Aldizkari Digitala

Teresa Campos Lopez, arkeologoa

"Besoita-Ormaetxeari esker, badakigu zein izan den baserriaren sorkuntza eta garapena"

Teresa Campos Lopez arkeologoa Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da. Jaenen jaio zen 1975. urtean, eta Euskal Herrira etorri zen duela hamabost urte. Euskara ikastea “kosta” egin zaiola aitortu digu, baina arazorik gabe mintzo da gaur egun. Euskal baserriaren aitzindaria aurkitu zuten Berrizen (Bizkaia): Besoita-Ormaetxea baserria, eta proiektu horretan hartu du parte arkeologo andaluziarrak. Bertan, XII. mendeko aztarnak topatu zituzten, eta ordutik gaur egun arte baserriak izandako bilakaera zientifikoki frogatzea lortu dute. Gainera, jendeak ondarea ezagutzeko aukera izateko, iaz bisita gidatuak antolatu zituzten. Aurkikuntzak suposatzen duenaren inguruan hitz egin dugu Teresarekin.

1.    Zer egiten du Andaluziako arkeologo batek euskal baserria ikertzen?

Hona etortzea erabaki pertsonala izan zen, eta oraingoz oso pozik nago Arrigorriagan (Bizkaia). Ondarearen zabalkundean egin dut lan beti, baina ondare islamikoa ikertzen hasi nintzen. Hala ere, Euskal Herrira etorri nintzenean, hemengo historia ikasi nuen: indusketak eta baserria ikertzen hasi nintzen… Arkeologiarekin lotutako lan handiena eremu horretan baitago.

2.    Zergatik da aitzindari Berrizko Besoita-Ormaetxea baserria?

Bi arrazoiengatik da aitzindari: lehenik eta behin, ez genuen ikerketa arkeologikoa bakarrik egin. Hainbat diziplina hartu genituen aintzat: arkitektura, etnografia, infografia, bizimodua nolakoa izan zen… Proiektu biribila izan da. Eta bestetik, ez da horrelako eraikin bat ikertzen den lehenengo aldia, baina bai sekuentzia osoa lantzen den aurrenekoa, guztia jarraian egiten dena.

3.    Nola egiten da horrelako ikerketa bat?

Lehenengo urratsa ikerketa arkeologikoa izan zen, 2014. urtean. Ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiaren diru-laguntza lortu genuen, eta Gerediaga elkartearekin harremanetan jarri ginen. Haiekin sekuentzia osoa dokumentatu dugu. Prozesu luzea izan da. Azkenik, bisita gidatuak ere antolatu genituen, proiektua gizarteratzeko.

4.    Nolako aztarnak topatu zenituzten indusketa arkeologikoetan?

Baserriaren sorkuntza modu zientifiko batean frogatu dugu estreinakoz. Bi etxola zeuden: lehenengoa, biribila, eta bigarrena, laukizuzena. Nola? Lurzoruan zeuden zutabeen zuloei esker. Horiek etxolen forma zehazteaz gain, bertan zegoen ikatza datatzeko aukera eman zigun. Horregatik, ziurtasun osoz esan dezakegu etxola laukizuzena XII. mendekoa dela. Horren ondoren, XV. mendean, harrizko baserria agertu zen.



    Arkeologo andaluziarrak Euskal Herriko Unibertsitatean eskolak ematen ditu.

5. Nolakoa zen Euskal Herriko baserria Erdi Aroan?

Besoita-Ormaetxeari esker, badakigu zein izan den baserriaren sorkuntza eta garapena. Zorte handia izan genuen lan arkeologikoa egiterakoan, izan ere, baserrian konponketa-lanetan ari ziren, eta lurzoru osoa ikusteko aukera paregabea izan genuen. Zutabeen zuloak agertzen hasi ziren, eta bertako geruzak liburu bat bezalakoak izan ziren guretzat: orrialdez orrialde irakurri genituen, zein zen zaharragoa, zein gazteagoa, ikatzak aztertu genituen… Emaitza oso interesgarria izan da.

