Aldizkari Digitala

Maud Watson tenislaria, Wimbledoneko lehen emakume txapelduna

Maud Watson 1881ean goi-mailako txapelketetan lehiatzen hasi zenetik, joko bikaineko tenislaria izan zen, eta 19 urte besterik ez zituela, Wimbledoneko Txapelketa irabaztea lortu zuen.

1884ko ekainaren 21ean Wimbledonek adierazi zuen emakumeentzako lehiaketa ere jokatuko zela.

Tenislari ingelesa 1864ko urriaren 9an jaio zen, Harrow konderrian, Londresen alegia. Hil, Charmouth herrian hil zen, Dorset konderrian, Ingalaterran, 1946ko ekainaren 5ean. Wimbledon lehiaketako lehen erregina izan zen  Maud Edith Eleanor Watson. 1884an gertatu zen hori. Urte batzuk lehenago, 1881eko ekainaren 19an, hartu zuen parte lehendabizikoz tenis-lehiaketa batean, Ampton Road-en hain zuen. Urte horretan bertan beste hainbat tenis-txapelketa britainiarrek ere emakumeentzako norgehiagokak estreinatu zituzten. 

Aurreko aldean, eskuinean: Maud Watson eta atzeko aldean, ezkerrean: Lilian Watson

1865ean Watson familia Harrow utzi eta Coventry-tik gertu dagoen herrixka batera joan zen bizitzera,  Berkswell-era. Izan ere, herri horretan apaiz protestante izateko lanpostua lortua zuen Mauden aitak. Maudek etxeko lorategian ikasi zuen tenisean jolasten, apaiz-etxeko horma erabilita pareta gisara. Aitak etxean matematika irakasten zien Cambridge Unibertsitateko hainbat ikasleri, eta ikasle hauei esker hobetu zuen Maudek bere tenis-maila; Maudek eta zazpi urte zaharragoa zen Lilian bere ahizpak ere bai. 

Hasieran, bi ahizpek azpitik ateratzen zuten sakea, baina Maudek, aipatutako ikasleak imitatuz, goitik ateratzen ikasi zuen. Lasaia zen neska, jokoan larritzen ez zena, eta bere sakearekin aurrea hartzen zien arerioei, eta hala, tanto asko eskuratzen zituen gero bolea zehatzak joz. Watsondar ahizpen nagusitasuna erabateko zen lehiaketetan.

Wimbledon txapelketa sortu eta 7 urtera, 1884ko martxoan, antolatzaileek erabaki zuten emakumeentzako txapelketa ere antolatzea. Lehen Wimbledon hura zuriz jantzita jokatu zuten Maud eta Lilian Watson ahizpek; garai hartako emakume tenislariek, ordea, oso soineko koloretsuak erabiltzen zituztenez, kontrastea nabarmena zen.

Maud Watsonek, txapelketa irabazi ostean, emakumeentzako tenisaren aldeko aldarria egin zuen. Kexu zen antolatzaileen pentsaera Erdi Aroan geratu zelako, eta horrek bost urtez atzeratu zuelako emakumeek Wimbledonen jokatzeko aukera. Beste aldarrikapen bat ere egin zuen, formatua mutilena bezalakoa izatea, alegia, Challenge Round delako sistema (urte bateko txapeldunak eskubidea zuen hurrengo edizioko finala jokatzeko) ezar zedila.

 1881-1886 urte-tartean 54 partida irabazi zituen segidan, 12 set soilik galduta. Baina 1886 urte horretan, Bath hiriko txapelketan Lottie Dodd-ek Watsonen garaipen-segida hori eten zuen. Eta gutxira berriro galdu egin zuen, oraingoan Wimbledonen, Bingley-ren aurka, jada Challenge Round formatua ezarrita zegoela. 

 1889an tenisa utzi zuen betiko, eta etxera itzuli zen gurasoengana. 1926an, Wimbledoneko Jubilee Championships delakoaren harira, artean bizi ziren Wimbledoneko txapeldunak omendu zituzten pista nagusian. George V.a eta Mary errege-erreginek zilarrezko domina bana eman zieten oroigarri omenduei, tartean Maud Watsoni berari.

1884 Emakumezkoen Wimbledoneko txapelketako egitaraua.

 Maud 1946ko ekainaren 5ean hil zen, Charmouth-en. Bera eta Lilian ahizpa Berkswell herriko hilerrian ehortzi zituzten. 
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Jul 3, 2018
Number: 24408551
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 1883