Aldizkari Digitala

Iratxe Andueza, Kanadako lehen euskaldunen ikerlaria

"Kanadako Lehen Nazioek eta euskal arrantzaleek harreman ona zuten XVI. mendean"

Iratxe Andueza (Garralda, 1994) ikertzailea XVI. mendeko Kanadako Lehen Nazioen eta euskaldunen arteko harremari buruzko ikerlana egiten ari da Quebecen. Euskal arrantzaleek merkataritza-harremana zuten kanadar autoktonoekin, “Objektuak landu behar nituen, baina linguistika arloa ere lantzen ari naiz”. Hango bere abentura amaitu aurretik, berarekin Iruñean elkartzeko aukera izan dugu.

1.    Euskal Ikasketak egin zenituen Baionan. Zer ikasten da bertan?
Hiru urteko lizentzia da; klasean hamabi lagun geunden; eta denetarik ikasi genuen:
soziolinguistika, soziologia, antropologia, historia, geografia, euskal gramatika… Aberatsa eta polita iruditu zitzaidan.

2.    Eta ondoren graduondokoa Kanadan… Zerk erakarri zintuen?
Jauzarrea kultur elkartean (https://www.jauzarrea.com/eu) laguntzaile hasi nintzen. Talde horrek Euskal Herriko historia lantzen du, eta, eskainitako hitzaldi batean, Laurier Turgeonek euskal arrantzaleei buruz hitz egin zuen. Nire interesa ikusita, beraiekin Kanadara joatea proposatu zidan, eta nik baietz esan nion. Euskal arrantzaleek XVI. mendean bertakoekin izandako harrema asko interesatzen zitzaidan, eta bertatik lantzeko aukera oso ona zela pentsatu nuen.

3.     “Objektuen transmisioa Kanadako Lehen Nazioen eta euskaldunen artean XVI. mendean” ikerketa egitera joan zara, Quebeceko Laval Unibertsitatera. Noiz hasi ziren harremanetan eta nolakoa zen euren arteko harremana?
Objektuak lantzea zen nire asmoa, baina linguistika ere lantzen ari naiz: elkarbanatu zuten hiztegia, toponimia… Aditu gehienek onartzen duten teoriaren arabera, 1517. urtean hasi zen Kanadako Lehen Nazioen eta euskal arrantzaleen arteko harremana. Arrazoi komertzialengatik jarri ziren kontaktuan, eta, datu guztien arabera, harremana ona izan zen, euskaldunak ez baitziren euren lurra konkistatzera joan. Harreman on eta komertzial horren ideia gaur egunera arte iritsi da.
Niri bertako emakume batek galdetu zidan nongoa nintzen, eta nik euskalduna nintzela esan nion. Orduan, hauxe erantzun zidan: “Euskaldunak izan zineten konkistatzera etorri ez zineten bakarrak. Badakizu?”.

4.    Kanadan zein herri autoktono zeuden. Gaur egun bertan jarraitzen dute?
San Laurendi ibaiaren inguruan daude, edo zeuden, autoktonoak kokatuta. Ibaiaren ekialdera, Mi'kmawak, Abenakiak eta Beothukak aipatuko ditut. Gaur egun, Mi'kmawek eta Abenakiek hor jarraitzen dute, eta Beothukak desagertu egin ziren. Mendebaldean, berriz, Inuak, Irokesak edo Irokuak, Huroiak (Huron-Wendat da nazioaren izena), azken hauek ni bizi naizen lekutik gertu. Gure informazioaren arabera, Mi'kmawek izan zuten harremanik handiena euskaldunekin.

5.    Ikerketa aurrera zihoan neurrian, zein bitxikeriak harritu zaitu?
Gauza askok harritu naute. Lehenik eta behin, aurkitu dudan informazio-kopuruak, asko baitago: linguistikari dagokionez, zenbat hitz aurkitu ditugun, baita toponimian ere. Horrez gain, gaur egun arte zein gutxi landu den gai hau, baina, aldi berean, jendeak baduela harreman horren berri.

6.    Nola ulertzen zuten elkar Kanadako autoktonoek eta euskaldunek? Zer da euskara-algonkinoa pidgina?
XVI. mendeko Kanadan ez zuten ingelesa edo frantsesa hitz egiten. Garai hartan, nazio bakoitzak bere hizkuntza zeukan. Beraz, komunikaziorako tresna bat behar zuten. Hasieran, mimika bidez; ondoren, agurrak; eta azkenerako, pidgina sortu zuten. Zer den pidgina? Merkataritzaren bidez sortzen den hizkuntza modukoa da, bi herrialdeen arteko gutxieneko elkarrizketak bermatzeko. Ez da hizkuntza oso bat; oso oinarrizkoa da eta ez da inoren ama hizkuntza izango.
Lehen aipatu ditudan agur horien artean “Apaizak hobeto” azpimarratu nahi dut. Euskaldunek “Egun on, zer moduz?” galdetutakoan, adibidez, autoktonoek “Apaizak hobeto” erantzuten zieten. Horrek euren arteko harreman ona erakusten du.
Nire tesia horixe da: harreman ona zutela. Erantzun horrek argi uzten du txantxetan zebiltzala, ez zegoela konkistatuak izateko beldurrik.

