Aldizkari Digitala

Elisabeth Eidenbenz: garai ilunetan erditzen lagundu zuena

Oso gazte zela, Elisabeth Eidenbenz-ek Elna izeneko amaetxea sortu zuen, gerrak harrapatuak zeuzkan emakume eta haurrei laguntzeko asmoz. 1939tik 1944ra bitartean, ia 600 haur jaio ziren Elnako amaetxean, eta gerrak ukatutako duintasuna eta gizatasuna eskaini zizkien.

Gizateriaren historian gertakari ilun asko dago. Liburuetako orriak eta gure oroitzapenak  beltzez bete dituzte gerrateek, genozidioek, hilketek, injustiziek… Egia esan, gizakiarengan fedea galtzeko moduko ekintza gehiegi izan dira.  Eskerrak noizbehinka itxaropen-zipriztinak azaltzen diren. Baina, zoritxarrez, azken horiek ez dira agerian jartzen gertaera historikoak aztertzean, edo horiei buruzko saiakera-lanetan. Baina agerian jartzen direnean, orduan bai, gizakiarengan berriro sinesteko indarra ematen digute.

XX. mendeko hasierako urteetan bazen gerra eta krudelkeria franko bazterretan. Baina garai goibel eta etsigarri haietan ez zuten guztiek etsi. Etsi ez zuenetako bat izan zen Elisabeth Eidenbenz irakasle suitzarra: nortasun handiko emakumea, bere bizia arriskuan jarriz, besteei laguntzeko prest agertu zen. 2011n hil zen emakume hau, baina berak egindakoak bizirik dirau.


Irakaslearen elkartasuna
Elisabeth Eidenbenz 1913ko ekainaren 12an jaio zen, Wila hiri suitzarrean. Irakasle-ikasketak burutu ondoren Suitzan eta Danimarkan aritu zen irakasle. Gizartearen alde gogor lan egin nahi zuen; bakezalea zen; eta arreta handiz jarraitzen zituen orduko Europako gertakari lazgarriak. 
20 urte eskas zituen Espainian gerra zibil latza hasi zenean. Gerra horretan erabaki zuen elkartasun-bidetik jotzea eta babes gutxien zutenei laguntzea. Lehen sorospenetarako oinarrizko heziketa jaso ondoren, boluntario joan zen errepublikarren eremura: Gerrako Umeei Laguntzeko Elkartean sartu zen jende zibilari laguntzeko. 
Erizain bihurtutako irakaslea 1937ko apirilaren 24an iritsi zen Madrilera, beste hainbat boluntariorekin. Gerragatik haur eta ama asko zeuden malnutrizio-arriskuan, eta beraz, hiltzeko arrisku bizian. Horiei laguntzea zen asmoa. 

 

Elnako amaetxea
Espainiako Gerra Zibila amaitu zenean Franko garaile atera zen, eta Espainiako diktadore bihurtu. Egoera horretan, errepublikazale askok ihes egin zuten Pirinioak zeharkatuta. Milaka errefuxiatu Frantzia hegoaldeko errefuxiatu-eremuetan sartu zituzten, baina egoerak gaina hartu zien frantziar agintariei.
Emakumeek ukuiluetan izaten zituzten haurrak, osasun aldetik inolako baldintzarik ez zuten lekuetan alegia. Haurra jaio eta berehala, jaioberriari eta amari beren onera etortzeko aukerarik eman gabe, errefuxiatu-eremuetako barrakoietara bidaltzen zituzten. Baldintza haietan ez zen harritzekoa ia jaioberri guztiak, eta ama asko ere bai, hiltzea. Ehunka ama eta ume hiltzen ari ziren Elisabethen aurrean, goseak eta hotzak jota. Elisabeth, ordea, ez zegoen etsitzeko asmoz.         

Elna herriko jauregi-etxe hustu bat amaetxe bihurtu zuen Elisabethek .

Giza drama hari aurre egiteko leku baten bila hasi zen, kosta ala kosta. Argelès-sur-Mer herriko errefuxiatu-eremutik gertu, Elna herrian, jauregi-etxe hustu bat aurkitu zuen. Huraxe izan zen irtenbidea, eraikina erortzeko zorian izan arren. Hainbat gizon boluntariok lagunduta etxe zahar erdi eroritako hura berritu zuten, ahal zen neurrian. Eta Elisabethek amaetxe bihurtu zuen: martxan izan zen 1939tik 1994ra arte. Horri esker 600 bat ume, eta beste horrenbeste ama, bizirik atera ziren.
Elisabeth ez zen ez emagin, ez erizain. Baina gogo biziz eta erabakiak hartzeko kemen handiz lortu zuen errefuxiatu-eremuetara zetozen emakumeek gutxieneko duintasunez erditzea. Batez ere, bizirauteko gutxieneko baldintzak bermatu zituen.
Elna amaetxeak aurrera egiteko, lehenik, Europa osotik diru-laguntzak eta heldu ziren. Ondoren, amaetxea Gurutze Gorrira afiliatua zegoenez aurrera egin zuen. Honek diru-arazoa konpondu zuen, baina giza-alderdia ez.
Izan ere, Elnara heldu ziren lehen emakumeak Espainiako errepublika-gunetik heldu ziren, 400 inguru. Baina Hitler agintera iristean bestelako errefuxiatuak hasi ziren Elnara etortzen, juduak gehienak. 200 bat ume judutar jaio omen zen Elnan. Baina Elnan sartu ahal izateko emakume judu horien dokumentu asko faltsifikatu zituen Elisabethek. Izan ere, Gurutze Gorriari lotutako erakunde guztiek neutraltasun-printzipioa bete behar zuten, eta errefuxiatu juduak errefuxiatu politikoak ziren. Beraz, arazo hori konpontzeko, ama izan nahi zuten judu askoren dokumentuak faltsifikatu zituen suitzarrak.

Elisabeth Zurichen hil zen, 2011ko maiatzaren 23an, 97 urterekin.

Baina toki guztietan zegoen Gestapo belarriluzeak, III. Reich-eko polizia sekretuak, jakin zuen Frantzia hegoaldeko herri galdu bateko amaetxean zer gertatzen zen. Eta Elisabeth mehatxatzen hasi ziren, etengabe. Eta atxilotu ere egin zuten, behin. Hala ere, amaetxeak ez zuen eten bere jarduera humanitarioa
Dena den, azkenean bai, 1944an, naziek Elna amaetxea itxi egin zuten. Hala ere, harro egon zitekeen Elisabeth. 5 urtez ia mila lagun salbatu zituen, eta garrantzizkoena, euren burua itxaropenik gabeko etorkizun ilun baten aurrean ikusten zutenei itxaropena itzuli zien.
Handik aurrera Vienatik hurbil bizi izan zen Elisabeth Eidenbenz. Hil, Zurichen hil zen, 2011ko maiatzaren 23an, 97 urterekin. 
Berak egindakoa ezkutuan izan zen urte askoan. Bere bizitzaren azken urteetan heldu zen erakundeen esker ona. 2002an Elna herriak omendu zuen. Beste sari garrantzizko batzuk ere jaso zituen; adibidez, Espainiako, Frantziako eta Israelgo gobernuek emanak.

 

 www.mujeresconciencia.com webguneko testu euskaratua    
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Jun 12, 2018
Number: 23811024
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 1353