Aldizkari Digitala

Irune Izkue aizkolaria

"Kirolean ez dut emakumezkoa edo gizonezkoa bereizten, pertsonak balio duen ala ez baizik"

Irune Izkue (Iruñea, 1991) aizkolaria Urrezko Aizkorako lehenengo emakume txapelduna da, eta horregatik egin da ezagun. Duela hiru urte hartu zuen aurrenekoz aizkora, baserriko lanetan aritzen baitzen, etxeko baserritarrak animatuta. Baserria maite du eta Elgorriagan (Nafarroa) bizi da, bere hitzetan “ez baitut bulego batean lan egiteko balio”. Malerrekako herrixka horretara joan gara eta nola entrenatzen duen ikusteko aukera izan dugu.

1.   Nola bururatu zitzaizun aizkoran hastea?
2014ko abenduan hasi nintzen, Beintza-Labaienen bizi nintzenean. Izan ere, herri-kiroletarako zaletasun izugarria dute bertan. Aizkoraz asko zekien familia bati baserriko lanetan laguntzen nien eta bertakoak erran zidan agian aizkoran ongi ibiliko nintzela. Nik probatuko nuela erantzun nion, ideiarik izan gabe. Hurrengo egunerako egurra prest zeukan, aizkora eskutan hartu eta jotzen hasi nintzen.

Enborra mozten hasi aurretik, hainbat prestaketa lan egin behar izaten ditu Irunek.

2.   Nolakoak dira zure entrenamenduak?
Lan-ordutegiak utziz gero, astean bitan entrenatzen dut: asteazkenetan eta larunbatetan. Kañamares familiarengana joaten naiz eta beraiekin egurra moztu edo lanen batean laguntzen diet; gauza anitz ikasten ditut. Bi egun horietaz gain, mendira joaten naiz, bizikletan ibiltzera edo palan jokatzera.

3.    Zu izan zara Urrezko Aizkorako lehenengo emakume txapelduna. Zer izan da lorpen hori zuretzat?
2017ko txapelketa horren ostean, ez nuen horrelako oihartzunik espero. Bat-batean harrapatu ninduen, zer lortzen ari nintzen ez bainekien. Egunkaritik eta telebistatik deitu zidaten eta ederra izan zen! Zerbait lortu edo lortzen ari nintzela ohartzen hasi nintzen.

4.   Zure bizimodua asko aldatu da?
Nik ezetz uste dut. Lehen bezala bizi naiz, baina jende gehiagok ezagutzen nau orain. Telebistari edo egunkariei esker, orain jendeak “agur, aizkolari!” erraten dit eta ni kontent nago.

5.  Badirudi emakumeak orain pilotan, giza proban edo aizkoran, adibidez, hasi zaretela. Lehen ez zegoen horrelakorik?
Lehen ere aizkoran edo pilotan jokatzen zuten, baina ez jendaurrean. “Zer errango dute”, “ezin dut gizonezkoek adinako lanik egin” edo antzekoak entzuteko beldurra zuten. Moldeak hausten ari gara: pilotan ere Emakume Master Cup txapelketan 100 pertsonak izena eman dutela irakurri dut eta oso pozgarria da hori. Poliki bada ere, gure bidean aurrera goaz.
Duela urte batzuk, Maika Ariztegi iturendarrak saralegitarren aurka jokatu zituen txapelketa batzuk, baina horren ostean eten bat egon da eta ez dakit zein izan den arrazoia. Ni hasi nintzenerako, ordea, baziren beste batzuk, Maika Ariztegiz gain: Nerea Sorondo beratarra, Itxaso Onsalo Aresokoa, Leire Astiazaran amasarra, Alazne Etxaburua zizurkildarra eta Irati Astondoa Zeanurikoa. Euskal Herrian sei edo zazpi gara.

Enborrei motozerrarekin kentzen zaie azala gaur egun, baina aizkorarekin nola egiten zen ere badaki Irunek.

6.  Aizkoran, emakumeek badute dohain berezirik?
Kirolean ez ditut emakumeak edo gizonezkoak bereizten, nik balio duten edo ez duten pertsonak ikusten ditut. Berezia baino gehiago, berezkoa izan behar duela uste dut. Ni Iruñekoa naiz eta nork esango zuen horrelako zaletasuna edo gogoa izango nuenik? Nik neuk ere ez. Nire kasuan, ikusi, probatu, ausartu eta gaizki moldatu ez naizenez, aurrera egin dut. Denok ez dugu denetarako balio. Adibidez, nik ez dut bulegoan lan egiteko balio, eta beste batzuek bai, ordea. Kirolean gauza bera da: denek ez dute/dugu balio.

7.  Herri-kirolak, eta kasu honetan aizkora, gizonezkoen mundua izan dira. Noizbait jaso duzu erantzun arraroren bat?
Aurpegira zuzenean ez didate deus erran. Normalean, jendearen babesa jasotzen dut.  Agian, atzetik errango dute, baina hori bizitzan gertatzen den zerbait ere bada. Gainera, erraten didate emakumeen artean zaletasuna sortzen ari garela eta horrek aurrera jarraitzeko indarra ematen dit, barrua betetzen didalako. Maitasuna eta animoak sentitzen ditut, oraingoz behintzat.

