Aldizkari Digitala

Ziberseguruak al gara?

2013. urtean, Edward Snowdenek Ameriketako Estatu Batuetako gobernuak mundu osoan egindako espioitza-lanen berri eman zuen The Guardian eta The Washington Post egunkari ospetsuetan.

AEBetako Inteligentzia Agentzia Zentralean eta NSAn egiten zuen lan ordura arte, eta bere aurkako atxilotzeko nazioarteko agindua indarrean dago gaur egun.

Albiste hau mundu guztian entzun zen, eta horrek hitz berri bat ekarri zuen gure hiztegira: zibersegurtasuna. Kontzeptua zabala bada ere, oinarrian, Interneten gure datuak modu seguruan zabaltzea du helburu, baimenik ez duen inork ez erabiltzeko.
Teknologiaren garai honetan, enpresen kezka da zibersegurtasuna, baina bai erabiltzaileona ere. Sare sozialetan argazkiak eta datuak partekatzen ditugu, kreditu-txartelarekin erosketak on-line egiten ditugu, posta elektronikoan informazioa jasotzen dugu… “Zer neurri hartzen dituzu?”. Gai horren inguruan hitz egin dugu Eneritz Larrea, Arkaitz Perez eta Amaia Zabala gazteekin, baita David Cucalon informatikariarekin ere.

Amaia Zabalaren iritziz sarean dituen datuak erabilita ere ez diote min handia egingo, ez baitauka aparteko ezer.

PASAHITZAK

Pertsona bakoitzak hainbat kontu eduki ditzake mundu birtualean, eta beste hainbeste pasahitz: posta elektronikoan, bankuko webgunean, sare sozialetan, erosketak egiten ditugun atarian… Googlek hizki larriak eta xeheak, ikurrak eta zenbakiak nahasten dituzten pasahitzak erabiltzea gomendatzen du, baina jaramonik egiten diogu?
Eneritzek eta Amaiak bi pasahitz-mota bereizten dituzte: “Bata kontu pertsonaletarako, eta, bestea, berriz, profesionaletarako”. Hala ere, biek argi dute hacker batek euren informazioa lortu nahiko balu, oso erraz egingo lukeela. Arkaitzek, berriz, hiru hilean behin, pasahitz guztiak aldatzen dituela aitortu digu.

Arkaitz Perez bergararrak pasahitzak hiru hilean behin aldatzen dituela esan digu.

WEBGUNEAK

Hainbeste webguneren artean, nola jakin zein den fidagarria eta zein ez? “Antibirusa eguneratuta edukitzea, https webguneetan nabigatzea, ezagutzen ez ditugun wifi-sareetan kontu handiz ibiltzea… Horiek dira nire gomendioak. Hala ere, zentzuduna izatea da garrantzitsuena”, esan digu David informatikariak. “Zergatik erantzungo zenioke bankuko kreditu-txartelaren gakoa eskatzen dizun mezu bati, posta elektronikoak bankuarekin loturarik ez badu eta akats ortografikoak baditu? Zentzuduna izatea da nire aholkua”.
Eneritzek badu beste trikimailu bat: “Nik ezagutzen ditudan webguneak erabiltzen ditut, eta, baten bat ezagutzen ez badut, iruzkinak irakurtzen ditut, jende askok edo gutxik erabiltzen duen jakiteko. Irakurtzen dudanaren arabera, webgunean jarraitu edo alde egitea erabakitzen dut”.

Jende askok ordenagailuko kamera pegatina batekin estaltzen du.


SARE SOZIALAK

Facebook, Instagram, Twitter, WhatsApp… sare sozial asko ditugu, eta egunetik egunera berriak sortzen dira. Milioika izen, argazki eta datu ezkutatzen dituzte, eta ia egunero handitzen dugu datu-base erraldoi hori. Eneritzek, Arkaitzek eta Amaiak euren profilak dituzte, ia gazte gehienen antzera. “Oporretako argazkiak jartzen ditut batez ere, baina uste dut ez naizela kontziente nire datuak dituztela eta horiekin zer egin dezaketen. Horrela pentsatuta, beldurra ematen dit”, azaldu digu Eneritzek.

David informatikariari, berriz, kezkagarria iruditzen zaio gure datuak enpresa pribatu erraldoi horien esku uztea: “Duela gutxi, Cambridge Analytica aholkularitza-enpresak ateak itxi zituen Facebooketik modu irregularrean milioika estatubatuarren datu-pertsonalak eskuratu ondoren. Nik ez nituzke nire datuak edozein lekutan emango; izan ere, datu gehien dituen enpresa da jakintsuena, aberatsena eta boteretsuena XXI. mendean”.

