Aldizkari Digitala

Zer da Slow mugimendua?

Dena azkar egiten den garai honetan, batzuek gauzak polikiago egiteko aldarrikatzen dute. Zuk zer nahiago duzu, gauzak poliki eta patxadaz egin edo lehenbailehen bukatu eta beste gauza batera pasa?

Gaur egungo gizartean, guztia korrika eta presaka egiten dugu. Ez dugu sukaldean aritzeko denborarik; ez daukagu gure aitona-amonen garaiko pazientziarik goiz osoan sutan egongo diren babarrunak prestatzeko. Horren ordez, janari azkarrari ireki diogu atea: McDonalds, Telepizza, KFC, Burger King… guztioi ezagunak egiten zaizkigu, normaltasun osoz kontsumitzen baititugu. Horri aurre egiteko, Slow Food mugimendua sortu zen. Mugimendu honek, inguruko elikagaien kultura defendatzen du. Janari onak, garbiak eta bidezkoak sustatzen ditu, eta bertako jakien ekoizpena babesten du.

Baina Slow mugimenduak ez du elikagaiekin soilik zerikusia, hainbat alorretara zabalduta baitago:  Slow Philosophy, Slow Fashion, Slow Cities, Slow Work…  Esan bezala, gizarte osoaren bizitza-abiadura azkartu egin da, eta horren kontrakoa bilatzen duen mugimendua da Slow: bizitzako edozein alor lasaitasunez hartzea, zerbait egiteko garaian prozesuaz gozatzea, lekuko baliabideak erabiltzea…

Guk, oraingoan, beste alor bat hautatu dugu: Slow Fashion. Horri buruz hitz egiteko, Tytti Thusberg diseinatzailearekin elkartu gara. Euskal Herrira duela hogei urte iritsi bazen ere, bera finlandiarra da, suomitarra. Donostiako Egia auzoko bere arropa-dendan egin diogu elkarrizketa.

 

SLOW FASHION MUGIMENDUA


Slow mugimendua 80ko hamarkadan sortu zen, Italian. Mugimendu honek presarik gabe bizitzea berreskuratu nahi du, bizitzaren plazer txikiek eta dibertsitateak ekarritako aberastasunez gozatzea. Diseinatzailearen ustez, orduan jarri zitzaion izena, baina lehenagotik existitzen zen. Ziurrenik, munduko txoko askotan aldi berean jarri zen martxan, eta alor askotara zabaldu da.

Thusbergen kasuan, txikitatik lan egin du filosofia horrekin, baina oraindik ez zitzaion Slow Fashion deitzen. “Nik txikitatik lan egiten nuen etxeko gortinekin edo bigarren eskuko arroparekin. Horrelako gauzak beti egin izan dira, eta ez nik bakarrik, jende gehiagok ere bai”, azaldu digu finlandiarrak. Janariarekin gauza bera gertatzen da: Euskal Herrian, beti garatu dira bertako produktuekin egindako plater bikainak, baina ez genekien hori Slow Food zenik edo izen bat zuenik.

Gaur egungo gizartean, moda ere ziztu bizian doa. Finlandiarraren izaerak gauzak beste modu batean egiteko esaten zion: “2004. urtean, Gipuzkoako Foru Aldundian Slow Fashion erregistratu nuen, eta Wikipedian 2007. urtean Londresko diseinu eskola batean sortu zela jartzen du… Esan dudan bezala, hainbat lekutan garatu zen momentu berean”.

 

JARRAITZAILEEN BILAKAERA


Gero eta jende gehiagok ezagutzen du gaur egun Slow mugimendua. Modari lotuta, adibidez, Espainia mailan Slow Fashion Next plataforma sortu zuten. “Ni lehenengotariko jarraitzailea izan nintzen, eta, orain, 10.000 jarraitzaile baino gehiago ditu”, esan digu. Gainera, sare sozialei esker, zabalkundea asko erraztu dela esan daiteke.

Duela 6 edo 7 urte, lanbide hau ea galtzen ari zen galdetzen zioten Thusbergi, baina ez da horrelakorik gertatu. Bat-batean, Hipster eta Do it yourself bezalako mugimenduei esker, moda momentu on batean dago, eta kontsumitzaileak abaniko zabal bat du aurrean.

 

   
  Nazioarteko pasarela ezagunetan erakutsi ditu material ekologikoekin egindako bere soinekoak eta autoko uhalekin egindako poltsak.

