Aldizkari Digitala

Mikel Pagadi, umorista eta gidoigilea

"Herrialde bakoitzak kode propioak dituen arren, umorea unibertsala da"

Mikel Pagadizabal Amiano (Villabona (Gipuzkoa), 1974) umorista, gidoigile eta telebista-aurkezlea da, eta Euskal Telebistan egin da ezagun Wazemank, Noaoa!, Airean edo Herri txiki, infernu handi telebista-saioei esker. Beti umorearekin lotuta egin du lan, eta horrela “sailkatzen” dutela esan digu. Kontatu digunaren arabera, askok hala uste badugu ere, komedian lan egiteagatik ez dago egun osoan irria ezpainetan duela. Pagadi gertutik ezagutzeko aukera izan dugu, eta umore onean erantzun die egin dizkiogun galderei.

1.    Nola hasi zinen telebistan lanean?
Orain dela hamalau urte hasi nintzen, eta kasualitatez. Publizitatean egiten nuen lan eta Angel Alkainek berarekin lan egitea eskaini zidan. Garai hartan, bistaz ezagutzen genuen elkar, eta, Wazemank telebista-saioa eman ziotenean, esan zidan: “Zuk buru aldrebesa duzunez, esketx batzuk idatziko dituzu?”. Inoiz horretan lanik egin ez banuen ere, Nagore Aranbururekin proba egin nuen eta beregandik ikasi dut dakidan guztia edo gutxia, berari esker.

 2.    Gaztetatik zara barregarria edo ikasi egin duzu?
Nahiko lotsatia naiz eta umorera jotzeko joera izan dut beti, bizitza hobeto eramaten delako. Hala ere, etxean ez naiz oso umoretsua izan… Baina erraztasun handiagoarekin ateratzen zait umorea beste ezer baino.

3.    Zerk inspiratzen zaitu?
Txisteak erraz ateratzen zaizkit, momentuaren arabera, baina normalean beste programa batzuetako esketxak ikusita edo eguneroko zerbaitetan inspiratuta. Nik arretaz begiratzen dut: horko gizona, hango emakumea… Egoerari buelta eman eta umorea egiten dut. Arazoak ere ekartzen dizkigu horrek, askotan ondo ez dagoen zerbait esaten dugulako. Kontuz ibili behar dugu, neurtu.

4.    Inoiz esan dizute zure txisteak min eman diola norbaiti?
Niri ez zait egokitu, baina badakit jendea sumindu daitekeela umorea egiten badut. Hala ere, haserre egoteak ez dio arrazoia ematen. Beti dago horretarako arriskua. Facebooken, adibidez, katu baten argazkia jartzen badugu, norbaitek esan dezake: “Eta txakurrak, zer?”

 

Pagadik gauza sinpleekin egiten du barre: “Norbaitek estropezu egin eta erortzean, adibidez”.

 

5.    ‘Euskal umorea’ existitzen da?
Nire ustez, umorea unibertsala da, baina egia da herrialde bakoitzak bere berezitasunak dituela. Hemengo kodeak agian ez dira Norvegian ulertuko. Herri txiki, infernu handi Danimarkako formatua da eta hango txisteek ez dute berdin funtzionatuko hemen. Hala ere, mekanismoak unibertsalak dira, gag batek beti izango du aurkezpena, garapena eta leherketa. Horregatik, funtzionatu egingo du hemen, han edo Ameriketan, leku bakoitzeko berezitasunekin.

6.    Eta zuk,  zerekin egiten duzu barre?
Nik gauza sinpleekin egiten dut barre: norbaitek estropezu egin eta erortzen denean, adibidez. Telebistan, La Resistencia edo La hora chanante programekin… Txistea zuzena eta apaingarri gutxikoa bada, barre egiten dut. Esketxa landua bada, ona dela pentsatzen dut, baina irri txikitxo bat geratzen zait ezpainetan. Estropezuarekin, berriz, algara egiten dut.