8.   Herri-kirolen etorkizuna bermatuta dago, zure ustez?
Orokorrean etorkizuna izango dutela uste dut, nahiz eta gutxiengoan dagoen kirola izan. Nire ustez, haurrei ikastetxean erakutsi beharko litzaieke zein zen gure aitona-amonen edo gurasoen baserriko bizimodua. Denei ez zaie gustatuko, baina horren bidez zaletasuna piztu daiteke, herri-kirolen etorkizuna bermatu ahal izateko.

9.   Txapelketetan parte hartzen ari zara, baina apustuak egitea ere gustatuko litzaizuke?
Txapelketei esker entrenatzen jarraitzeko edo hobetzeko motibazio handiagoa izan genezake. Apustuak ere garrantzitsuak dira zentzu horretan. Zaletasun handia sortzen dute eta jendeari gustatzen zaio kirolaria indarrik gabe, lehertuta, nola geratzen den ikustea. Nik ez diot apustuari aterik itxiko.

10.   Eta etorkizunerako, zer? Emakume gehiagok parte hartuko dutela uste duzu?
Gazteendako garrantzitsuak dira guk emandako pausoak, haiek ere gai direla ikusteko. Guk bidea pixka bat ireki dugu, baina gazteek herri-kiroletan hasteko gure laguntza beharko dute. Aizkoran hasteko, adibidez, gauza asko behar ditugu. Nik zer dut? Aizkorak eta gogoa. Gainerako guztia Kañamaresek dauka eta berari esker naiz aizkolaria. Ez da enborraren gainera igo eta moztea bakarrik, gauza asko behar baitira: motozerra, egurrari azala kentzekoa, materiala lortzeko kontaktuak, prestatzeko jakituria, idorpean (aterpean) dagoen leku bat… Beraz, ez da erraza.

 

Transcription:[+] Transcription:[-]

1.    Noiz hasi zinen aizkoran?
Ni hasi nintzen 2014ko abenduan. Hori da, bai, Labaienen (Beintza-Labaienen) bizi nintzen orduan eta hor badago kristoren afizioa (zaletasuna) aizkoran eta herri-kirolei. Eta bueno, elkartu nintzen familia batekin horretan bastante (nahiko) sartuak zeudenak eta hori, egun batean erran zidan horko gizonak “pues igual, zu aizkoran ibiliko zinen”, eta nik ideiarik izan gabe erran nion “pues igual bai, probatuko dugu”. Hurrengo egunean bazegoen egurra prest, aizkora hartu eskuetan eta jo.

2.    2017ko Urrezko Aizkorako lehenengo emakume txapelduna zara. Zer da lorpen hori zuretzat?
Egia erran, 2017ko txapelketa horretan ez nuen espero horrelako erreperkusioa edo oihartzunik izango zuenik, harrapatu zidan (ninduen) horrela bat-batean. Ez nekien zer lortzen ari nintzen, zer-nolako oihartzuna izango zuen eta niretzat kristona, egia erran. Momentuan ez nintzen ohartu baina gero, egunak pasata (pasatuta), egunkariak deika, edo telebista… Orduan, pues, ohartzen zara pixka bat zerbait lortu edo lortzen ari zarela.

3.    Badirudi emakumek orain hasi zaretela aizkoran, pilotan… Lehen ez zegoen inor?
Nik uste dut lehen ibiltzen zirela aizkoran edo pilotan edo, baina ez zirela ausartzen publiko aurrean edo egitera. Pues igual, zer errango duten edo emakumea da eta ezin du gizonen lan adina egin… Nik uste dut dela alde horretatik, pixka bat beldurra igual  zer erran behar dutenari (duten). Baina, nik uste dut orain molde horiek hausten ari direla, pilotan Master Cup edo horretan hasi dira, beste egunen irakurri nuen 100 bikote (pertsona) edo bastante (nahiko) neska apuntatu zirela eta bueno hori baita ere da pozgarria. Ematen du ia pauso hori eman dugula eta bagoala (bagoazela) poliki-poliki aurrera gure bidean.

4.    Aizkoran, emakumeek baduzue dohain berezirik?
Kirola ikusterako momentuan ez dut bereizten igual gizonak eta emakumeak. Nik uste dut pertsona bat (batek) igual balio duela edo ez duela balio, sexu-genero edo hori aldean utzita.  Orduan, pues, nik uste dut aizkoran hastearekin zuk ikusten duzu balio zaren (duzun) edo ez… Berezia nik uste dut, berezia baino nik uste dut berezkoa izan behar duela. Nik adibidez, nork errango luke Iruñean jaioa den pertsona batek abilidade edo gogo hori, ikasteko izango zuena (zuenik). Nik neuk ez nekien. Hori izan zen ailegatu, ikusi eta erran, bueno, agian, probatuko dut. Nik uste dut dela hori: ausartzea pauso hori ematera, probatzea, eta gero, gustatzen bazaizu ongi edo balio bazara (baduzu), ongi. Badago jendea ez duena denetarako balio. Adibidez nik uste dut nik ofizina (bulego) batean lan egiteko ez naizela (dudala) balio. Orduan, badira beste batzuk baietz. Kirolean nik uste dut dela berdina: batzuk balio dute eta beste batzuek ez.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Jun 1, 2018
Number: 23447104
Dialect:
  • Batua
  • Nafarrera
Duration: 03:20
Number of visits: 2731