Aldizkari Digitala

Aitor Frantzesena, surflari itsua

"Arazoren bat eduki arren, gauzak egin ditzakegula erakutsi nahi diot munduari"

Aitor Frantzesena (Zarautz, 1970) surflaria Gallo ezizenez da ezaguna. Jaiotzetik begietan glaukoma-gaixotasuna zeukala jakin du, eta horregatik ezkutuan bere zaletasunari ekin zion gaztetan. “Ez zidaten surfean egiten lagatzen, baina nik ez nuen etsi”, kontatu digu. Eskuineko begia 14 urterekin galdu zuen, eta, hirugarren kornea-ebakuntza egiteko zain zegoela, bigarren begia galdu zuen 2011. urtean: “Surfean egiten ari nintzela galdu nuen, olatu batean goitik behera erori eta begia lehertu bainuen”. Gaur egun itsua da.
Hala ere, Gallok inoiz ez du surfa alde batera utzi: surf-oholak egin ditu, surf-eskola ireki du, surflari ospetsuen entrenatzaile izan da eta Munduko Surf Egokituko txapelduna izan zen 2016. urtean. Horri guztiari buruz aritu gara berarekin Zarauzko hondartzan eta surf-eskolan egin diogun elkarrizketan.
1. Gaztea zinenean, surfa aberatsen kirola omen zen. Nolakoa izan zen hasiera hura?
Ni ezkutuan hasi nintzen: etxekoek ez zidaten surfa egiten lagatzen, begietan neukan gaixotasunagatik. Baina ezetz zenbat eta gehiagotan esan, nik orduan eta gogo handiagoa neukan surfean egiteko. Lagun batzuekin surf-oholak egiten ikasi nuen, eta horiexek izan ziren nik erabili nituen lehenengoak.

2.   Surf-oholak egiten hasi ondoren, surf-eskola jarri zenuen martxan. Nola bururatu zitzaizun proiektu hori abian jartzea?
Ezkutuan surfean egiten eta oholak egiten aritu ondoren, azkenean familiak onartu egin zuen. Itsasgoraren edo itsasbeheraren arabera bazkaltzen hasi ginen, eta senideek ni iritsi arte itxaroten zuten jaten hasteko. Baserrian ireki nuen surf-oholen lantegia eta modu profesionalean hasi nintzen lanean. Familia osoak, baita aitonak eta amonak ere, asko ikasi zuten surf-oholei buruz. Handik urte batzuetara, Zarauzko surf-eskola ireki nuen. Hasiera zaila izan zen, ezer idatzita ez zegoelako. Metodologia bat argitaratu genuen, eta surf-eskola guztietan horrela irakasten dute gaur egun ere.
3. Aritz Aranburu, Axi Muniain eta Eneko Acero surflariak zure eskolatik igaro dira. Irakasle zorrotzaren ospea duzu… Nola irakasten duzu?
Hasiberriei joko bat bezala irakatsi behar diegu. Maila ona izateko, beste kirol guztietan bezala, ordu luzez entrenatu behar izaten dugu, eta ondo ikasi gainera. Zorrotza? Maila handia lortu nahi duenari aurrera egiteko guztia ematen diot, horretan saiatzen naiz.
4. Noiz hasi behar du surflari batek surfean egiten? Eta txapelketetan parte hartzen?
Urteak aurrera joan ahala, gero eta gazteago hasten dira txapelketetan parte hartzen, eta ez dakit hori ona den ala ez. Batzuetan, gazteegi hasi eta nekatu egiten da jendea. Hala ere, maila hain altua dagoenez, gazte-gaztetatik hasten dira, itsasoari neurria hartzeko eta teknika lantzeko. Gu 12 edo 13 urterekin hasi ginen txapelketetan parte hartzen, eta 9 edo 10 urterekin hasten dira orain. Nire ustez, joko bat bezala irakatsi behar diegu, eta ahal den altuen iristen lagundu behar diegu; hori nahi badute behintzat.

Lagun batzuk erakutsi zioten surf-oholak egiten eta horiekin hartzen zituen olatuak ezkutuan.

