Aldizkari Digitala

Jazpana Fest musika-jaialdia

Musika-jaialdi erraldoiak ezagunago ditugun arren, badira herriz herri antolatzen diren zenbait jaialdi bitxi, berezko xarma dutenak. Horietakoa dugu Beasaingo Jazpana Fest musika-festibala.

Tomorrowland, Coachella, Ultra Music Festival Miami, Kazantip, Glastonbury, Lollapalooza, Rock Werchter, Mystery Land, Fuji Rock, Boom Festival, Burning Man… Honezkero jakingo duzu musika-festibalak zerrendatzen ari garela. Munduko jaialdi garrantzitsuenak dira, milaka ikusle biltzen dituzte, eta ez nolanahiko sarrerak ordainduta, gainera.

Musika klasikoa, jazza, popa, rocka, elektronikoa, folka eta beste hainbat musika-estilo biltzen dituzten jaialdiak ditugu, oso ezagunak direnak: Bilboko BBK Live, Gasteizko Azkena Rock, Donostiako Jazzaldia, NAK (Nafarroako Musika Garaikidearen Jaialdia) eta Euskal Herria Zuzenean festibala dira agian ezagunenak, baina herriz herri antolatzen diren jaialdi txikiek ere badute lekua, jarraitzaile-kopurua eta xarma.
Azken multzo horretan kokatzen da Jazpana Fest musika-jaialdia. Beasaingo (Gipuzkoa) Bernedoenea aparkalekuan egiten den jaialdiak 10. edizioa izango du aurten, eta Ibon Zurutuza antolakuntza-taldeko kidearekin hitz egin dugu eurek antolatzen duten festibalaren inguruan.
 

Boluntarioen lana

2009. urtean hasi ziren Jazpana Fest antolatzen eta ordutik boluntarioen lanari esker egin du aurrera: “Antolakuntza-taldean gehienak musikariak dira, ni ez (kar-kar), eta zortzi edo bederatzi gara guztira. Musu-truk egiten dugu, eta gure lanean jaiegunak eskatu behar izaten ditugu batzuetan Jazpana aurrera ateratzeko”.
Zenbait jaialditara joateko, sarrera garestiak ordaindu behar izaten ditu publikoak, baina hori ez da Jazpanarekin gertatzen: “Sarrera doakoa da, udalak babes ekonomikoa ematen baitigu, eta horretaz gain, gertuko kooperatiben laguntza jasotzen dugu, tabernariena, Gipuzkoako Foru Aldundiarena… Horrekin guztiarekin osatzen dugu aurrekontua”. Ez hori bakarrik: aparkalekuan jartzen duten barra da euren diru-iturri nagusia; hori aitortu digu Ibonek.



Urtero herriko edo inguruko talde pare bati jaialdian parte hartzeko aukera ematen diete.

 Berezitasunak

Hasiera-hasieratik bi antzeztoki izan ditu jaialdiak: “Kontzertu bat dagoen bitartean, beste antzeztokian hurrengorako prestatzen hasten dira; bat bukatu orduko bestea hasteko aukera ematen baitu”. Beti horrela izan bada ere, hamar edizioetako ibilbidean, hainbat gauza aldatu dituztela adierazi digu Ibonek: “Skate-txapelketa egin genuen edo 3x3ko saskibaloi txapelketa, eta horiek egitarautik kentzen joan gara, funtzionatzen ez zutelako edo guretzat lan handia zelako”.
Haurrentzat musikarekin lotutako lantegi txiki bat eta larunbat-eguerdian herrian bertan kontzertutxo bat antolatzen dituzte: “ Ongi funtzionatzen duten bi ekintza dira”.

Euren lekua

Ikusle-kopuru fidela du urriaren azkeneko asteburuan egingo den Jazpana Festak, eta jaialdien aukera zabal horren barruan “bere lekutxoa” egin duela esan digu Ibonek: “Musika-taldeek ere ez dute dirutza kobratzen, baina jo nahi duen jendea etortzen da, badakielako tratua ona izango duela”.


Jazpanak musika festibalen artean bere lekutxoa egin duela esan digu Ibonek.
 

