Aldizkari Digitala

Lizardi, gizon eta olerkari

Zarautzen, 1896ko apirilaren 18an jaio eta Tolosan hil zen 1933ko martxoaren 12an Jose Mari Agirre (ezizenez, Xabier Lizardi), euskal olerkaria.

HABE aldizkariko 129. aleko Gaur bizi balitz... izeneko sailean argitaratu zen 1988an Lizardiri egindako elkarrizketa, Lurdes Otaegiren eskutik.

GALDERA- Jose Maria Agirre “Lizardi”, zure izena Tolosan jaiotako beste zenbait idazleren artean aipatu ohi da, Aitzol, Orixe, Arrese, ... Baina izatez zu ez zara Tolosarra, ez da?

ERANTZUNA.- Ez. Ez naiz. Nire gaztetango eta helduaroko urterik gehienak Tolosan eman baditut ere, Zarautz itsas-herri dotorean jaioa nauzu, joan den mendearen azken urte aldakor haietan, 1886.ko Apirilaren 18an, gure tolosar adiskide bipila den Joxe Ariztimuño "Aitzol" jaio zen urte berean, eta Kubako hondamendia gertatu baino bi urte lehenago. Dakuskezunez, seinale handiak dira horiak: Bada, hala da, Zarautzen jaioa bai, baina hamar urte nituela, Tolosa hiri ospetsura aldatu ginen familia osoa. Alabaina, Zarautzen itsatsirik geratu ziren ene sentimendu sakonenen sustrairik sendoenak.


G.-Zergatik diozu hori? Ez zitzaizun Tolosa gustatzen?
E.- Ez baita hori kontua, adiskide. Ene amaren senitarteko gehienek han bizitzen segitu zuten guk alde egin eta gero ere, gure amonatxo kutunak eta osaba Ramirok batik bat ...
Bestalde, Tolosaren aldean, maitagarri zitzaidan Zarautz, hantxe kokatzen zirelako haurtango oroitzapenik goxoenak. Are gehiago, Euskal herriaren arimaren txokorik behinena nerizkion: itsas lerdena, hondartza zabal paregabea, jende-giro sotil eta euskal kutsukoa, ene adiskideak, «Onki», «Liorko» eta «Onuzki- izenez aipatu nituenak "Maitearen apurñoak- deritzan poema luzean -oso-osorik Zarautzi eskainia… Ez nuen amaitzerik izan, ordea ...
Esate baterako, gogoan dut lanean hasi berria nintzelarik harantz itzultzen nintzenean, ene arbasoen bazter gozo hartara, den dena aldaketa etengabean sumatzen nuela. Turismoaren makila errukigabeak handik eta hemendik hebaintzen zuen txoko maitagarria; ezin sufritu nuen mailatzen ari ziren sagar gazi- gozo hari nolako hesiak, nolako etxaguntza zatarrak, eta batez ere, zein eite okerreko jende zantzaila ari zitzaion eransten ... Gerora, ordea, Tolosa, Hiri Zaharra ere estimatzen ikasi nuen, eta hango alkate izan zen Antonio Maria Labaienek eta biok lehia polita asmatu genuen Hiri Zaharra Hiri Berri bilaka zedin.


G.- Zer gogoratzen duzu mutil gaztea zineneko garai haietatik?
E.- Molde bateko eta besteko gorabeherak, jakina, gizaki gehienok egin ohi dugun bezala. Mingotsenetatik hasiko naiz irribarretsuekin ahogozo hobeaz bukatzeko. Aita hil zitzaidan ume gorri bat besterik ez nintzelarik, eta bat-batean neu bilakatu nintzen hamahiru urterekin etxeko "gizona», anai-arrebetan zaharrena bainintzen. Orduan hasi behar izan nuen nire ordura arteko ibilera ganoragabekoak baztertzen, badakizu, udatan eta ahal nuen guztietan Zarautza alde egin amonaren etxera, eta osabarekin arrantzara joan, adiskideekin neskatilak pasieran ikustera joan, lehen maitasuna ... Aita hil zenean, neu bilakatu nintzen etxeko zutabe. Ikasketak utzi eta lanean hasi nintzen bulego bateko mutil gisa, eta nire kasa, matrikula libre deritzaion ikasketa moldeaz baliatuz, egin nuen lege-gizon bihurtzeko egin behar izaten den bide arantzatsua. Harrokeriarik gabe diotsut garai hartan hiru urtetan egin ohi ziren ikasketak bitan burutu nituela, borondate handikoa izan naiz beti, eta beharrak ninderaman ordu hartan, are gehiago, jakina.


