Aldizkari Digitala

Piercing eta tatuajeen moda pasatu ote da?

Tatuajeen eta piercingen jatorria zein den jakitea ez da erraza, baina garbi dago oso aspaldikoa dela.

Batzuek tatuajeen lehenengo aztarna Perun kokatzen dute. Txintxorro kulturaren momia batzuetan, K.a. 2000. urteko tatuajeak topatu omen zituzten. Piercingak, berriz, K.a. 709. urtean egiten zirela erakutsi dute orduko hieroglifiko batzuek. Erritual batzuk egiten zituzten, eta ahoa zulatzen zuten.

Aspaldian sortuak badira ere, gaur egun ere modan daude. Gorputza zulatzeko edo marrazteko modua aldatu egin da, baina, oinarrian, gauza bera lortu nahi dugu, horrekin zerbait adieraztea edo gorputza apaintzea.

Duela 18 urte, Luzia Elizetxe barañaindarrak piercer-a (piercingilea). izatea erabaki zuen  “Sudurrean piercing bat egitera joan nintzen, eta pistola sartu zidatenean, ezin zuten atera. Odoletan hasi nintzen, eta, orduan, honetan lan egin nahi nuela erabaki nuen, horrelakorik ez egiteko”. Momentu horretan 15 urte zituen, eta 18 urte izan arte itxaron behar izan zuen ikastaro bat egiteko. Hainbat dendatan jardun ondoren, duela 12 urte berea ireki zuen: Moshimoshi. Bertan elkartu gara berarekin, Iruñean.  

TATUAJEEN ETA PIERCING-EN BILAKAERA
Luziak dendara adin guztietako jendea joaten dela esan digu: “Haurrak belarrietako lehenengo zuloak egitera etortzen dira, eta nerabeak tatuaje bat edo piercing bat egitera. Gurasoekin etorri behar dute guztiek, adin txikikoek baimena behar baitute”. 18 urtetik gorakoen artean, berriz, ez dago adin-mugarik. Gehienak emakumeak dira: “Ausartagoak garelako, agian. Tatuajeen kasuan, parekatuagoa da emakumeen eta gizonezkoen arteko balantza”.

Une honetan, pil-pilean dago gorputzean aldaketak egitea. “2000. urtearen inguruan, modan jarri zen, baina gero beherakada bat gertatu zela esan dezakegu. Orain, berriro ere gorantz doa”, azaldu digu Elizetxek. Piercingak eta tatuajeak lotuta joan dira beti, eta Moshimoshi dendan ere biak egin daitezke: “Nik ez dut tatuajerik egiten, ez baitut ondo marrazten. Brasileko mutil bat etortzen da horretara; bera da dendako tatuatzailea”.  

Moshimoshi denda Iruñeko San Frantzisko kalean dago, eta bertan, tatuajeak eta piercingak egin daitezke.
 

Baina zenbait gauza aldatu direla aitortu digu: “Garai batean, tatuajeak ikusten ez ziren gorputzeko ataletan egin nahi genituen. Gaur egun, ordea, erakutsi egin nahi ditugu”. Aldaketa horren arrazoia zein den galdetzean, erantzuna oso argi du: “Lehen, kartzelarekin edo bizitza istilutsua izaten zuten pertsonekin lotzen ziren, bizimodu ilun baten parte edo. Orain, ikono sozialek eramaten dituzte; aldizkarietan eta telebistan ikusten ditugu, eta guk ere beraiek bezalakoak izan nahi dugu”.

EUSKALDUNOK, ORAINDIK BIDEAN
Euskal Herria beste herrialde batzuekin alderatzen badugu, oraindik zeregina badagoela esan digu Elizetxek: “Euskal Herrian modan dago bai, baina oraindik asko dago egiteko. Bartzelonan, adibidez, jendeak ez du inolako lotsarik”. Hemen herrietan bizitzeak zerikusia duela esan digu. “Jendeak nitaz zer pentsatuko du?” Horrek beldurra ematen digula iruditzen zaio Luziari. Gainera, beste leku batzuetan hemen baino tatuaje edo piercing gehiago eramaten dituzte, eta gorputzean beste modu bateko aldaketak egiten dituzte: mihi zatibitzea, belarrietan dilatazio handiak egitea edo gorputz osoa tatuajez beteta eramatea, besteak beste. “Zentzu horretan, hemen ez daukagun askatasuna izatea nahi nuke, hemen ere jendea berdin jokatzea edo pentsatzea”.