5.  Jaiotzetik glaukoma-gaixotasuna eduki duzu. Nola egin diozu aurre?
Gaixotasun batekin jaiotzen garenean, pixkanaka aurrera egiten ikasten dugu. Txikitatik ebakuntza asko egin dizkidate begiak ahal zuen bizitza luzeena izateko, eta 14 urterekin eskuineko begia galdu nuen. 2011. urtean, hirugarren kornea-ebakuntza egiteko zain nengoela, Zarautzen surfean egiten ari nintzela, olatu batean goitik behera erori nintzen eta begia lehertu nuen. Hor amaitu zen ikusteko neukan guztia. Banekien itsu gera nintekeela, eta, horregatik, lehenago ahal nuen guztia ikusten saiatu nintzen. Bidaietan zerbait polita ikusten nuenean, hainbat lekutatik begiratzen nion, eta nire buruan argazki asko ateratzen nituen leku horiek betiko gogoratzeko. Sydneyko Opera Housen edo Los Angelesen horixe egin nuen, eta udan Kalifornian alabarekin egon nintzenean, berak non geunden esan eta nik irudia ekartzen nuen gogora. Argazki horietatik bizitzea polita da.
6.    Itsu geratu zinenean, surfa alde batera uztea pentsatu zenuen?
Itsu geratu nintzenean, surfik ez nuela egingo pentsatu nuen. Izan ere, ‘pantaila beltza’ neukan eta zorabiatu egingo nintzela uste nuen. Baina bizimodu honetan hastea da guztia, egokitzea. Itsasora sartu nintzen eta itsasoak informazioa ematen zidala konturatu nintzen: surfeko taula handi eta luzearekin hasi nintzen, baina motza, estua eta txikia erabiltzen dut berriz ere. Hasieratik hasi behar izan nuen.
7.  Uretan zaudela, nola hartzen dituzu olatuak?
Normalean, beste pertsona batek laguntzen dit eta datuak ematen dizkit: olatua noiz datorren, eskuinetik edo ezkerretik… Horrez gain, nire belarriek ere datu asko ematen dizkidate. Itsasoa nahiko ondo badago, bakarrik sartzen naiz, gaur bezala. Udan, adibidez, Zarautzen surfean jende askok egiten duenez, neu gauetan sartzen naiz uretara. Itsu egoteak badu bere alde ona. Ezer ez da ezinezkoa, ni surfean egiteak asebetetzen nau eta horregatik ez diot utziko surfa egiteari, ez mendira joateari, ez dantza egiteari… Arazoren bat eduki arren, gauzak egin ditzakegula erakutsi nahi diot munduari.


"Ezkutuan surfean egiten eta oholak egiten aritu ondoren, azkenean familiak onartu egin zuen" kontatu digu Gallok.

8.  2016an Munduko Surf Egokituko txapelduna izan zinen. Nolakoa izan zen Kaliforniako esperientzia?
Munduko txapelketa irabazi nuen bai, eta egiten zen lehenengo aldian, gainera. Itsuentzat antolatzen zen lehen aldia zen, eta hemengo pertsona batek irabaztea eta neroni izatea oso polita da. Txapelketatik itzultzean, aitorpen izugarria egin zidaten: Realeko partidan ohorezko sakea, Eusko Jaurlaritzaren omenaldia…
Gainera, non eta Kalifornian, surfaren muinean, eta euskaldun bat munduko txapelketan garaile… Itzela.
2017. urtean hirugarren egin nuen eta aurtengo txapelketarako prestatzen ari naiz.
9. Bi liburu argitaratu dituzu, hautatzaile izan zara, surflari handien entrenatzaile, munduko txapeldun… Surfari lotuta zerbait egitea falta zaizula sentitzen duzu?
Surfa nire bizitza da, eta beti esaten dudan bezala “neure buruari jarritako helburuak beti bete ditut eta harro nago”. Ez dut harrokeriaz esaten, nik helburu bat betetzeko asmoz egunero egiten dut lan, eta, lortzen dudanean, poz izugarria sentitzen dut. Beti egin dut hori: helburu bat pentsatu, lan egin, lan egin, lan egin eta konturatzerako lortu. Pozik bizi naiz eta oso pozik nago lortutakoarekin. Hemendik aurrera, gelditu gabe jarraituko dut gauza berriak egiten eta ez dakit noraino iritsiko naizen.
 

