Aldizkari Digitala

"POP POP POP American Pop Art" Kubo-kutxa aretoan

Donostiako Kubo-kutxa aretoan, Andy Warhol, Keith Haring, Robert Indiana, Roy Lichtenstein eta Robert Rauschenberg pop artisten artelanak ikusgai.

"I am a deeply supercifial person"

Andy Warhol

XIX. mendean balore artistikoak nahiko egonkorrak zirela esan daiteke. Bigarren Mundu Gerraren ondoren artegintzaren bideak gero eta anitzagoak eta subjektiboagoak bilakatu ziren. Europan eta Ameriketan sorkuntza libreak jarri ziren modan: espresionismo abstraktua, informalismoa, artegintza herrikoia, esperimentazio-teknika berrien aldeko lehia... nagusitu ziren.


Pop Art amerikarren mugimenduak informalismoaren eta joera abstraktuen gehiegikeriak salatu nahi izan zituen. Pop art Ingalaterran jaio zen XX. mendearen erdi aldera, baina benetako arrakasta Estatu Batuetan lortu zuen, ondorengo hamarkadetan. Pop Art estiloak bere ikonografian Dadaismoaren eragin nabarmena izan zuen .
Komikiak, iragarkiak, aldizkari eta kultura herrikoiak, zinema, publizitatea, telebista eta abar izan ziren Pop Art kulturaren inspirazio-iturri. Herritarrek gogoko zituzten mass-mediak erabiltzen zituen tresna eta irudiak. Pop Art mugimenduaren helburua ez zen izan merkataritzaren ekoizpena edo produktuak goraipatzea baizik eta jendeak ia inkontzienteki onartutako portaera kritikatzea. Mugimendu honen jarraitzaileek, kontsumo-gizartearen sinbologia ezberdinak margolanetan erreproduzituz, zenbait herritarren pentsaera aldarazi nahi zuten.

 

Estatu Batuetako Pop artistarik ezagunenak Roy Lichtenstein, Andy Warhol, Robert Rauschenberg, Claes Oldenburg, Keith Haring, Robert Indiana, Jasper Johns eta Tom Wesselmann, izan ziren. Hauek, Pop Art mugimenduaren alorrean mugitu arren, bere bide propioa jorratu zuten.
Guztien artetik Andy Warhol izan zen artistarik ospetsuena.

 

Bere serigrafiak artegintzaren munduan benetan ezagunak egin ziren, batez ere,  Marilyn Monroeren eta Kennedyren erretratu koloretsu eta biderkatuak. Ez dakigu ospe hori Estatu Batuetako politikari edota artista zirelako lortu zuten ala artelanen kalitate estetikoarengatik izan zen. 

Andy Warholek jorratu zituen beste gai batzuk heriotza eta gizartearen zoritxarra izan ziren. “Orange disaster" serigrafia akrilikoa da horren adibide.
Robert Rauschenbergek Pop Art eta Dadaismoaren arteko lanak landu zituen eta hauek gauzatzeko, herdoildutako autoen zatiak, metakrilatoz egindako piezak, mota ezberdinetako tresna zaharrak... erabili zituen. "Edonon aurkitutako objektuak gustuko ditut" zioen Rauschenbergek.
Roy Lichtensteinek komikietako irudiak handituz egiten zituen bere konposizioak. Testuinguruz kanpo erabili ohi zituen bere irudiak. Gogoko zuen telebistatik hartutako iragarkiak edo komikietako irudiak erabiltzea. Bere artelanetako bat Estatu Batuetako banderaren berrinterpretazioa da. Lichtenstein ez zen eskulturak eta margolanak bereiztearen aldekoa.

Robert Indianak ere Estatu Batuetako sinboloekin jokatu zuen askotan. Honen obrarik ezagunena "LOVE" da. Lan hau kolore ezberdinez margotutako lau hizkik, bi hizki beste biren gainean jarrita, osatzen dute. Sinbolo hau pintura eta eskultura forman dago gauzatua. Bere helburua iparamerikarren kultura eta nortasuna aztertzea izan zen.


 

POP POP POP American Pop Art erakusketa irailaren 30era arte egongo da ikusgai Donostiako Kubo-kutxa aretoan.

 

Informazio gehiago, helbide honetan.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Jul 17, 2018
Number: 24708764
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 1984