Sare sozialek aldaketa handia eragin dute: mundu osoko irudiak ikus daitezke Interneten.
 
Garaiotan hemen jarraitzen dugun tendentziari buruz galdetu diogu: “Tatuaje handiak eskatzen dira, edo txiki batekin hasi, eta gero, handitzea eskatzen dute. Normalean, Katrinak, Maoriak edo Koberak (lehenagotik egindako tatuaje bat estaltzea edo gainean beste bat egitea) eskatzen dute. Beraz, harro daudela erakusten dute. Piercingak, berriz, belarriko kartilago osoan, Septuma (sudurraren erdialdean) edo dilatazioak egiten dira gehien.

Eta, zuk baduzu tatuajerik? Eta piercingik? Egingo zenuke? Non? Zure ustez, modaz pasatu dira? Edo modan daude? Zergatik?

 

 

 

Transcription:[+] Transcription:[-]

Nor etortzen da Piercingak eta tatuajeak egitera?
LUZIA ELIZETXE: Jende ezberdina etortzen da, orduan, bueno etortzen dira ume txikiak gurasorekin egiteko lobuluko piercing normalak, eta gero, beno gurasorekin etortzen diren adoleszenteak, ba hori, behar dutela (dutenak) baimena egiteko piercingak, eta gero badago etortzen da jendea 18 urtetik ez dakit... Gehienetan emakumeak.
   
Une honetan modan dago?
LUZIA ELIZETXE: Orain bai, modan dago. Jendea etortzen da tatuajeak eskatuz, baina ikusi ahal den lekuetan: esku muturrean edo lepoan… Piercingak baita (ere) asko eskatzen dute (dituzte), orain modan dago septum-go piercinga egitea, bale? badauka gauza, ba beno, horretan egiten dute tranpa, ikus daiteke baina baita ezkutatu daiteke. Orduan ba bueno, pila bat gustatzen zaigu gehienetan neskei, baina baita badakigu lana egiteko eta beste gauzendako igual (agian) hobe dugula ba ez erakustea.

Zein izan da bilakaera?
LUZIA ELIZETXE: Duela, ez dakit, nik badaramat ia 18 urte lan egiten honetan piercingetan eta bueno… 2000. urteko hamarkadan izan zen gorakada handia, baina gero, pixka bat beheratu zen, eta orain, baita ari da indarra (indar handiarekin) askorekin berriro hasten, bale? Orduan lehen eskatzen ziren piercingak, ez dakit, sudurrean edo zilborrean… eta orain ba eskatzen dira gauzak pixka bat espezializatuagoak.
Orain bai gustatzen zaigu tatuajeak erakustea, bale? gaur egun ikono sozialekin; modeloak edo futbolistak edo… tatuajeak eramaten dute (dituzte). Orduan beldurra galdu dugu… da pixka bat bizimodua, zeren espresatzen gara ere tatuajeekin.

Euskaldunak ausartak gara piercingekin eta tatuajeekin?
LUZIA ELIZETXE: Gustatuko litzaidake baietz esatea, baina ez da hala, Osea (hau da), azken finean hemen bizi gara herrietan. Ematen dugun (ditugun) tatuajeak erakustea gustatzen zaigu, baina, beno, ez Bartzelonan bezala, zeren joaten zarela (zarenean) kaleetatik, eta ikusten duzula jendea dagoela tatuajez aparte eramaten dutela ba ez dakit igual (agian) modifikazio (aldaketa) pertsonalak eramaten, ba ez dakit; “lengua bífida” (mihi zatikatua) edo igual (agian) dilatazioak oso handiak…
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Sep 16, 2016
Number: 2290106
Duration: 00:03:33
Number of visits: 8112