Aldizkari Digitala

Skatea, gurpil gainean ibiltzea modan dago

Kalean gero eta ohikoagoa da gurpildun taularen gainean jendea ikustea: skatean, patinetean edo patinete elektrikoan.

Olinpiar Jokoak Tokion (Japonia) egingo dituzte 2020. urtean, eta modalitate berriak gehituko dizkiote kirol-parrillari: surfa, karatea, eskalada, beisbola eta skatea. Horiexek lehenengo aldiz ikusiko ditugun kirolak.


Olinpiar Jokoetan soilik ez, kalean gero eta ohikoagoa da gurpildun taularen gainean jendea ikustea: skatean, patinetean edo patinete elektrikoan. Askoren ustez, eskailerak, barandak, koskak edo espaloiak dira skatearen gainean irristatzeko aukerarik onena, baina egia da patinatzeko azpiegitura asko sortu dituztela azken urteetan: estaliak, esaterako, Bergaran, Miarritzen edo Bilbon. Bizkaiko hiriburuan, Gure Txoko skate-eskola aurkitu dugu. “2007. urtean hasi ginen, eta hainbat ekintza antolatzen ditugu, patinatzen irakasteaz gain: kontzertuak, urtebetetze-festak, lantegiak…”, kontatu digu Josu Geretak. 22 urteko gaztea Galdakaon bizi da eta denbora gutxi darama skateko irakasle Zorrotzaurreko parke estalian.


Gure Txoko skate-eskolak 2007. urtean ireki zituen ateak.

Bilakaera

Skateboarding-a Kalifornian sortu zen 1940ko hamarkadaren amaieran: surflariek olaturik ez eta gurpilen gainean jolas moduan hastea erabaki zutenean. “Ameriketako Estatu Batuetan skate-kultura handia dago, baina hemen ez da hainbesterako”.
XX. mendeko azken laurdenean iritsi zen skatea Euskal Herrira, eta orduz geroztik bilakaera positiboa izan du, batik bat 2000. urtetik gaur egun arte. Hala ere, Josuk ez du hain argi ikusten: “Gure Txoko irekitzea erabaki genuen, izan ere, skatearen egoera ez zen oso ona. Gure asmoa, umeei erakutsiz, kirol honen etorkizuna bermatzea zen”. Bidea ongi egin dutela uste du irakasleak, gero eta ikasle gehiago baitituzte: “Skatearen moda-momentua orain hasi da edo hasiko da”.

Ikasketa-prozesua

5 urtetik 15 urtera arteko neska-mutilak joaten dira Gure Txokora, eta 20 edo 30 urte dituztenek ere probatzeko aukera izaten dute: “Bost urte baino gutxiagokoei ez diegu uzten, motrizitatea oraindik ez dutelako garatu”.
Oreka, koordinazioa, erreflexuak… lantzen dituzte, eta, horretarako, ongi babestuta egon behar dute: “Belaunetakoak, ukondokoak, eskumuturrekoak eta burukoak janzten dituzte, eta, skatea geldirik dutela, gainean zelan jarri behar duten irakasten diegu: hankak zabalik izan behar dituzte eta batekin bultza egin behar dute…”. Zaila badirudi ere, gazteenek arazorik gabe ikasten dutela esan digu Josuk.

 

Oreka, koordinazioa eta erreflexuak lantzen dituzte skatearen gainean ibiltzen direnean.

 

Legea

Patinete elektriko batean zihoan gizon batek auto batekin talka egin eta drogetan positibo eman duela irakurri berri dugu komunikabideetan. “Kontrolatu egin behar da, ados nago. Hala ere, lekuaren arabera: ez da gauza bera bidegorrian barrena joatea edo errepidean, ezta?”.
Bizikletaren erabilera araututa dago: debekatuta dago entzungailuak edo telefonoa eskuan eramatea eta substantziak hartzea, kaskoa erabili behar dute… Oraingoz, skatean ez dago horrelakorik, nahiz eta skate-parkeek euren arauak badituzten.