G.- Mingotsenak esan dizkiguzu, esaizkiguzu orain gozoenak.
E.- Gozoena zalantzarik gabe, lan horri esker neure familiari eutsi ahal izatea izan zen. Bestalde, banuen zaletasun ezkutuko bat, eskola-egunetatik zetorkidana: idaztea. Poemak, ipuinak, eta nik dakit zenbat orri zuri zikintzen nituen neure idazlantxo haiez! Dibujatzea, «marraztea- ere oso gustuko nuen eta poliki egiten nuela esan ohi zidaten ikusten zituztenek. Gainerakoan, beste interes berezi batek ere gogorki astintzen ninduen barnetik, euskararenganako eta abertzaletasunarenganako amodioak. Ni gizon egin nintzenean, eta neure ideien jabe izatera iritsi nintzenean, ez ziren horiek ohizko eta zabalduriko kezkak. Hala ere, zenbait ingurutxoetan, neure lagun artean esate baterako, hasiak ginen Sabino Aranaren ekarria geureganatzen.


G.- Badakigu gaur euskararen egoera kezkagarria dela, baina orduan guda aurretik erabilera hedatuagoa zela uste izaten da. Hala al zen?
E.- Garai hartan behintzat erdara zen nagusi euskal familietan ere. Gure etxean, esate baterako, oso gutxi erabiltzen zen, neskameekin gehienbat, eta Zarautza joandakoan kaleko adiskideekin eta amonarekin erabiltzen nuelako lortu nuen neure mintzairari eustea, eta ez bizkortasun handiz gainera. Lagunartean, gure asmo abertzaleek eraginda euskaraz egiten hasi ginenean, ikaragarrizko korapiloak oztopatzen zigun eztarria, lotura ikaragarriak genituen ohizko gaietatik ateraz gero batez ere. Baina jadetsi genuen geure helburua. Orduan hasi nintzen “Euzko Deia" aldizkari abertzalera bidaltzen neure euskarazko lehen idaztitxoak, eta argitaratu egin zizkidaten gainera, nire ahaleginek errukituta. Izerdi ederrak botea naiz euskaraz bi esaldi behar bezala lotzen!


G.- Zertaz idatzi ohi zenuen garai hartan?
E.-Zertaz idatzi lezake hogei urteko gazte artaburu batek? Bertatik bertara ikusten duenaz. sentitzen duenaz, bizi duenaz, bestetara jo gabe. Zertaz? Maitasunaz, Jakina, maitasun zapuztuaz eta maite-pozaz, aberriaz, mendi eta itsasoez. Garai hartan gogoan nerabilzkien gaiez. Esate baterako, garai hartan idatzi nuen lehen aldiz -Biotz begietan" liburuan jasota dagoen "Aldakeri" poemaren argumentua ipuin gisan landua, gero behin eta berriro moldatu eta igurtzi nuena, olerki bilakatu baino lehenago.

G.- Zu, hasieran aipatu ditugun Orixe, Aitzol eta Lauaxetarekin batera Pizkunde mugimenduaren sortzaileetako bat zara, esango al zeniguke nola sortu zen, eta zein helburu zituen mugimendu horrek?

E.- Mugimendu euskaltzale bat zela esan dezakegu orokorki, politikoki adieraz ez genitzakeen abertzaletasunaren alderdi batzuei irteera eta soluziobideak ematen hasteko ahalegin bat. Gerora, ordea, ideia politikoen adierazpideak zabaldu zirenean, euskal kultura eta bereziki literaturaren alorra jorratu zuen, euskal idazleen baratzetxoa edertzen eta zabaltzen. Horregatik hasieran antolatu ohi genituen ekintzak propagandazkoak ziren batez ere: euskararen egunak, dantza saio, erromeria, pilota-partidu eta guzti. Izan ere, Primo de Riveraren diktaduraren azken urteetan bazterturik eta gaitzetsirik utzitako kultur agerbideen indartzea baitzen gure xedea, euskal herriaren gogoa berpizteko. 1930rarte euskal irakurlegoa gehitzea, euskal egunkaria sortzea, ikastolak eta beste izan ziren gure kezka nagusienak, dena zegoen egiteko eta ez zegoen alferrik galtzeko betarik.


