Aldizkari Digitala

Urtebetetzea. Gustatzen zaizu egun hori ospatzea?

"Zorionak eta urte askotarako" esaten digute gure urtebetetze egunean. Jaio ginenetik zenbat denbora pasatu den ospatzen dugu urtero.

Urtero, egun hori egutegian berezia izaten da norberarentzat, ospatzeko egun bat, aitzakia bat. Gu gara protagonista, jendeak telefonoz hots egiten digu, belarritik tiratzen digu, tartako kandelak putz eginda itzaltzen ditugu, opariak irekitzen ditugu, zerbait berezia egiten dugu…

Baina guztioi gustatzen zaigu egun hori ospatzea? Badago zimurrak ateratzea nahi ez duenik ere. “Urtebete gehiago? Zertarako?” pentsatzen duena. Denok entzun dugu noizbait 30, 40 edo 50 urte betetzearen krisia. Garai horietan, zahartzen ari garela sentitzen dugu, eta, denbora geratu nahian bezala, inoiz egin ez duguna egiten dugu, zerbait berezia: bidaia bat, paraxutean jauzi egin, festa handi bat antolatu…

Zuriñe Maguregiren ustez, gauzak ospatzea gustatzen zaio jendeari, urtebetetze-eguna adibidez, bestela egun guztiak eta hilabete guztiak berdinak direlako. Bera Santurtzikoa da, eta, 2015eko urrian, Donostian, Goxatu proiektua jarri zuen abian, Naiara Arregi anoetarrarekin batera. Bertan, urtebetetze-festak antolatzen dituzte eta eskaintza zabala dute. Horren inguruan hitz egin dugu berarekin.

 

AISIALDIRAKO FAMILIAGUNEA
Argi dago guztiok ez dugula berdin bizi gure urtebetetze-eguna: “Adinaren arabera nabaritzen da ezberdintasuna; umeek ez dute mugarik beraien sentimenduak, ilusioak… adierazteko orduan, baina helduoi gehiago kostatzen zaigu”, esan digu Zuriñek.

Goxatu aisialdirako familiagune bat da. Bertan, bezeroak etxean bezala sentitzea nahi dute Zuriñek eta Naiarak: “Askotan, kafetegietara umeekin joaten garenean, geldirik egoteko edo aulkira ez igotzeko esan behar diegu. Horri irtenbide bat eman nahi genion, bezeroak etxean bezala sentitzea nahi genuen”. Horretarako, etxeko zapatillak, sofa bat, belar artifiziala… jarri dituzte, lokalari etxe baten itxura emateko. “Jendeak ulertu du kontzeptua eta oso ondo egokitu da”, kontatu digute.

Naiarak eta Zuriñek aisialdiarekin eta gastronomiarekin lotutako proiektu bat jarri nahi zuten martxan: “Gure adineko jendeak haur txikiak ditu eta ez zuten jakiten beraiekin nora joan… Guri umeak gustatzen zaizkigu, eta aukera ona zela pentsatu genuen”.

 

URTEBETETZE-FESTAK
Goxatun eskaintza zabala dute, baina handitzen jarraitu nahi dute: “Etxeko askaria egitea eskaintzen dugu, espazioa alokatzea. Hala ere, urtebetetze-festa tematikoak dira arrakastatsuenak”. Oraingoz bi festa tematiko dituzte, baina gehiago izateko asmoa dute.

Goxatun txoko guztiak goxo eta etxean bezala sentitzeko pentsatuta daude

 

Alde batetik, oihana erabiltzen dute gai bezala, eta, normalean, festa hau sei urte bitartekoentzat izaten da: “Umeei oihaneko animaliaz margotzen diegu aurpegia, oihaneko soinuak identifikatzeko jolasak egiten ditugu, oihaneko erregearen jolasa, abestiak kantatzen ditugu, lianak eta hostoak sabaitik zintzilikatzen ditugu…”, aipatu dute gure solaskideek.

Bestetik, helduagoentzat zirkuaren tematika erabiltzen dute: “Urteak betetzen dituen umeari magia-trikimailu batzuk erakusten dizkiogu, gero, egunean bertan, lagunen aurrean egiteko. Bera festako magoa izango da, eta besteak mozorrotu egiten ditugu”. Adinarena orientatzeko bakarrik da, oihana edo zirkua ume bakoitzaren arabera aukeratuko da. Gainera, tematika bera jarraituta, tailerrak eta eskulanak ere antolatzen dituzte.

Helduentzat ere badute eskaintza. Esan digunez, “askaria edo hamaiketakoa egin izan dute; etxean egin beharrean, hemen egiten dute, garbitzen lan gutxiago edukitzeko. Gure eskaintzaz gain, etxetik tarta edo patata-tortila ere ekartzen uzten diegu”.

