Aldizkari Digitala

Udako lanak gazteentzat dira?

Ia guztiok oporretan gaudenean gazte askok erabakitzen dute udan lan egitea, sosa batzuk irabazteko edota lan-esperientzia bezala ondo datorkielako.

Ikasten ari diren gazte askok udan ez dute oporrik hartzen, lan egitea erabakitzen dutelako. Urtarorik epelenean eta eguzkitsuenean hainbat lanpostu sortzen dira, eta asko gazteei bideratzen zaizkie. Ikasten ari diren gazte askok udan ez dute oporrik hartzen, lan egitea erabakitzen dutelako. Urtarorik epelenean eta eguzkitsuenean hainbat lanpostu sortzen dira, eta asko gazteei bideratzen zaizkie: udalekuetako begiraleak, tabernetako edo hoteletako zerbitzariak, izozki-dendetako langileak, igerilekuetako edo hondartzetako sorosleak… Lanpostu horietan, 30 edo 35 urte baino gutxiago dituztenak aritzen dira normalean. Eta zuk? Egin duzu horrelako lanik?
16 urtetik aurrera, lan-kontratu bat sinatu dezakegu, baina adin nagusikoa izan aurretik, emantzipatuta bizi behar dugu; edo horrela ez bada, gurasoen sinadura beharko dugu. 18 urtetik gora, jada gure sinadura nahikoa izango zaigu. Unibertsitatean gero eta jende gehiagok ikasten du, eta, horren ondorioz, lanean hasteko adina atzeratu egin da. Hala ere, ikasle urteetan, gutizietarako dirua edukitzeko, udan edo oporraldietan behintzat gazte askok lan egitea erabakitzen dute.

Taberna askotan udan zerbitzari gazteak kontratatzen dituzte.

Euskal Herriko Unibertsitateak Donostian duen kanpusera joan gara, eta bertako hiru gaztek esandakoa bildu dugu. Nerea Iraolak, Iker Urritegik eta Amaia Bosquek udan lan egin dute, eta beraien esperientzia zein izan den kontatu digute.

GAZTEEK GAZTEENTZAT
Amaia Bosque bilbotarrak begirale izateko titulua du, eta udalekuetan egiten du lan: “Aisialdia da nire lan-eremua. Guk txikiek ikasi eta gozatzeko hainbat ekintza egiten ditugu”. Udako oporraldiko lanaldi zehatz horietan, enpresek gazteak kontratatzen dituzte, opor luzeak dituztela badakitelako. Amaiaren ustez, ikasleentzat ongi egokitzen diren lanak dira, eta bere kasuan garrantzitsua da begiraleak gazteak izatea gazteekin lan egiteko, gertutasuna lortzen delako.
“Ez ditut begirale zaharrak ezagutzen, eta nire ingurukoak behintzat udan soilik aritzen dira lan horretan”, kontatu digu. Beraz, bere iritziz ez dira beste langileen konpetentzia. Opor-garaian egindako lana “ezinbestekoa” dela esan digu: “Sistematik kanpo bizi nahi ez badugu edo gurasoen menpe, lan egin behar dugu”. Irabazitako sosak lagunekin ateratzeko eta bidaietan gastatzeko izaten direla aitortu digu.

KONTRATU EZEGONKORRAK
Iker Urritegi oiartzuarrak bigarren urtez hamabost egun igaro ditu Nafarroako udaleku batzuetan: “Begirale-lanetan aritzeko ni gaztea izatea kontuan hartzen dute, energia eta harremana hobeak direlako. Bestalde, kontratu ezegonkorrak izaten dira, eta gazteok helduek baino errazago onartzen ditugu”.
Ikerren ustez, lan-munduarekin lehenengo harremana izateko aukera bikaina da udako lana, eta berak “parrandan” xahutzen du gehienbat udan aurreztea lortzen duen diru-kopurua.
UDAN SOILIK EZ
Nerea Iraola hernaniarrak oso bestelako eginkizuna du: kirol-denda batean egiten du lan. Udan jardunaldi osoa egiten du, eta, arratsaldez aritzen da urtean zehar. Unibertsitateko eskolak amaitu eta jardunaldi-erdikoa egiten du ia egunero. Goizez, berriz, ikasleak ez direnak joaten dira.
Bere hitzetan, ongi moldatzen dira ikasleak direnak eta ez direnak, guztiek baitute euren zeregina: batzuek goizez eta besteek arratsaldez. Gainera, ikasten eta lanean aldi berean aritzen diren gazteek ardurak hartzen ikasten dutela esan digu Nereak: “Konpromisoa hartzen dugu, eta dirua irabaztea zer den ikasten dugu”. Berak ere lagunekin eta bidaietan gastatzen du irabazitako dirua.

Gazteengandik gazteentzat da begiraleon lana”, esan digu Amaiak.

Argi eta garbi dute hirurek udako lan-esperientzia hori oso baliagarria izan dela eurentzat. Zuk ere horrela dela uste duzu? Zein izan dira zuk udan egindako lanak? Zein oroitzapen duzu? Langileei konpetentzia egiten zeniela uste duzu?

