Aldizkari Digitala

Obesitatea, mundu osoan zabaltzen ari den epidemia

Garai batean gehiegi jatea aberatsen arazoa izan ohi zen. Baina gaur egun zenbait herrialde txirok ere gizentasun-arazo larriak dituzte. A zer paradoxa!

Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) emandako datuek ez dute argibiderik behar: gaur egun munduan jende gehiagok du gehiegizko pisua gosea baino. Zeinek esan orain urte batzuk! Jan lasterra mundu osora zabaldu da, eta horra kaltea!

Gorputzak modu ezohiko batean gehiegizko koipea biltzen duenean, eta bilketa horrek osasunari kalte egiten dionean, orduan gehiegizko pisuaz edo obesitateaz hitz egiten da. Jakina, badira genetikari edo bizimoduari lotutako faktoreak. Baina gaixotasun horren eragile nagusia honakoa da: gure eguneko jardunean erretzen ditugun kaloriak baino gehiago jatea. Osasun-aditu askok epidemia bat dagoela diote.

 

Egun, janari ultraprozesatu ugari dugu, azukrez eta gantzez beteak.

 

Aberatsak eta behartsuak, gaizki elikatuak


Gehiegi jatea aberatsen arazoa izan da; hala izan da behintzat mendez mende. Beraiek bakarrik zuten gehiegi jateko aukera, jana sobera baitzeukaten. Baina orain errudun sentitzen dira, sentiarazten ditugu, lodikote izateagatik eta kontrolik gabe jateagatik. Gaur egun, arazo bera daukate gero eta jende txiro gehiagok ere, arazoa orokortu egin da eta. OMEren datuak dira: 2016an, munduko 10 biztanletik 3k gehiegizko pisua zeukaten –2.200 milioi lagunek alegia–; eta obesitatea, 796 milioi lagunek. Eta zenbakiak goraka doaz! XX. mendeko bigarren zatian, arazo hau gehien jasan zutenak herrialde garatuak izan ziren. 1975ean AEBk, Errusiak, Kanadak, Australiak eta Europako herrialde batzuek zuten arazoa, eta, bitxia badirudi ere, baita Afrika iparraldeko beste batzuek ere; hala ere, toki bakoitzean populazioaren % 10ek edo. Baina gaur egun % 10 hori % 20tik gora dabil.

Latinoamerikan ez dabiltza askoz hobeto. Urte horietan hirukoiztu edo laukoiztu egin da arazo hori dutenen kopurua. Brasilek % 5,2tik % 22,3rako jauzia egin du, Mexiko % 9,5etik % 28,4ra igaro da, Bolivia % 4,8tik % 18,7ra, El Salvador % 5,8tik % 22,7raino… Herrialde horiek mende-hasieran goseteari aurre egiteko ahaleginean ari ziren, jendeak janik ez zuelako zegoen gaizki elikatua; egun, berriz, gehiegi jaten dutelako daude gaizki elikatuak. Bestalde, herrialde, batzuetan zera gertatzen da: etxe berean gaizki elikatuta egotea, batzuk gutxiegi eta beste batzuk gehiegi jateagatik.

 


Garai batean, produktu naturalak gehiago kontsumitzen genituen, eraldatu gabeak.

 

Dieta-aldaketa, presaka bizitzea…


Zalantza-izpirik gabe mundu osoan zabaldutako gaitza da hau. Gero eta aditu gehiagok diote arazo hau izango dela hurrengo hamarkadetako osasun-erronkarik handiena. Zer gertatu da? Arrazoi asko daude, konplexuak eta elkarri lotuak. Argi dago, mundu-mailan aldatu egin dela elikatzeko modua. Garai bateko dietetan jaki freskoak zeuden edo produktu naturalak, aldaketa handirik egin gabe kontsumitzen genituenak; gaur egun, aldiz, janari ultraprozesatu ugari dugu, azukrez eta gantz saturatuez beteak. Eta, bestetik, gaur egungo hirietako bizimodua dago, sedentarioa, estres-maila handikoa; sukaldean aritzeko, erosketak egiteko eta konpainian jateko astirik ematen ez diguna. Bi kontu horiek daude arazoaren muinean. Eta globalizazioa ere hor dago, kalterako. Jan lasterreko kate batek hanburgesa bertsua jateko aukera ematen du Detroiten (AEB), Bangaloren (India), Luandan (Angola) edo San Lorenzon (Paraguai). Mundu osoa zipriztintzen du janari-mota horrek.

Hurrengo gertaera, aldaketa gutxi batzuk gorabehera, geroz eta etxe gehiagotara ari da zabaltzen:
Luzia eta bere neba txokolatedun zerealak ari dira gosaltzen, esnearekin, eta potoko laranja-zukuarekin. Eskolara doaz, aulki batean esertzera. Patioan, hamaikak aldera edo, txokolatez bustitako haziak dituen opiltxo bana jango dute. Bitartean, jolasean ariko dira, eserita, mugikorrekin. Eskolako jatetxean makarroiak jango dituzte, tomate eta gaztarekin, oilasko nuggets batzuk eta jogurta postrerako. Hezkuntza Fisikoaren orduan, lasterka ariko dira pixka bat. Eskolatik atera, eta ondoko dendan euren diruarekin koladun edari bat erosiko dute eta gominolak. Gero etxeko lanak egingo dituzte. Askarian sandwich bat txokolate-kremarekin eta banana bat. Etxeratzen direnean, gurasoak oraindik lantokitik heldu ez direnez, tableta edo bideo-jolasa hartuko dute eta sofara, armairuko gaileta batzuk jatera. Ilunabarrean heltzen dira gurasoak etxera –korrika eta presaka zerbait jan ondoren–; nekatuta iritsi dira, eguna luze egin zaielako. Pizza izoztua labean berotu dute, izozkailuan geratzen zen izozki pixka bat hartu, telebista ikusi apur bat eta ohera.

Egungo bizimodu sedentarioa da arazoaren muinean dagoen eragileetako bat.


Horrela bada, kaloria asko hartzen baditugu eta ez bagara apenas mugitzen, ez da harritzekoa gainpisu edo gehiegizko pisua izatea. Eta hori zer da?: norbanakoari dagokion kontu bat, ala elikatzeko modu bat sortzen ari den osasun-arazo publiko bat? OMEren arabera, arazo horien erruz 2,8 milioi lagun hiltzen dira munduan urtero. Ez da, hortaz, txantxetan hartzeko kontua.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Oct 15, 2018
Number: 29608164
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 793