 

EGUN BEREZIA
Zuriñeri bere ametsetako urtebetze-eguna zein den galdetu diogu. “Ni azaroaren 4an jaio nintzen eta eguraldi kaxkarra egiten du beti, euritsua, haizetsua… Horregatik, nire ametsetako urtebetetze-egunean, ekaineko uda-egun polit bat egitea nahiko nuke. Goizean lagunekin hondartzara joatea, eta arratsaldean, aire librean piknika antolatzea gustatuko litzaidake”, kontatu digu.

Eta zuk, nola ospatzen duzu zeure urtebetetze-eguna? Gustatzen zaizu? Zein da zure ametsetako ospakizuna?
 

Transcription:[+] Transcription:[-]

Urtebetetze eguna ospatzea gustatzen zaigu?
Nik uste baietz, orokorrean jendeari edozer gauza ospatzea gustatzen zaiola, aitzaki bat da azken batean hilabete guztiak, zure bizitzan pixka bat bizi poza emateko eta ez izateko hilabetero iguala. Orduan bai, orokorrean bai handiei eta bai txikiei gustatzen zaie, gustatzen zaigu ospatzea gure urtebetze eguna, bai.

Zergatik sortu zenuten Goxatu?
Ba bueno, Naiara eta biok 30 urteren bueltan gaudenez, igarri genuen askotan gure adineko gurasoek ez zeukatela bere seme-alabekin leku bat (batean) eroso egoteko aukerarik. Adibidez, gaur egungo kafetegiak nahiz eta umeak sartzeko aukera dagoen, beti ibiltzen zara: “Ez ukitu! Jaitsi hortik! Kontuz horregaz (horrekin)!”.

Azkenean esaten genuen, zergatik ez dugu aisialdi leku bat gastronomiarekin beti lotuta, oso gastronomikoak garie (gara), batez be (batez ere) Naiarari gustatzen zaizkio horrelako gauzak moko fina delako, esaten genuen “zergatik ez dugu antolatzen leku bat helduak, handiak eta txikiak elkarregaz (elkarrekin) egoteko, lasai, eroso, rato (tarte) on bat egoteko, arratsalde pasa edo…” Eta horrelaxe, horrelaxe sortu zen Goxaturen ideia, eta bigarren etxe bat bezala planteatu nahi izan dugu: etxeko zapatilekin, sofa batekin ere bai, sukaldea eta dena bistan dagoela, etxean bezala sentitzeko.

Zer eskaintzen duzue?
Bueno ba Goxatun urtebetetze-ospakizunak antolatzen ditugu. Aukera ematen dugu meriendak egiteko, antolatzeko atzeko jolastoki espazio horretan, eta baita ere adinaren arabera urtebetetze tematikoak eskaintzen ditugu. Sei urte bitarte gutxi gorabehera, umearen arabera ere askotan izaten da, oihanaren tematika proposatzen dugu. Ume bakoitzari animalia ezberdinez margotzen diogu aurpegia, eta gero ba oihaneko jolasak-edo proposatzen ditugu: oihanean soinuak identifikatzen laguntzeko, nor den oihanaren erregea asmatzeko, eta halako joko-kantak ibiltzen ditugu.

Gero, pixka bat koxkortxeagoak direnentzat, proposatzen diegu zirku-tematika. Psikomotrizitatean ere trebeagoak dira eskuekin jolas-kartak, karta-jolasak egiteko, orduan magia-truko bat erakusten diogu urtebetetzea egingo duen umeari pare bat egun lehenago. Gero etxera joaten da, entsegatzen du magia-truku hori, eta festa-egunean bere gainontzeko lagunei erakusten die magia-truku hori, eta arrakasta handia izaten du horrek. Gainera, gainontzekok ere bai dakiten trukuak erakusteko aukera daukatelako eta mozorrotuta egoten direlako zirkuko pertsonaje ezberdinez. Eta orokorrean, oso pozik egoten dira, eta oso arratsalde atsegina pasatzen dute.

Gurasoak ere animatu izan dira euren ospakizunak egitera, antolatzera hemen, hamaiketakoak, urtebetetzeak, eta halako gauzak. Orduan saiatzen gara hamaiketakoa, dena delakoa, merienda-edo, euren gustutara egokitzen. Igual ez dute hain gustura hartzen txokolatezko sandwich bat eta nahiago dute kafe bat edo etxetik ekarritako patata-tortilaren bat edo auskalo. Baina bueno bai, gu beti saiatzen gara nahi dutenari egokitzen, lasai eta eroso sentitzeko.

Zure ametsetako urtebetetze eguna…
Nire ametsetako urtebetetze-eguna nola ni azaroaren 4an jaio nintzen, beti tokatzen da eguraldi kaxkarra, euritsu, haizetsu, halakoa eta orduan, ni, gustatuko litzaidake izugarri egun horretan eguraldia enkargatzea eta ekaineko uda-egun polit bat ateratzea eta goizean hondartzara joatea lagunekaz (lagunekin) eta arratsaldean piknika antolatzea, adibidez, hemen Donostiako Kristina Enea parkean, eta beti aire librean antolatzeko ametsa eduki izan dut.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
May 27, 2016
Number: 2193256
Duration: 00:05:02
Number of visits: 8442