


Giacomettik Parisko Salon des Tuileries galerian egin zuen bakarkako lehen erakusketa. Bere obra grafiko eta eskulturen erakusketan laudorio asko jaso zituen. Bere artelanek arrakasta handia izan zuten nazioartean ere. 1956ko Veneziako Bienalean saritua izan zen. Frantzian bere ibilbide artistiko osoarengatik Arte Ederren Sari Nazionala jaso zuen. New Yorkeko Guggenheimek bere sari nagusia eman zion. Carnegie eskulturen saria ere eskuratu zuen eta, artista hil ondoren, Zurichen Fundazioa sortu zuten bere izenean.

 

 

Alberto Giacomettiren atzera begirako hau 2019ko otsailaren 24ra arte egongo da ikusgai Bilboko Guggenheim museoan.

Informazio gehiago, helbide honetan.
 

 

 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Nov 20, 2018
Number: 31974707
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 575