Aldizkari Digitala

Johanna Bonger, Vincent Van Gogh ikusgarri egin zuena

Vincent Van Gogh-en anaiarekin, Theorekin, ezkondu zen Johanna Bonger. Emakume honek bihurtu zuen pintorea munduan ezagun: haren koadro asko berreskuratu zituen, jende xeheari erakutsi ostatu batean, erakusketak antolatu, bi anaien arteko gutunak argitaratu, ingelesera itzuli…

Johanna Bonger 1862an jaio zen, Amsterdam hirian. Gurasoek musika zuten atsegin eta musikariak gonbidatzen zituzten etxera jotzera; Johannak berak ere nahiko ondo ikasi zuen pianoa jotzen. Amsterdametik ez oso urrun ingeles-irakasle zen, Theo Van Gogh koadro-saltzailea ezagutu zuenean; 1889an ezkondu ziren. Horrela bihurtu zen neska Vincent Van Gogh pintorearen koinata. Ezkonberriak Parisen jarri ziren bizitzen, eta guraso bihurtu zirenean semeari Vincent izena jarri zioten. Izan ere, aitak izugarri maite zuen Vincent anaia. Artistak Amandelbloesem (Almendrondoa loretan) margoa bidali zion Parisa ilobatxoari.

Baina pintorea gutxitan joan zen Parisa anaiaren sendia ikustera. Anaiak urtebete eskas zeraman ezkondua pintorea hil zenean; beraz, koinatak ez zuen aukera handirik izan margolaria ezagutzeko. Eta senarra ezagutzeko ere ez zuen denbora askorik izan, ezkondu eta bi urte pasatxora hil zitzaion-eta. Senar hilberria hobeto ezagutzeko, batez ere horregatik hasi zen bi anaien arteko gutunak irakurtzen: 600dik gora zeuzkan etxean. Hor aurkitu zuen bi anaiek zenbat maite izan zuten elkar eta baita Vincenten margoen balioa ere. Zerbait egin beharra zeukan artista ezagun bihurtzeko, nahiz eta bere bizitzan lauzpabost aldiz bakarrik ikusi.


Van Goghen 200 bat koadro zeuzkan etxean, baina garai hartako erosle-jendeari ez zitzaizkion batere gustatzen. Nola bizi koadroak salduz? Senarra pintura-saltzailea izan arren, Vincenten koadro bakarra saldu zuen bere bizitza osoan. Esan dugunez, Theok asko maite zuen anaia, hilero dirua bidaltzen zion, ehunka gutun idatzi zizkioten elkarri, baina ez zuen lortzen haren margorik saltzea. Hiru bat koadro saldu ziren artista bizi zenean; izan ere, nork erosiko zuen ospetsu ez zen margolari baten koadrorik?

 


Vincent bizi izan zenean oso koadro gutxi saldu ziren, Mahasti Gorria izan zen horietako bat.

 

Eskerrak igandeak jaiegun bihurtu zituzten

Garai hartan igandeak lanegun ziren. Baina Europan, gutxika-gutxika, langile-jendea igandeetan jai egiteko eskubidea lortzen ari zen; eta larunbatetan ere bai batzuek. 28 urteko alargun kementsuak bere alde jarri zuen langileen egoera berria. Hiru erabaki estrategiko hartu zituen: koinatuaren koadroak gordetzea –nahiz eta guztiek aholkatu zioten koadroak ahazteko–, aipatutako gutunak irakurtzea eta Bussum herrira joatea bizitzera –semea eta koinatuaren margoak eta gutunak hartuta–.
Jendeak asteburuan jai izaten hasi zela aprobetxatuz, ostatu bat ireki zuen Bussumen (Amsterdametik kilometro gutxitara) eta Vincenten koadroekin apaindu. Herbehereetako ostatu hark arrakasta handia izan zuen, batez ere jendeak izugarrizko gogoa zuelako aisialdiaz gozatzeko. Horrela hasi zen jendea apurka-apurka Van Goghen koadroetara ohitzen.


Dena den, ez al zen lan gehiegi pertsona bakar batentzat?: bere burua, umea, ostatua, koadroak... Pintore eta martxante batzuei eskatu zien laguntzeko. Laguntza horri esker, margo asko berreskuratu zituen, ia 300. Berak bazekien, gutunetan Monet-ek eta Gauguin-ek esandakoari esker, koadroak oso onak zirela izatez. Hala, lehen erakusketa 1892an antolatu zuen, Van Goghen marrazkiekin, nahikoa arrakastatsua; baina marrazkiak ziren. Gerora etorri ziren Rotterdam eta Hagako erakusketak. Ez zen lan samurra, erosleek nahiago baitzuten, adibidez, Joef Israël artistaren koadroak erosi.

 

Theo eta Vincent Van Goghen arteko gutunek arrakasta handia izan zuten irakurleen artean.


Alemaniako museo bat, lehen eroslea

1901ean berriro ezkondu zen Johanna. Gutxira, Herbehereetako emakume sozialisten elkarte baten sortzaileetako bat izan zen. Berriro alargundu eta gero, aipatutako gutunak argitaratu zituen, 1914an. Garaitsu hartan gutunak ingelesera itzultzen hasi zen: gutunek arrakasta dezente izan zuten. 1901-1915 urte-tartean, Van Goghen erakusketak bultzatu zituen Amsterdamen, Parisen, Kolonian, New Yorken… Lau urte bizi izan zen New Yorken, 1919ra arte. Emakumeak asmo nahiko zehatza zeukan: erakusketa asko egin, ez hainbeste koadro saldu eta onenak museoek erosteko utzi. Alemaniako museo bat izan zen Vincent Van Goghen koadro bat erosi zuen lehen museoa, 1936an.

Egun Amsterdameko Van Gogh museoan artistaren 1365 artelan daude ikusgai artezaleen gozamenerako. Eta munduko beste museo ospetsuetan Van Goghen lan gehiago ikus daitezke: National Galleryn, MOMAn…

Bestalde Van Gogh Alive-The Experience erakusketa multisentsoriala milioika ikusleren arreta jasotzen ari da mundu osoan azken urteetan. Ze estimazioa! Eta hori guztia Johanna Bongerren lanari esker.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Oct 23, 2018
Number: 30603151
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 946