7.    Egunaren % 95 serio igarotzen duzula irakurri dugu… Hala da?
Nahiko pertsona ozpindua naiz izatez. Lotsatia naiz, oso azkar hitz egiten dut eta jendeak askotan “honek zer egiten du?” pentsatuz bezala begiratzen dit. Umorea nire autodefentsa da. Hala ere, komedia egiten dudan arren, ez nago egun guztia alai. Horren errua hanka-sartzeei buruzko eszenak da: Herri txiki, infernu handi saioaren amaierakoak agian aste osoko grabaketetako hiru momentu dira. Besteetan gainerako lanetan bezala aritzen gara, askotan maldizioka.

8.    Zergatik Herri txiki, infernu handi programaren arrakasta?
Proiektua proposatu zidatenean, ez nuen neure burua kamera aurrean ikusten, baina saiatzeko esan zidaten eta horixe egin nuen. Ongi irten da, gaizki atera zitekeen bezala. Emititzen hasi aurretik, jendeak adarra jotzera joango ginela uste zuen. Izan ere, ni esketxak egitetik nentorren eta Zuhaitzek bakarrizketak egiten zituen. Gu jendearengana errespetuz joaten gara, ez dugu pertsonaiarik interpretatzen, gu geu gara, eta oso ongi hartzen gaituzte, zoragarria da. Etxe batean bizkotxoa, bestean odolkia, beste batean txorizoa ematen digute. Askotan hiru aldiz gosaltzen dut. Gurekin oso eskuzabalak dira eta etxeko ateak irekitzen dizkigute.
Harrituta gaude audientziekin. Lehen esan dudan bezala, formatua Danimarkakoa da eta Katalunian ere egin dute. Guk geure estilora egokitu dugu, eta argi ikusten da Zuhaitzek eta biok oso ongi ulertzen dugula elkar. Nik ez dakit zein den arrakastaren gakoa, baina ziur zerikusia dutela garen bezalakoak izateak eta pertsonaiarik ez interpretatzeak.

 


Herri txiki, infernu handi  programa Zuhaitz Gurrutxagarekin batera aurkezten du.
 

9.    Nola daramazu ezaguna izatea? Kalean jende asko hurbiltzen zaizu?
Euskal Herrian, oro har, jendeak errespetatu egiten gaitu. Herri txiki, infernu handi egiten hasi ginenetik, gaztelaniaz hitz egiten duen jendea ere etorri da nigana, nire harridurarako: “Oye, me río mucho contigo; no os entiendo, pero mi hija o nieta sí”.
Bestalde, egia da jendeak uste duela beti egon behar dugula umoretsu. Kutxazainean dirua ateratzen egon eta esan didate, “Pagadi, esan zerbait” eta nik “Zu zer zara, okina? Bada egin ezazu opil bat!”. Hala ere, normalean ez da ezer gertatzen, ni diskretua naiz, eta, betaurrekoak kentzen baditut, ez nau inork ezagutzen!
 

Transcription:[+] Transcription:[-]

1.    Nola hasi zinen telebistan lanean?
Orain dela 14 urte hasi nintzen, bai 2004an, kasualitatez hasi nintzen, zergatik (zeren) nik bestela publizitatean lan egiten nuen, diseinu grafikoan eta horrela, eta Anjel Alkainek eskaini zidan, ezagutzen nuen bistaz, eskaini zioten berari programa bat gero Wazemank izan behar zuena, eta esan zidan: “Zuk horrela burua aldrebesa daukazu eta esketx batzuk idazteko?”, eta esan nion “bai, bueno”, ikusi eta horrela egin nituen, baina sekula ez naiz lanean ibili eta… Proba bat egin nuen Nagore Aranbururekin eta Nagorek baiezkoa eman zidan. Gero berak erakutsi zidan dakidan guztia edo dakidan gauza gutxi.