7.    Zein aztarna geratu da ordutik gaur egun arte? Zerbait mantentzen dute edo dugu?
Euskal Herriko euskaran ez dago aztarnarik, nik dakidala behintzat. Gutxi aztertu delako edo euskaldunak joan ginelako hara, eta ez alderantziz. Kanadan, ordea, hitz anitz geratu dira eta beste asko desagertu egin dira. Adibidez, ‘oreignal’ hori oreina hitzetik dator, ez da animalia bera, altzea baizik; ‘elege’ hitza erregetik; ‘atouray’ atorretik; ‘kessona’, gizon hitzetik; ‘makia’, makiletik…
Horrez gain, oso aipagarria da Quebeceko biztanleari ‘Quebeçois’ esaten zaiola (‘Quebecua’ ahoskatzen da) eta linguista askok onartu dute “–çois” hori euskarazko “–koa” dela: Quebecekoa. Beraz, euskaldunen eragin handia argia da, gaur egun arte iraun baitu atzizki horrek.
Toponimian ere aztarnak aurkitu ditugu: portutxoa ‘port au choix’ (irakurtzerakoan oso antzekoak dira) edo Île aux Basques’, baita hainbat leku izen ere.

8.    Egiten ari zarena jakitean, zer esaten dizu zure inguruko jendeak?
Denok ezagutzen dugu gai honi buruzko zerbait; ideia txiki bat dugu. Pirritxek eta Porrotxek gai honi buruz abestu dute; Jon Maiak dokumental bat egin du… Baina ez dugu ikastetxean landu, eta irakatsi beharko litzatekeela uste dut. Euskaldunek itsasontzien eraikuntzan egindako lana oso garrantzitsua da, eta historiaren parte da.
 

Transcription:[+] Transcription:[-]

1.     “Objektuen transmisioa Kanadako Lehen Nazioen eta Euskaldunen artean XVI. mendean”, hori da zure ikerketa. Nolakoa zen beraien arteko harremana?
Hasiera batean, objektuak landu behar nituen, baina, gaur egun ere, linguistika arloa asko lantzen ari naiz. Eta bueno, ba zein hitz elkarbanatu ziren haien artean, baita toponimia eta horrela, ere lantzen ditut. Onartuena edo da 1517an hasi zirela harreman horiek. Orduan, hori esango dugu gaur egun arte gutxienez dela gehien hitz egiten den teoria. Gaur egun arte dakiguna da (harremana) komertziala izan dela, eta ona. Aipatzen dizkizudan gauza gehienak teoriak dira, ze azkenean, horretan gabiltza lanean, ikusteko, pixka bat frogatzeko.
Hori da nire hipotesietako bat edo: harreman ona zela, ez zela konkistarako edo sortu zen harreman bat, ez ginela euskaldunak konkistarako joan. Eta beraz hori, harreman hori, harreman on eta komertzial hori, eta gehitu nahiko nuke ere gaur egun arte iritsi den ideia bat dela harreman on hau.

2.    Ikerketa aurrera zihoan neurrian, zein bitxikeriak harritu zaitu?
Lehenengo dagoen informazio kantitatea (kopurua): zeren adibidez, linguistikoki informazio kantitate (kopuru) izugarria dago, bai hitzen aldetik, hau da, han geratu diren euskal hitzen aldetik, eta bai toponimian ere; gero, zein gutxi landua izan den gaur egun arte gai hau, horrek ere harritzen nau. Eta bueno, bitxikeria? Nik uste dut lehen aipatu dudan hori ere, gaur egun arte iritsi dela izan dugun harreman on hori, bai, euskaldunekiko daukaten irudi on hori ere,gaur egun arte iristea, hori ere bitxikeria handia iruditu zait.


3.    Kanadako Lehen Nazioen eta euskaldunen artean nola komunikatzen ziren?
Hor aipatu nahiko nuke, bertan, XVI.mendean, ez zuten ingelesa edo frantsesa hitz egiten. Han, bertan, haien hizkuntza propioa bazeukaten, nazio bakoitzak berea, hiruzpalau familia daude, ez banaiz konfunditzen (nahasten) eta familia horien barnean hizkuntza ezberdinak. Beraz, klaro, guk komunikaziorako sortu behar genuen hizkuntzaren bat. Hasieran izango zen horrela, pixka bat, mimika edo horrela; gero, ikusita komertzioak (merkataritzak) ere garrantzia handia zuela gure artean, haiek bazituzten guk behar genituen gauzak eta alderantziz, sortu zen hizkuntz (hizkuntza) moduko bat, pidgin moduko bat.

4.    Baina, zer da pidgina? Erantzuna ondokoarekin eztabaidatu edo sarean bilatu ezazu.
Mundu mailan erabiltzen den terminoa da, edozein komertzioren (merkataritzaren) ondorioz edo, sortu den hizkuntza izendatzeko erabiltzen da. Hau da, imajinatu Alemania eta beste herrialde baten artean komertzio (merkataritza) hizkuntz (hizkuntza) bat sortzen baldin bada, ba pidgina deituko zaio eta gero ia, bertako izena erabili. Esan behar da ere hau ez dela hizkuntza (hizkuntza)  konpleto bat, oso oinarrizko hizkuntza da, ez da inoren ama hizkuntza izango, adibidez.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Mar 23, 2018
Number: 21244776
Duration: 00:04:08
Number of visits: 2909