Aldizkari Digitala

Indonesiako sumendiak: ederrak baina krudelak

Sumendi gutxi daude munduan Indonesiakoak bezain bizirik. Indonesia 17.000 uhartek osatzen dute, eta beti dago sumendiren bat dardarka.

Jarri arreta hizkuntzan:
Testu antolatzaileak
Lexiko berezia

Horrek oso irudi ederra sortzen du, baina aldi berean suntsigarria da, eta jende asko hiltzen du. Erupzioek berehala sortzen dituzte kalteak. Gainera, indar handiko seismoak oso ugariak dira han. Adibidez, 2004ko zoritxarreko tsunami ospetsua, Indiako Ozeanoko itsasertzean milioi laurden bat hildako eragin zuen hura, Indonesiako Sumatra uharteko lurrikara handi batekin hasi zen.

Bormo sumendiaren inguruko familia bat.

Historian inoiz izan den lurrikararik latzgogenetakoa ere Indonesian gertatu zen: Krakatoa sumendiak eztanda egin zuen 1883an. Sumendi honek lur eta itsasikarak sortzeaz gain, munduko zeru guztietara zabaldu zituen errautsak. Europakoak behintzat ederki asko belztu zituen.
Sumendien edertasun krudel honek goia jotzen du Javako ekialdeko Ijen sumendian. Mendira joateko zaletasuna duenari ez zaio bereziki gogorra egiten 1.500 metrora dagoen gailurrera iristea. Bertan dagoen kraterrak aho-zabalik utziko zaitu, urdin berdexka koloreko aintzira batek betetzen baitu krater guztia. Alboko hormak bolkanikoak dira: gorriztak, marroiak, horiak eta beltzak. Halaber, kraterraren hondotik sufre-baporezko hodeiak igotzen dira, batzuk krater-izkinaraino ere bai, eta, beraz, itotzeko arriskua dagoenez, hobe da atzera azkar egitea.

Ijen tontorreko lakua eta sufre-lurruna

Aintziraraino jaistea badago, tentu handiz egiten bada. Bertan sufrezko hormak dituzten haitzulo batzuk daude, eta gauean baporezko hodeiek kolore urdinxkak hartzen dituzte. Sentsazioa nahiko beldurgarria da, iratxo bihurriz inguratuta egongo bazina bezala.
Ijen sumendia naturaren mirari hutsa da. Baina sumendi honek esplotazioa ere erakusten du, herri pobreetan jendeak sufritzen duena. Sumendian gora eta behera ibiltzen dira egunero 400 bat gizon, bizkarrean 70 kilo inguru hartuta, sufrez betetako banbuzko zesto batzuetan.

Mehatzarien lan gogorra, 70 bat kilo bizkarrean hartuta.

Ijen sumendia Indonesia inguru horretako sufre-hornitzailea da. Ingeniariek asma zezaketen krater-hondotik ateratzen den sufrea ondoko haranera garraiatzeko sistemaren bat, baina askoz merkeagoa da miseriazko soldata ordaintzea langileei, nahiz eta jakin hainbat osasun-arazo izango dituztela: arnasa-sistema hondatuko zaie, sorbalda, hankak, azala erreko…

Lan nekagarria, are gehiago sufre-lurrunarekin.

Sufrea hartzeko, aurrena, 3 kilometro igo behar dira bide nahiko zabal, eta une batzuetan oso malkartsu, batetik. Ondoren, kraterraren barruko aldetik 500 metro jaitsi behar da bide estu eta arriskutsu batetik. Zestoak sufrez bete, eta berriro kraterraren barnetik gorantz. Benetan lan nekagarria da, eta sufre-baporeak are gogorrago egiten du. Eta horrela egin beharko dute itzuliko bidea, igotako hiru kilometroak jaitsiz, haranera heldu arte.

Gehienak gazteak dira.

Meatzari hauek egunero bi aldiz egiten dute ibilaldi hori. Gazteak dira gehienak, baina dardara sortzen du jende zahartua, besterik ezean bizimodua ateratzeko, lanbide horretan ikusteak. Zahartua diogu, baina 40 urte eskas dutenek ere erabateko zahar itxura izaten dute, bizimodu gogor horrek eraginda. 
Esklabuen garaiko lan horregatik 820 errupia jasotzen dute sufre-kiloko. Bider 70 kilo, 57.400 errupia. Dirutza? Ba ez, 4 euro pasatxo gure txanponera ekarrita. Egunero 8 euro irabazten dituzte, bizitza pixkanaka erretzen dien lanbide horretan. Hori Indonesiako pobreenek irabazten dutenaren bikoitza da, baina horrek bakarrik adierazten du zer gutxi balio duen lanak lurralde haietan.

Bromo eta Semeru sumendien galdara.

Ijen sumendiak sortu digun kezka uxatzeko onena Bromo sumendira joatea da. Javaren erdialdean dago gutxi gorabehera, eta hau beste kontu bat da. Hemen ez da sufrimendurik ikusten, eta bidaiariak tokiaren erabateko edertasunaz gozatzera jar ditzake begiak. Galdara bolkaniko handi bat da, hainbat kilometroko diametroa duena, eta bertatik kono-itxurako sumendi batzuk ateratzen dira, Bromo tartean. Galdarara jaitsi, errauts-lautada bat zeharkatu eta Bromora hel daiteke. Bromora magaletik igotzeko eskailera luze bat egin dute. Kraterrera heldu, eta ke-zutabea nola ateratzen den ikus daiteke. Bromo siesta egiten ari da, baina edozein egunetan esnatuko da erretxinduta.

Indonesiako gazteak turismoa egiten Bromoko galdaran.

Bromoko galdarak behatoki bat du, eta bista zoragarria eskaintzen du egunsentian. Horretaz gozatzeko gauez joan behar da, aurre eginez aldapari hotzari eta ehunka turista asiarrei, batez ere, korearrei, txinatarrei eta japoniarrei. Zeinek esan du turista-bizimodua erosoa dela?   
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Jan 10, 2017
Number: 2400568
Number of visits: 4270