Aldizkari Digitala

Andy Warhol: "Itzalak" Guggenheim Bilbao Museoan

Guggenheim Bilbao Museoak Dia Art Foundation-ek antolatutako Andy Warholen "Itzalak" saila (1978-79) aurkeztu du.

Andy Warhol 1928. urtean jaio zen Pittsburgh-en, Pennsylvanian, eta 1987. urtean hil zen New Yorken. Bere gurasoak eslovakiarrak ziren eta txikitatik arte giroan hezi zuten semea. Warholek Carnegi Institute of Technology Institutuan egin zituen arte-ikasketak. Bere lehen lanbidea publizitate arlokoa izan zen: Vogue, Glamour, Interview eta beste zenbait aldizkaritarako egin zuen lan. Bere sormen lana gauzatzeko The Factory estudioa sortu zuen New Yorken. 1994. urtean "Andy Warhol Museum"-a inauguratu zen bere jaioterrian.

 

 

Guggenheim-Bilbao museoan ikusgai dugun artelan erraldoia 102 serigrafia panelek osatzen dute. "Itzalak" margolanaren zatiak edo osagarri guztiak ezberdinak dira eta bakoitzak bere berezitasun propioa du. Obra hau erakustoki bakoitzaren neurrietara egokitzen da. Margolana 1979. urtean ezagutzera eman zen eta arte adituek ez zioten harrera oso ona egin. Bigarren aldia da pintura hau Europan erakusten dena. Lehen aldian serigrafia guztiak ez zituzten erakutsi ahal izan, aretoa txikiegia zelako. Guggenheimeko espazioa, nahiko handia izanik, obra bere osotasunean kokatu dute.

 

"Itzalak" serigrafia honek ez dauka zer ikusirik Warholen ohiko lan figuratiboarekin, hau da, Coca-Cola botilaren, Campbell lataren edo Marilyn Monroeren irudiekin. Irudi hauek kontsumo-gizartea salatzeko helburuarekin egin zituen eta eguneroko bizitzan erabiltzen ditugun irudi ironikoak besterik ez dira. "Itzalak", berriz, pintura-lan abstraktua da.

Itzalak (Shadows, 1978–79)
Dia Art Foundation
Instalazioaren ikuspegia: Dia:Beacon, Beacon, New York
© 2016, The Andy Warhol Foundation for the Visual Arts, Inc./VEGAP
Argazkiak: Bill Jacobson.

Margolanaren argi-distirak eta orbanak sortzeko zortzi pantaila erabili zituen Warholek. 50 urterekin hasi zen obra hau lantzen. Lana burutu aurretik oihalaren hondoa akriliko pinturaz margotu zuen eta gainean kolore alaiak gauzatu zituen: more distiratsuak, itsasoko uraren koloreak ... Horretarako tresna ezberdinez baliatu zen: pintzelak, esponjak, zapiak ...
"Itzalak" artelanaren jabea Dia Art Foundation erakundea da eta berak antolatu du erakusketa. Lucia Agirre da Guggenheimeko erakusketako komisarioa.


Andy Warholen "Itzalak" erakusketa urriaren 2ra arte egongo da ikusgai Guggenheim Bilbao Museoan.


Informazio gehiago, helbide honetan.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Apr 1, 2016
Number: 2145001
Dialect:
  • Batua
Duration: 00:00:12
Number of visits: 3645