Transcription:[+] Transcription:[-]

1.    Jaio zinenetik glaukoma-gaixotasuna eduki duzu… Nola egin diozu aurre?
Jaiotzen zarenean arazo batekin, pixkanaka-pixkanaka joaten zara horri egiten ez? Etortzen zaizunarekin aurrera egiten. Orduan, nik txiki-txikitatik… Operazio (ebakuntza) asko egin zidaten (zizkidaten) eta, denbora guztian hori, begiak ahal zuen bizitza gehienarekin egoteko, ez? Eta azkenean, hori 14 urterekin eskubiko begia galdu nuen operazio (ebakuntza) batetan (batean). Eta bakarrik ezkerrekoa geratzen zitzaidan eta lau urte pasata (pasatuta) hori, neukan transplante de cornea (kornea-transplante) bat eginda, eta bi eginda neuzkan lehenago, eta hirugarrengora itxaroten ari nintzela, egitekotan, olatu batean goitik behera erori nintzen eta begia lehertu nuen. Eta bueno, hor bukatu zen nire bizitzako ikusteko urte guztiak, ez? Baina bueno, urte asko pasa (pasatu) ditut ikusten, eta horrek kriston poza ematen dit. Porque (zeren) bizitza guztian egon naiz jakinda egun batetan (batean) itsua neukala geratzea (itsu gera nintekeela), ahal nuen gehiena ikusten. Bidai(a) guztietara joaten nintzen, bidai(a) guztietan egiten nuena zen hori: ahaleginak, ahal nuen gehiena ikusi eta zer edo zer polita ikusten nuenean, ahal nuen modu desberdinetara beitu (begiratu), ez? Gaur da eguna hori dena nire buruan dago eta toki horietara berriro bueltatzen (itzultzen) naizenean, bai nire alabarekin edo den modura, argazki horietaz bizitzea guapoa da.

2.    Surfean egiteari uztea pentsatu zenuen?
Aurrenekoz itsua gelditu nintzenean, pentsatzen nuen ez nuela berriro surfa (surfean) egingo: (zergatikan) pantaila beltzean edukita, uste nuen mareatu (zorabiatu) egingo nintzela. Baina bueno, bizitza honetan dena da jartzea eta honetan ere berdina. Zen, aurrenekoan pentsatzen nuen ezingo nuela egin eta itsasora sartu nintzen ia itsua nengoela, itsasora sartu nintzen, informazioa ikusi nuen itsasoak ematen zidala, eta hortik aurrera… Egun hartatik gaur arte taula handiarekin, zabal eta luzeak hasi nintzen, hasierak surfeko hasierak izaten diren bezala, eta gaur da eguna taula motza, estua eta txikia eramaten dut, eta gero eta hobeto moldatzen naiz itsasoaren barruan.

3.    Uretan zaudela, nola hartzen dituzu olatuak?
Normalki pertsona bat eramaten dut eta pertsona horrek datuak ematen dizkit. Itsasoak datu batzuk ematen dizkit eta pertsona horrek beste datu batzuk ematen dizkit. Nik behar ditudan datu guztiak pertsonarekin eta nire belarriarekin ateratzen ditut. Baina hori aparte, bat (behin) baino gehiagotan, gaur bezala, bakarrik sartzen naiz, (zergatikan) itsasoa erraza badago, edo ez badago handia, niretzat ez da oso zaila ibiltzea. Eta udan, por ejemplo (adibidez) udan, Zarautzen surfa (surfean) jende askok egiten du surfa, ez? Eta egiten dudana da gauetan sartu uretara. Orduan, itsua egon arren, gauza onak badauzkat.

4.    2016an Munduko Surf Egokituko txapelduna izan zinen. Nolakoa esperientzia izan zen?
Txapelketa hori irabaztea niretzat aurreneko gauza ez da bakarrik munduko txapelketa irabaztea; bai, aurreneko aldia historian geratzen dena betirako (betiko) grabatuta hori, ez? Aurreneko aldia antolatzen zela itsuentzako (itsuentzat) txapelketa bat munduan, eta hemengo pertsona batek irabaztea eta ni izatea, horrek (hori) gauza oso-oso polita da.

 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Jul 25, 2018
Number: 24896844
Dialect:
  • Gipuzkera
  • Batua
Duration: 05:08
Number of visits: 730