2.    Zergatik izan zuen Wazemank telebista-saioak horrelako arrakasta?
Izan zen lehenengo aldia euskaraz esketxak egiten zirela (zirena), edo esketxak jada pixka bat egiten zirela bereziki euskaldunentzat, hemengo erreferentziekin edo horrela… Baina esketxak ziren, gero ikusten duzu Vaya Semanita-ko bat edo Wazemank-eko edo Monty Python-en ingeles bat eta mekanismoak antzerakoak dira. Gero da bakoitzak grazia gehiago edo gutxiago egiten duen, baina… Eta esan genuen: “Hemen badago mundu bat deskubritzeko oraindik eta horregatik, eskola ona izan zen Wazemank”.

3.    Gaztetatik barregarria zara edo ikasi egin duzu?
Ba ni pixka bat timidoa (lotsatia) naiz egia esan, baina bai beti izan dugu umorera jotzeko tendentzia hori, ez dakit, bizitza igual pixka bat hobetoxeago eramaten delako. Baina gero etxean ez naiz oso umoretsua egia esan. Baina bai erraztasun gehixeagorekin ateratzen zait beste edozer gauza baino.

4.    Zerk inspiratzen zaitu?
Normalean ateratzen zaizkit txisteak nahiko, ez dakit, segun zer momentutan (momentuaren arabera), erraztasun pixka batekin. Baina normalean da ikasita, beste programa batzuk, esketxak eta ikusita, eta gero, egunerokotasunak ere asko ematen dit niri: igual pixka bat fijatzeak (arretaz begiratu), ezta? Hor dagoen tipoa, hor dagoen emakumea, hor dagoen, pasatzen den gauza batez, eta horrek pixka bat situazioari (egoerari) buelta emanda, ematen dizu umorerako.
Arazoak ere ekartzen dizkizu, zergatik (zeren) igual esaten duzu gauza bat ez dagoena ondo, baina bueno… Pixka bat ibili behar duzu neurtzen gauzak…

5.    ‘Euskal umorea’ existitzen da?
Niretzako (niretzat) umorea nahiko unibertsala da, egia esan, baina gero herrialde bakoitzak bere berezitasunak badauzka, ezta? Eta guk umorea egiten dugu, igual, hemengo kodigo (kode) bat dago, igual Noruegan (Norvegian) ez dena ulertuko. Zergatik (zeren eta) Herri txiki, infernu handi, adibidez, formatua da Dinamarkakoa (Danimarkakoa) eta hango txisteek igual hemen ez dute funtzionatzen eta berdin. Baina mekanismoak unibertsalak dira, gag batek nola funtzionatzen duen hemen, han eta Ameriketan, baina gero dira bakoitzaren berezitasunak. Baina nik uste umorea unibertsala dela.

6.    Zergatik Herri txiki, infernu handi programaren arrakasta?
Ondo atera da, gaizki ateratzea zeukan bezala. Baina bueno, gu normalean joaten gara beti bai Zuhaitz eta bai ni errespetuarekin jendearengana, zergatik claro (noski), emisioan ez zegoenean programa hori, jendeak esaten zuen “horiek zertara datoz”, nik neukan bagaje bat jada esketxen munduan eta Zuhaitz ba bueno, bere monologoekin (bakarrizketekin) eta horrela, eta esaten zuten, “horiek zertara datoz? Adarra jotzera?”. Normala da hori pentsatzea ere bai, baina gero ikusten da gu beti errespetuarekin joaten gara, jendeak horrela ondo hartzen du eta orain izan da maravilla (zoragarria) bat zeren etxe batera joaten zara eta bizkotxoa ateratzen dizute jateko, beste batean odolki pixka bat, bestean txorizoa, bestean ez dakit zer… Batzuetan, badago hiru aldiz gosaltzen dudan egunetan (egunak)… Egia esan pixka bat maravillatuta (txundituta) gaude horregatik, jendeak zer eskuzabaltasuna eta nola ireki dizkigun ateak.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Oct 30, 2018
Number: 31374896
Dialect:
  • Gipuzkera
  • Batua
Duration: 03:43
Number of visits: 463