G.- Hanka eta buru lotu zintzaizkion, beraz, ekintza kultural euskaltzaleari?

E.- Premia handia zegoen eta' Garai hartako egunkari gehienetan, -Euzkadi-. "Zeruko Argia" eta "EI dia-n oso sarri argitaratu ohi nituen neure iritzi, asmo, proposamen eta sentimenduei buruzko artikuluak. Propagandazkoak, opiniozkoak, eta baita aldian behin lan literario xume batzuk ere. Esate baterako, «Zeruko Argia- astekarian ipuin-serie irrigarri bat ateratzen hasi nintzen bi mutilzaharren arteko gora-behera xelebreak kontatuz, dibujo eta guzti. Ez ziren «literarioak- prezisamentean irakurlegoa euskaraz irakurtzera erakartzea zuten helburu.

G.- Zure adiskide izan zirenek, Aitzolek eta Orixek, esan ohi zuten zu olerkari izatea eta, izan zinen bezain gailena izatea, Euskaltzaleak talde eragilearen bultzadari zor zaiola. Hala izan al zen?
E_- Irakurleentzat eta gainerako idazleentzat halaxe izango zen, bai. Neuretzat ordea, urteetan idazten joandako lantxoak, egunez egun harturiko oharrak biltzea jostea eta moldatzea izan zen gehienbat, neuretzat gordeta neukana argitara ematea, ordura artean apunte arin eta aske besterik ez zirenei itxura eta bizitza berria ematea. Adibidez, -Biotz-begietan- ene liburu bakarra, urteetan zehar idatziriko olerkien artean eginiko hautaketa zorrotza da. Horregatik sumatuko duzue estilo, molde eta kalitate ezberdintasuna batzuen eta besteen artean. liburua bilduma bat da, eta ez dauka batasunik, azken aldikoen arteko batzuk kenduta.


G.- Zure irakurle guztiok ados geundeke zure obrarik miresgarriena «Urte-Giroak ene begietan" deritzana dela esaterakoan. Zu ere bai?
E.- Ez dakit onenak izango diren, baina ez zizkidaten istilu makalak ekarri, Tolosako Bigarren Olerti Egunean saridun gertatu zirenean! Zakurrarenak aditu behar izan nituen: ulertezinak zirela, trinkoegiak, katramilatsuak, maila jasoegia zutela euskal irakurlegoarentzako, inork al daki nork asmatutako moldez idatziak, laguna nintzelako eman zidatela saria epaimahaikoek. Nik zer nahi duzu esatea? Idazlearen asmoak ez du mugarik ezagutzen, eta hizkuntza txiki honetan idatzi arren, neuk adierazi nahi nuena mundua bezain unibertsala zen, ez gehiago eta ez gutxiago. Zergatik lotu behar nintzaien garai hartako jendearen gustu eta moldeei bakarrik? Ez al zait zilegi neure lana neure iritziz soineko ederrenez apaintzea eta asmorik jasoenez hegaldatzea? Nik baietz uste. Hara, ahantz dezagun hura guztia, mingarria baitzait lagun nituen haien iritziak gogoratzea, ... Gainerakoan, lehenago esan dizudan bezala, neure bizibideari lotu-loturiko literatura egin izan dut beti, eta gero eta naturarenganako sentiberatasun handiagoa jabetzen zihoan nitaz azken urte haietan. Behin eta berriro hil eta berpizten den naturaren gurpil betierekoa, lau urtaroen ziklo amaigabea, neure osasun gero eta ahulagoaren oharmenean, bizitzaren zentzuaren ispilu bilakatu zitzaidan, behin eta berriro ibilia bainintzen ordurako, ia-ian ... soro handirako hesia zabaldu, ez zabaldu, zalantzan. Gaztetango sugarrak itzaliak ziren nigan ordurako, aberriaren arazoak plazatan erabakitzen ziren. baina ene begi-bihotzek, naturaren mudaketa etengabeari begira, ordura arte ohartu gabeko mezua iragartzen zidaten. Baso, zelai, erreka eta elur- arrastoei begira egin nizkion neure buruari giza orok noizbait bere buruari egiten dizkion gogoetak.
 

Segidan, HABE aldizkariko 259. alean argitara eman zen Lizardiz gatoz galdezka erreportajea.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

C1
Apr 18, 2016
Number: 2162963
Number of visits: 5906