Filosofia

Surfarekin gertatzen den bezala, skatea ere ez da kirola bakarrik: “Gu patinatzeko elkartzen gara, eta askotan ez leku zehatz batean, hirian barna ibiltzen baikara. Filosofia bat da”. Horretaz gain, moda ere bada, “itxura” jakin bat izaten baitute skatean ibiltzen direnek.
Skatea probatzera edonor animatuko luke Josuk: “Gurpilen gainean goazenean, aske sentitzen gara… Egun gogor baten ostean, deskonektatu egiten dugu”.


Eta zu, inoiz ibili zara skatearen gainean? Probatzea gustatuko litzaizuke? Araututa egon beharko lukeela uste duzu? Nola? Olinpiar Jokoetan sartuko dute 2020. urtean, zer iruditzen zaizu? 

 

Transcription:[+] Transcription:[-]

1.    Zer da Gure Txoko skate-eskola?
Bale ba, izenak esaten dauen (duen) moduan, Gure Txoko skate-eskola, skate-eskola bat da. Jarri genuen martxan 2007. urtean gutxi gorabehera, eta skate-klaseak (eskolak) emateaz aparte, ere bai egiten ditugu ekintza ezberdinak: adibidez, batzuetan egiten dira kontzertuak, ere bai urtebetetzeak, tailer ezberdinak… Baina denak dira skatearen ingurukoak. Eta jarri genuen martxan pixka bat, zeren ikusten genuen hemen skate panorama (egoera) pixkatxo bat hilda zegoela eta berpizteko, eta ume gehiago animatzeko, egin genuen eskola hau.

2.    Nor etortzen da patinatzen ikastera?
Normalean etortzen diren neska-mutilak 5-15 urte bitarteko neska-mutilak dira. Baina hala ere, batzuetan ere bai etortzen dira probatzera nagusitxoagoak: bai 20 urtekoak edo 30 urtekoak.

3.    Nolakoa da ikasketa-prozesua?
Bale ba, lehenengo irakasten duguna edo egiten duguna da, protekzioak (babesgarriak) banatu: belaunetakoak, ukondokoak, eskumuturrekoak eta burukoak, eta erakusten diegu pixka bat zelan jarri behar diren (duten) skate gainean, skatea geldirik eta beraiek zelan igo behar diren (duten) skate gainera, hankak zabalik izan behar dituztela eta zelan inpultsatu (bultzatu) ahal diren, eta beno, uzten diegu hor pixka bat oreka hartzen, eta ikusten dugunean jada oreka badaukatela, jada pasatzen gara truko ezberdinak ikastera edo ranpetatik (aldapetatik) botatzen ikastera… Eta horrela, hori da prozesua, gutxi gorabehera. Bakoitzak bere erritmoa dauka, baina azkenean denek ikasten dute gutxi gorabehera.

4.    Nolakoa izan da skatearen bilakaera?
Guk ikusi dugunez, bilakaera ez da oso ona izan, osea, jendeak patinatzen du, badago jendea patinatzen duena, baina ez da jende asko, hala ere. Gainera, izanez (izanik) jarduera txiki bat horrela esatearren, instalazio gutxi daude ere bai Bilbon eta ez du jende askok patinatzen. Baina orain, 2020.urtean sartuko denez Olinpiadetan skatea, pixkanaka pixkanaka hasi dira umeak patinatzen ere bai eta animatzen. Hortaz, momentuz ez dugu ikusi bilakaera ona, baina azkenengo urte honetan bai animatu direla ikasle gehiago. Skate moda momentua orain hasiko da edo orain hasi da edo orain hasiko da, bai.

5.    Zuri zer ematen dizu skateak?
Igotzen zarenean eta pixkatxo bat harrapatzen diozunean, jada sentitzen duzu hori, askatasuna edo libre zaudela.  Eta gainera, adibidez, egun gogor bat izan duzunean edo ikasketetan, edo lanean, edo etxean, eta irteten zara patinatzera eta deskonektatzen duzu pila bat. Niri pila bat aportatzen (ematen) dit skateak, ez dakit.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Oct 18, 2018
Number: 29948617
Dialect:
  • Bizkaiera
Duration: 03:10
Number of visits: 597