XV. mendean, harrizko baserria eta egurrezko garaia ziren euskal baserriaren ezaugarriak.

6.    XII. mendetik XXI. mendera garapena nolakoa izan da?

Hasieran, siloa zegoen egurrezko etxolaren barruan: aleak eta bazka gordetzeko lurrean egindako zulo handi bat. Ondoren, XV. mendeko harrizko baserrian, zutabeak soilik ziren egurrezkoak. Bertan, dolarea zen eraikinaren erdia, erraldoia baitzen eta sagardo ekoizpen handia egiten zuten. Mende horretan, uzta gordetzeko, garaiak siloa ordezkatu zuen: baserritik kanpo, bereizita zegoen egurrezko etxola zen, eta familiak zuen boterea adierazten zuen. XVIII. mendean, Ameriketatik ekarritako landareak iritsi ziren Euskal Herrira, artoa, adibidez. Horiek lehortzeko, ganbara egokitu zuten, eta ordura arte kanpoan egondako abereak barrura sartu zituzten. Izan ere, arto-sailak landatzeko lursail handiak behar zituzten. Horren eraginez, dolareak ere leku txikiagoa hartu zuen eraikinaren barrualdean.
Gaur egun, berriz, baserria ia desagertu egin da. Gogoan izan baserria esaten dugunean, bi esanahi dituela: batetik, ekoizpen-sistema, XII. mendekoa eta desagertzear dagoena, eta, bestetik, eraikina, XV. mendean harrizko baserriarekin sortutakoa eta oraindik bizirik dagoena.

7.    Aurkikuntzaren zabalkundea egin duzue. Jendeak interesa duela uste duzu?

Erantzuna itzela izan da, eta bisita gidatuetan jende askok hartu du parte. Gure helburua horrek behar luke: ondarearen zabalkundeak eta gizarteratzeak, baina tamalez, denbora, gogoa eta dirua falta zaizkigu ia beti. Gizakiok aukeratzen dugu ondarea zer den eta zer ez den: sentimenduak eta identitatea ondarearekin zeharo lotuta baititugu. Ikertzaileok lana ongi egingo bagenu, azken urratsa gure edukien zabalkundea izango litzateke beti, gizarteari zor diogulako. Nire ustez, onerako da: ikertzaileok sortutako edukiak gizartearekin partekatuz gero, jakinmina eta ulermena sortuko ditugu. Gainera, gure ondarea garrantzitsua dela pentsatzen badugu, maitatu, errespetatu eta babestu egingo dugu. Horixe da gure helburua: ondarea ezagutzea, partekatzea eta babestea.
 

Transcription:[+] Transcription:[-]

1.    Zergatik da aitzindari Berrizen ikertu zenuten Besoita-Ormaetxea baserria?
Izan zen oso inportantea bi arrazoiengatik: lehenengo eta behin, landu genuen ikerketa proiektu osoa, bai? Ba, ez zen bakarrik, beno… Aintzat hartu genuen hainbat diziplina anitz, hau da, ez zen bakarrik arkeologiaren ikerketa bat. Gero, bestalde, ez da lehenengo aldiz (aldia) horrelako baserri eraikin bat ikasten duguna, baina dena elkarrekin jarraian, hau da, sekuentzia osoa horrela landuta, bai da lehenengo aldiz, (aldia) eta hau da proiektuaren ezaugarri bat.
2.    Zer aurkitu zenuten bertan?
Beti esaten dugu lehenengo aldiz (aldia) izan da (dela) baserriaren sorkuntza modu zientifiko batean frogatu egin dela, bai? Eta beno, aurkitu genuena izan zen bi etxola desberdinak: lehenengoa, zaharrena, izan zen borobila, hainbat poste-zulo aurkitu genituen… Baina, badakigu gero egin zuten (zutela) beste etxola bat desberdina, errektangularra (laukizuzena) eta erabiltzen zituzten zutabeak edo hori egiteko, handiagoak ziren eta hori bai datatu genuen. Izan genuen aukera aurkitzeko ikatz batzuk poste-zulo batean eta badakigu, ziurtasun osoz, etxola hori XII. mendekoa dela.
3.    Nolakoa izan da baserriaren garapena XII. mendetik XXI. mendera?
Joan gara etxola batetik harrizko baserri batera; izan dugu ba bueno, iraupeneko nekazaritza modu batetik, familiak hasi ziren Amerikatik ekarritako landareak eta produktuak erabiltzera (erabiltzen) eta garatzera (garatzen); ganadua, abereak, lehen izaten ziren baserritik kanpo eta gero pasatu ziren barrura, eta orain desagertu dira; zer gehiago? Dolarea izan zen baserriaren bihotza eta gero desagertu zen, txikitu zen; eta bueno, esan dezakegu ikusi dugu (ikusi dugula) baserriaren ekoizpen-sistematik, eta orain etxebizitzara pasatu gara.
4.    Bisita gidatuak antolatu zenituzten. Jendeak interesa duela esango zenuke?
Aitortu behar dut erantzuna itzela izan zela. Azken finean, bueno, nik esango nuke hau izan behar zela gure helbururik nagusiena, bai? Eta tamalez, beti faltatzen zaigu denbora, gogoa eta dirua hau egiteko, eta indarra be (ere) bai hau egiteko. Momentu honetan, zabalkundea (zabaltzea) eta gizarteratzea ondarearen ikerketak izan beharko zen gure helburua.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
May 4, 2018
Number: 22443641
Dialect:
  • Batua
Duration: 04:10
Number of visits: 3015