 

FINLANDIATIK EUSKAL HERRIRA


Tytti Thusberg (Mikkeli, Finlandia, 1969) duela hogei urte etorri zen Euskal Herrira. Moda eta diseinu ikasketak egin ostean, diru-laguntza bat eskatu zuen eta, bere osaba bat Euskal Herrian bizi zenez, hona etortzea erabaki zuen. “Hemen artearekin lotutako mugimendua bazegoen, eta horregatik ere etorri nintzen hona”.

Berak dioenez, zortea izan zuen: “Garai hartan, Artelekun bulegoa izan nuen, eta oso bizirik zegoen, lagun asko egin nituen…”. Finlandiarrak primeran hitz egiten du euskaraz, eta, etorri baino lehen, euskal kulturari buruz zerbait bazekiela esan digu. “Argi neukan euskara ikasi nahi nuela, kulturaren oinarria delako”, aitortu digu. Suomitarren hizkuntza ere aurre-indoeuroparra dela kontatu digu, euskara bezala, eta horrek ere lagundu omen dio errealitatea ulertzen.

Hasieran, euskaltegi batean eman zuen izena, baina oinarrizko hiztegia bakarrik ikasi zuen. Bere kabuz ikasi du: entzunez, irakurriz eta jendearekin hitz eginez, batez ere: “Niretzat hori da garrantzitsuena, jendearekin hitz egitea”.


 

Transcription:[+] Transcription:[-]

Zer da Slow mugimendua?
TYTTI THUSBERG: Slow mugimendua niretzat ez da gauza berria, zeren ia txikitatik birziklatutako materialekin ibili nintzen, eta, bueno, gero mugimendu hori sortu zen, baina, beraz, ez da ezer (ez) berria, eta bueno, jarraitzailea naiz zeren naturalki gauza hori sortu zait nire ibilbidean, bai ikasketetan, bai nire bizitzeko moduan. Eta hori da.

Zergatik aukeratu duzu Slow mugimendua?
TYTTI THUSBERG: Ba bueno ja nire ikasketetan, orain dela 25 urte, birziklatutako materialak erabili nituen eta bueno… Esan nizun bezala, gero, mugimendu bat sortu zen. Lehen, zen mugimendu ekologista, eta gero Slow Fashion izena jarri zuten. Baina aipatzeko, nik 2004an egin nuen proiektu bat Slow Fashion izenarekin. Proiektu artistikoa zen, baina proiektu horren oinarriak ziren Slow Fashion-en oinarriak, eta ofizialki 2007an sortu zen Ingalaterran diseinu eskola batean. Baina bueno, ba hori ez kasualitatea zeren askotan gertatzen da munduko leku ezberdinetan. Jendea pentsatzen ari da gauza berdina eta bueno, horrelaxe mugimenduak sortzen dira.

Zein bilakaera izan du?
TYTTI THUSBERG: Azken bost urteetan igoera asko (handia) ikusi dut. Eta badaude plataforma ezberdinak, eta sare sozialetan, bereziki, asko mugitzen ari da. Eta bueno, geroz eta gehiago, eta ez bakarrik modan baizik eta beste arloetan.

Nola ikasi duzu euskara?
TYTTI THUSBERG: Ba bueno, orain duela hogei urte hona etorri nintzen, eta, bueno, banekien euskal kulturari buruz pixka bat, zeren nire osaba hemen bizi zen. Eta, bueno, ja hasieratik garbi neukan euskara ikasi nahi detelako (dudalako) zeren kulturaren zati handi-handia da; kulturaren oinarria da. Eta, bueno, hori da. Eta beste aldetik ni finlandiarra naiz, suomitarra, eta nire hizkuntza aurre-europarra da. Orduan, badakit zer da (den) hizkuntz txiki batekin bizitzea eta nolakoa da. Eta guri beti erakutsi ziguten gure hizkuntza da baloratzea (baloratzen)  eta gure kultura ba hori, baloratzea (baloratzen).
Ba hasieran, euskaltegi batera joan nintzen baina bakarrik urte eta erdi. Oso gauza, ba ez dakit, oso oinarrizko gauzak ikasi nituen: “ireki-itxi, hartu-eman…”, horietako gauzak. Baina gero, nire kabuz ikasi dut, eta egia esateko oso gutxi ikasi dut. Ia-ia dena bakarrik entzuten eta irakurtzen edo jendearekin hitz egiten. Eta hori bai, garrantzitsua da pertsonekin hitz egitea. 
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Oct 21, 2016
Number: 2334662
Duration: 00:04:28
Number of visits: 7365