Aurten, urriaren 26an eta 27an egingo da jaialdia, eta Pho-Bo, Voltaia, Toundra, Noir Socha, Serrulla, Rufus, The Limboos, Vulk eta beste zenbait taldek osatuko dute pop-rock estiloa nagusi den jaialdia: “Rock-and-rolla edo musika elektronikoa ere egoten da tarteka”.Beasaingo festibalaz gain, beste bat gomendatzeko eskatu diogu Iboni eta berak Usopop aipatu digu: “Sara eta Etxalar artean egiten den jaialdi bat da; txikia baina mimoz egindakoa. Asko gustatzen zait bertara joatea”.
Eta zure herrian egiten da musika jaialdirik? Inguruko festibalen batera joateko ohiturarik baduzu? Zein izan da inoiz bizi izan duzun kontzerturik onena?, zergatik?

 

Transcription:[+] Transcription:[-]

1.    Zer da Jazpana Fest?

Jazpana Fest da azkenean musika maite dugun lantalde bat gara, ez? Sortu zen 2008-2009 urte inguruan, eta zergatik? Udaletxeak jarri zituen herritarrentzako (herritarrentzat) ensaio (entsegu) lokal batzuk bezala, eta hor nolabait sortu zen, talde mugimendu bat bezala sortu zen. Eta esan genuen: aizu, zeatio (zergatik) ez dugu herrikoentzako (herrikoentzat) edo horrela sortzen jaialdi antzeko bat eta gero bi kartel bururekin, eta horrela ematen zaie aukera herriko taldeei leku polit batean, handi batean, soinu onarekin eta banda ezagunekin jotzeko aukera.  Eta horrela hasi zen pixka bat erdi bromatan, erdi serio, eta udaletxeari galdetu zitzaionean ea prest egongo zen diru bat (dirua) jartzeko, baiezkoa eman zuen eta horrela sortu zen.


2.    Nolako musika taldeak ekartzen dituzue?

Bai, hombre, estiloz, denetik ez, baina bai saiatzen gara bastante (nahiko) abaniko amplioa (zabala) ekartzen. Irizpide horrela irizpiderik? Nik esango nuke igual inguruan ikusteko errazak ez diren kalitatezko taldeak saiatzen garela ekartzen. Ez zaigu gustatzen hemen inguruan jotzen ari diren taldeak, ez zaizkit gustatzen ekartzea. Saiatzen gara ekartzen zerbait alternatiboa edo zer edo zer desberdina, esango genuke. Gehinbat pop-rocka, baina beno, beti dago rock and roll talde bat, jaialdia beti DJ-en batek isten du, musika elektronikoak ere normalean beti edukitzen du talderen bat… Danetio (denetarik).


3.    Eta ikustera, nor etortzen da?

Ez, oso urrutitik ez, baina bai aurkitzen dugula jendea Barakaldotik, Lekeitiotik, Irun aldetik, Hondarribi eta zona guzti hori (hori guztia). Eta bueno, hor dago tipo bat beti etortzen dena, hori Logroñotik etortzen zaigu. Kriston pila gustatzen zaio eta beti etortzen da. Egia esanda eskertzen da pila bat zeren gaur egun 1.000 jaialdi dauzkazu eta zurera etortzea egia esanda, ez dakit, pozten dizun zer edo zer da (pozgarria den zerbait da).


4.    Jazpana Festek bere lekua lortu du hainbeste musika festibalen artean?

Nik uste nolabait horrela gure lekutxoa egin dugula, ez dakit, igual inguruan horrela oso gertu ez daukalako horrela antzeko jaialdirik, baina bai, berezitasuna nik esango nuke lortu dugula jende batek esatea: igual taldeak horrela kartelean ikusita ez ditut gehiegi ezagutzen, baina badakit zer edo zer aurkitu behar dudala gustatzen zaidana eta pixka bat abentura bezala etortzen dela esanez, “beno, zer edo zer aurkituko dut”, beste asko ez zaizkio gustatuko baina pixka bat ikustera zer dagoen. Eta bai, nik uste dut lortu dugula hori.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Oct 25, 2018
Number: 30865722
Dialect:
  • Gipuzkera
  • Batua
Duration: 03:34
Number of visits: 861