 

Transcription:[+] Transcription:[-]

1.   Inoiz egin duzu udako lanik?
NEREA IRAOLA: Bai, bueno, urtean zehar lan egiten dut eta udan ere bai, lan berdinean aritzen naiz.
IKER URRITEGI: Bai bueno, azken bi urtetan udalekuetan ibili naiz udan, duela bi urte atera nuen begirale titulua, eta bueno, bi urtetan 15 eguneko udaleku itxitan ibili naiz Nafarroako udaleku batzuetan.
AMAIA BOSQUE: Bai, pasa den bi urtetan egon naiz lanean aisialdian: hori, umeekin udalekuetan edo lan desberdinetan, baina bai, dena aisialdiaren inguruan.
2.   Zein lan eta nolakoa da?
NEREA IRAOLA: Kirol denda bat, non arropa saltzen duzun eta kirola egiteko materiala. Ordutegiak, azkenean, bakoitzak bereak aukeratzen ditu, bueno, egokitu egiten zaizkigu, eta normalean ikasten gaudenak (ari garenok) arratsaldean joaten gara eta al revés (alderantzitz): ez daudenak ikasten goizean joaten dira.
IKER URRITEGI: Begirale normal bat bezala, 15 egun joaten ginen Nafarroako etxe batera, 100 haurrekin eta bueno, udalekuetan egiten dena: beraiekin jolastu, beraiekin eguna pasa… Aisialdiko lana, orokorrean bai.
AMAIA BOSQUE: Bueno, azkenean dira udalekuak eta da hezkuntza informala bezala. Nik egin nuen ikastaro bat horren inguruan eta hori, azkenean da hezkuntza-mota desberdin bat eta bueno, da hori prestatzea umeentzako (umeentzat) ekintzak, ez bakarrik haiek ondo pasatzeko, baina ere bai ikasteko.
3.    Enpresek zergatik kontratatzen dituzte gazteak udako lanetarako?
NEREA IRAOLA: Bueno, azkenean nola ez dauden ikasketak, udan bukatu egiten diren, ba diru pixka bat ateratzeko.
IKER URRITEGI: Bueno, nik uste dut, adibidez, aisialdi taldean, bai dela garrantzitsua gaztetasun hori, haurrekin nik uste beste energia bat edo beste kontaktu bat daukazula. Eta beste enpresetan ba ez dakit, normalean lan tenporalak (denboraldi baterako lanak) direlako eta azkenean, gazteok onartzeko kontratu horiek erraztasun handiagoak ditugu.
AMAIA BOSQUE: Nik uste dut azkenean, horrelako lanak egokitzen direla oso ondo ikasleentzako (ikasleentzat) batez ere, ez bakarrik gazteentzako (gazteentzat) ez, baina hori, ikasleentzako (ikasleentzat). Zeren azkenean dira gure oporrak, ere bai Aste Santuan eta egiten dituzte horrelako lanak. Eta hori, azkenean nik uste dut dela hoberen egokitzen dena. Eta bai, adibidez, aisialdiaren munduan azkenean da gazteengandik gazteentzako.

4.    Udan lan egitea garrantzitsua dela uste duzu?
NEREA IRAOLA: Garrantzitsua iruditzen zait, bueno, azkenean, bakoitzak bere dirua ateratzeko, edozer gauzatarako erabiltzeko eta hori, eta azkenean zure (zeure) burua konprometitu egiten duzu beste gauza batzuetara.
IKER URRITEGI: Bai, nik uste dut azkenean lan mundu horretan hasteko edo lehenengo kontaktu hori edukitzeko bai dela garrantzitsua udako lan horiek eta aukerak badaudela diru pixka bat ateratzeko eta bueno, gero parrandan gastatzeko.
AMAIA BOSQUE: Bueno, garrantzitsua ez dakit, baina azkenean mundu honetan bizita, nik uste dut ondo dagoela ere bai hastea horrelako lanetan, zeren azkenean, ez baduzu sistematik kanpo bizi nahi edo, da ezinbestekoa. Eta nik uste dut horrelako lanak ondo datozela mundu horretan sartzeko apurka-apurka.

5.    Gainerako langileei konpetentzia egiten diezula uste duzu?
NEREA IRAOLA: Ez, denak berdin lana egiten dugu eta ez.
IKER URRITEGI: Konpetentzia nik uste ez dela baina bueno, ba igual bai enpresa batzuetan erabiltzen dituztela gazteak lehenago esan dudan bezala, kontratu prekarioagoak edo onartzeko erraztasun handiagoa daukagulako. Orduan konpetentzia konpetentzia ez nuke esango baina bueno.
AMAIA BOSQUE: Nik egin ditudan lanetan ez dut uste, zeren azkenean, mundu hori dago pentsatua hori, gazteengandik gazteentzako, eta orduan, ez daude begirale oso zaharrak. Nik ez ditut ikusi, orduan ez dut uste kasu honetan.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Jun 15, 2018
Number: 23888593
Dialect:
  • Batua
Duration: 04:16
Number of visits: 1741