Aldizkari Digitala

Bero-boladan, zure landare kutuna bizirik

Bero-bolada batek gogor hartzen bazaitu, pentsatu zer egingo duen etxe-barrurako zure landare maiteekin.

Begira itzazu unetxo batez zure etxeko landareak. Nola daude?: erreta?, ureztatuegi?, bizirik ozta-ozta?
Gero eta sarriago ari da gertatzen. Etxe alokatu batean, edo armairu baten tamainako balkoitxoa duen apartamentuan bizi direnek etxe-barrurako landareak erosten dituzte etxeari nork bere ukitua emateko. Inkesta batzuek diotenez, lorezaintza inoiz baino errotuago dago 35 urtetik beherako jendearen artean. Halaxe da: zenbaitentzat landareak bere ume kuttunak dira! 
Baina landare zaleak izutzen hasten dira uda bero badator. Zer egin behar da landareak bizirik irauteko beroaldia igaro arte?
Aholku erabilgarri batzuk
•    Udan landareak hazten saiatzen dira, loreak ematen. Eta hori egiteko, energia behar dute. Baina bero gehiegi egiten badu, beroari aurre egiten xahutuko dute energia hori, loratzeko erabili ordez.
•    Argiaren indarrak, hezetasun-mailak, horrek  guztiak eragiten die bereziki etxe-barrurako landareei. Beraz, eguzkiaren argia luzaro jasotzea kaltegarri izan daiteke. Etxea behar baino beroagoa egotea ere ez da ona, ezta aire egokitua ere.

Klima beroa eta landareak: zaintzeko bost era
•    Ezagutu zure landareak. Ikasi bere izena eta egin bilaketak Googlen. Nola eman behar die argiak: aurrez aurre ala zeharka? Giro hezea ala lehorra maite dute? Gogoan izan: landareak ez du aurrera egingo bizi-baldintza desegokiekin, nahiz eta bikain ureztatuta egon. Adibidez, landare tropikalek nahiago dute hezetasuna eta landare mediterraneoek, ezkaia eta izpilikuak esaterako, giro lehorra. 
•    Aztertu landarea non duzun etxean. Argia zuzenean denbora gehiegi jasotzen badute, agian ez daude lekurik egokienean.
•    Oro har, klima beroko lekuetan, landare gehienek ur gehiago behar izaten dute, egunero bi aldiz ziurrenik. Ez xahutu ura behar ez bezala edo gutxiegi botata. Ureztagailuaren aho-muturra erabili lurra bustitzeko; ez busti hostoak. Erabili ura, baina bere tenperaturan, hotzegia edo beroegia kaltegarri delako landarearentzat.  Goizez edo gauez ureztatu landarea; eguzkiak jotzen duenean egiten baduzu, batetik ez du baliatuko ura, lurrundu egiten delako berehala; eta bestetik, sustraiak gorantz haziko dira, sustrai horiek lurruntzen ari den ur horren atzetik gorantz abiatuko direlako. Sustraiak hazi egin behar du, baina ez gorantz. Busti lurra eta 10-15 minutu igarota berriro lehor badago, berriz busti beharko duzu.
•    Landarea goibel samar baduzu, ureztagailuan sartu te-hostoak eta horko ur horrekin ureztatu landarea; izan ere, hosto horiek nitrogeno asko dute. 
•    Lorategirako zuhaixkak badituzu, edo balkoiko lorontzian landare handiren bat, erabili ur dezente ureztatzeko, astean hainbat aldiz. Hori hobea da egunero apurtxo bat ureztatzea baino. Eta aire librean dagoen landare egartiaren lurraren gainean hildako hostoak jartzen badituzu, on egingo diozu landareari, hezetasuna ez delako lurrunduko. Landareak hegorantz begira badituzu, berriz, ura goizez eta arratsaldez beharko dute, heze eusteko.

