Aldizkari Digitala

Talgoa, Goicoechearen trena

Hemen dituzu hainbat bitxikeria hainbeste jendek erabili duen tren famatuari buruz.

Gaur tren bat dugu hizpide: TALGOa. TALGOa izan zen AEBetan jendea eramateko baimena lortu zuen Europako lehen trena. Orain 60 urte inguru izan zen, bidaiariak Seatletik Portlandera eramaten hasi zenean. Baina zer da TALGO?  Hona hainbat ideia labur milioika pertsonek erabili duen tren bat hobeto ezagutzeko.

Goicoechea eta bere trena, egilearen 100. urteurrenean aterateako zigilu batean

•    TALGO siglak dira: Tren Articulado Ligero Goicoechea-Oriol.

•    Goicoechea Oriol bi pertsonen abizenak dira. Alejandro Goicoechea elorriotar militarrak asmatu zuen trena. Dirua Jose Luis Oriol enpresari bilbotarrak jarri zuen.

•    Trenaren parte bat Oñatin egin zen. Aurreko trenak handiagoak ziren, garaiago eta astunagoak; energia gehiago xahutzen zuten; eta trenbidetik ateratzeko arriskua zuten, batez ere kurbetan.

•    1936 arte Bilbo-La Roblako meatzarien trenean lan egin zuen Goicoecheak, ingeniari.

•    Patentes Talgo S.A, enpresa 1942an sortu zen. Urte horretan lehen Talgoak 115 km/h abiada lortu zuen lehen bidaian, baina  gerra zibilagatik diru gutxi zegoen Talgo hori seriean egiteko. 

•    Gerra zibilean Bilbo babesteko Burdinazko Hesi bat sortu zen, Goicoechea gidari. Horrela frankistak itsasoz soilik sar zitezkeen bertan. Hori zen asmoa, baina Goicoechea frankista bihurtu eta hesiaren planoak eman zizkien frankistei. Agian alferrik, zeren ordurako baziren hegazkinetatik ateratako argazkiak, nahikoa Hesia nolakoa zen jakiteko. Esaten da frankista egin zela Talgoa egin ahal izateko. 

•    Beraz, hemen dirurik eta baliabiderik ez eta, Talgo II.a AEBetan egin zen 1949an. 1950ean Madrilera ekarri eta Talgoak Madrid-Irun ibilbidea estreinatu zuen. 

•    Talgoa izan zen trenbide-zabalera desberdinetarako balio zuen munduko lehen trena.

•    Talgo III.a izan da ezagunena, zilar-gorri kolorekoa: 41 urte egin zituen martxan Espainian, 2009. urtera arte.

Talgo III.a, ezagunena eta gure artean urte gehien egin zituena.

 

•    2011n Argentinara eraman zuten Talgo III.a, 134 tren. Han txuri-urdinez margotu zituzten, Argentinako bandera bezala. Laster istiluak sortu ziren Talgo enpresa eta Argentinako gobernuaren artean. Enpresak esaten zuen gobernuak ez zuela trenbidean dirua gastatzen, eta gobernuak oso garestia zela trenak mantentzea. Talgoaren batez besteko abiada ez zen 80 kilometro ordura ere heltzen Argentinan. 

•    Alemaniak Talgo markako hainbat tren erosi zituen luxuzko Tren-Hotel bihurtzeko, eta oraindik martxan dabiltza Bonn, Munich, Hanburgo, Berlin eta Frankfort hiriak lotzeko.

•    Talgok Rivabellosan du lantegi bat, Araban. Hor egin ziren Mekarako (Saudi Arabia) abiadura handiko tren batzuk. Trenak 449 km egin behar ditu desertuan, eta bertan Talgoa abian jartzeko arazo handiak izaten ari dira hondarrarekin, behin eta berriz oztopatzen baitu trenbidea.  

•    Talgo enpresaren beste erronka bat Errusia da, Berlin-Mosku ibilbiderako, baina lehiakide gogorrak ditu: alemaniarrak, poloniarrak, frantziarrak… Eta gurean CAF enpresa. Arazoetako bat Errusiako hotza da: jela sortzen du trenetan.

Gehiago jakin nahi baduzu, sakatu hemen.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
May 23, 2016
Number: 2192157
Number of visits: 3195