Zibersegurtasuna enpresen eta erabiltzaileon kezka da; zurea ere bai? Zer neurri hartzen duzu? Ezagutzen duzu aipatu ez dugun trikimailuren bat? Nolako pasahitzak erabiltzen dituzu? Eta webguneak? Sare sozialetan zuri buruzko zenbat informazio aurkituko genuke? Zergatik?
 

Transcription:[+] Transcription:[-]

1. Zer da zibersegurtasuna?
ENERITZ LARREA: Neretako (niretzat) zibersegurtasuna da Interneten gure datuak eta babesteko modu bat.
ARKAITZ PEREZ: Gure intimitatea babesteko edozein pasahitz erabili kontu diferentetan (desberdinetan).
AMAIA ZABALA: Nire ustez, zibersegurtasuna da segurtasun informatikoa, eta hor barruan sartzen dira, alde batetik gure ordenagailu edo portatilean (eramangarrian) daukagun datu-base edo informazio guzti hori, eta beste alde batetik, sarean zintzilikatzen dugun edo publikatzen (argitaratzen) dugun informazio guzti hori  (hori guztia), dena.

2. Zer egiten duzu zibersegurtasuna mantentzeko?
ENERITZ LARREA: Ba adibidez, pasahitz seguruak erabiltzea, segun zer argazki ez publikatzea (argitaratzea) sare sozialetan, baita ordenadoreko (ordenagailuko) kamerak tapatzea (estaltzea ere)… Horrelako segurtasun modu batzuk hartzea.
ARKAITZ PEREZ: Hiru hilabetero (hilero) pasahitzak aldatu gure kontuetan, Googlen sartzerako orduan HTT (http) orrietan sartu, eta argazkiak eta ahal den gutxien igo orrietara.
AMAIA ZABALA: Asko egin beharko genuke zibersegurtasuna mantentzeko. Eta bueno, ni bai saiatzen naizena da, adibidez, sare sozialetan eta hor, ahalik eta segurtasun handiena ezarrita edukitzea, hala ere, ez da behar adina nik uste. Baina hor Ezarpenak arlo horretan, adibidez, publikatzen (argitaratzen) dudana zeinek ikusi dezakeen, baita ere harremanetan nirekin zein jarri daitekeen, eta horrelako gauzak. Eta bueno, gero beti esaten dena baita ere pasahitzena ezta? Pasahitz diferenteak (desberdinak) edukitzea…

3. Nola jakin webgune bat fidagarria den ala ez?
ENERITZ LARREA: Adibidez, igual, beti saiatzen naiz hemengo web orrietan edo erosten, edo behintzat estatu mailako web orriak direnak, beharbada askotan ere igual komentarioak (iruzkinak) irakurtzen, zeren azkenean segun zenbat saltzen diren web orri horretatik, zenbat jendek erosi duen bertatik edo eurak zer idatzi daben (duten), fidatzen naiz web orri horrena (horrekin) edo ez. Eta gero, adibidez, askotan Googlek ere bai abisatu egiten dotzu (dizu) igual web orri batzuk ez direla seguruak, orduan a ver (ea) jarraitzea nahi duzun web orri hori bisitatzen edo ez.
ARKAITZ PEREZ: Adibidez, orain Googlek dauka, Googlen barruan daude aplikazioak, eta nik daukat, adibidez, ordenagailuan eta mobilean (mugikorrean) Adblock instalatuta, leiho emergenteak (sortuberriak) eta ebitatzeko (saihesteko), gero http orrietan sartu, eta gutxi, gero, antibirusak eta betiko gauzak.
AMAIA ZABALA: Adibidez, Chromek extensio (luzapen) batzuk dauzka, eta, gero, horretaz aparte (gain), antibirusak baita ere abisatzen du, ezta? Batzuetan webgune hau ez dela segurua eta abar… Baina horretaz aparte (gain), trikimailu berezirik ez. Saiatzen naizena bai da, erosketaren bat egiten dudanean sarean eta kreditu txartela erabiltzen dudanean, web orria bai segurua izatea edo aurrez ezagutzen dudan web orri bat edo aurrez erabili dudana erosketak egiteko izatea. Eta baita ere, kreditu txarteleko datuak inoiz ez gordetzea.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Sep 6, 2018
Number: 26019050
Dialect:
  • Batua
Duration: 04:05
Number of visits: 2481