Eta jada lehortuak badaude, orduan zer?
•    Lehorrak badaude eta lurrak ez badu botatako ura zupatzen hasieratik, bota ur gehiago. Utzi sustraiei ur hori zupatzen, itxaron unetxo bat, eta berriro isuri ura.
•    Beste zerbait ere egin daiteke: landarea urez betetako ontzi batean eduki ordu-laurdentxo batez.

Zer ez egin?
•    Oro har, ez ureztatu gehiegi. Hobe da hasieran bustitzea lurra, eta denboralditxo bat itxarotea berriro ureztatu aurretik.
•    Sustraiak usteldu eta euliek bertan arrautzak jartzerik nahi ez baduzu, loreontziak ez du hondoan ura etengabe izan behar. Lurrak ur edo hezetasun gehiegi badu, jarri lorontzi-hondoan harritxoak.
•    Kaktusekin ez larritu, oso maitea dute-eta giro bero-lehorra. Ikusi ez ote dauden lehorregi, baina ez ureztatu beharrezkoa baino gehiago.

Eta asteburuan kanpora banoa? eta oporretan?
•    Ez da zaila plastikozko botila batekin ureztagailu bat egitea, lurra tantaka bustitzeko. Plastikozko botilari egin zulotxo bat, bete urez, eta sartu lur-azpian botila. Ura tantaka aterako da, landarea elikatuz.

Landarea laguntza-eske
•    Hostoak zimeltzen, erortzen edo kolorez aldatzen badira, zaindu hobeto. 
•    Landare gehienak gehiegi maitatzeagatik hiltzen dira. Ez daitezela ito ez ur-putzu batean egoteagatik ez beti uretan izateagatik. Landare batzuek, neurriz gain elikatzen badira, oxido-itxurako hostoak izaten dituzte, edo laranja-kolorekoak.
•    Baina batez ere, ez izutu. Ziurrenik, bero-boladak ez ditu akabatuko. Sarri, baina bere neurrian, ureztatuz eta arreta izanez gero, eta maitatuz gero, baietz ondo izan!
 

Interesatzen zaizu

  • Ba al duzu lorerik etxean?

    Ba al duzu lorerik etxean?

    Loreak jartzea edo oparitzea ekintza xumea izanda ere, sinbolismo handia duen ekintza da, eta beharbada horregatik, gaur egun loreak erosten eta oparitzen jarraitzen dugu.

    Ba al duzu lorerik etxean?
  • Etxeko landareak zaintzen

    Etxeko landareak zaintzen

    Sekuentzia didaktiko honetan etxeko landareen zainketari buruz arituko gara. Ahozko eta idatzizko ulermena lantzeaz gain, ikaskideekin hitz egiteko eta hizkuntz forma batzuk lantzeko aukera izango duzu.

    Etxeko landareak zaintzen
  • Lorategiko kontuak

    Lorategiko kontuak

    Oraingoan lorategi eta baratzetako hainbat landareei buruzko saiotxoa egingo dugu. Hiru landareei buruz arituko gara: Daliak, Kiwiak eta Tuiak. Adituak irratsaioa egin du horiei buruz, baina, entzun aurretik, zer dakizuen gogoratzeko lotu zuen ustez landare bakoitzari buruz azalduko diren gaiak. Bigarren, hirugarren eta laugarren atazak ikaskideen artean banatu behar dituzue; hau da, bakoitzak atal bat entzun behar du eta bertan egiten zaizkion galderak erantzun. Bukatzeko elkartu saio desberdinak entzun dituzuen lagunak eta elkarri azaldu zer esan duen adituak.

    Lorategiko kontuak
  • Lorezaintza: hiztegia

    Lorezaintza: hiztegia

    Lorezaintzari buruzko audio honetako hiztegia lantzeko proposamena duzu hau.

    Lorezaintza: hiztegia
 
 

Comments
Login for comment

B2
Aug 6, 2018
Number: 25128414
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 1209