Aldizkari Digitala

Nairobi: "Afrikako oroitzapenak"

"Nik abeletxe bat neukan Afrikan, Ngong muinoen magalean".

 “Nik abeletxe bat neukan Afrikan, Ngong muinoen magalean”. "Out of Africa" filmeko lehen sekuentziako esaldi hori, Merly Streep aktoreak esana, betiko geratu da zinearen historian. Filmak izen bereko liburu bat du oinarri, Karen Blixen daniarrak Isak Dinesen goitizenarekin idatzitakoa. Idazlea Nairobi kanpoko abeletxe batean bizi izan zen 1914-1931 bitartean. Gaur egun, etxea museo bihurtuta dago, eta omenaldi egiten dio, batetik, Karen Blixeni, eta, batez ere, azken hamarkadetako film ospetsuenetako bati.

Karen Blixenen etxe-museoa, Nairobi kanpoaldean.

Bitxia da, baina filma ez zen egin etxe-museo horretan. Alegia, ez zen egin Karen Blixenen bigarren bizileku izan zen etxean. Karen Blixen Kenyara heldu berritan bizi izan zen beste batean baizik, handik kilometro gutxira. Gaur egun etxe hori esne-abeletxe baten zati da.
Filmaren oinarrian Karen Blixenek eta Denys Finch-Halton ehiztariak izandako maitasun-istorioa dago. Istorioak, egia esan, tarte laburragoa hartzen du liburuan; pentsa, ehiztaria ez da azaltzen liburuko 145. orrialdera arte! Etxe-museoan ehiztariaren benetako argazkiak daude, eta, jakina, ez da filmeko Robert Redford bezain eder eta dotorea. 
Karen Blixenen etxe-museo hori da Kenyako hiriburuko turismo-gune bakarrenetakoa. Nairobira doazen atzerritar gehienak ez dira hirian geratzen; egiten dutena da abiapuntutzat hartu Kenyako parke naturaletan safari-egun batzuk egiteko.
Dena den, Nairobiri egun oso bat eskaintzea ez da eguna alferrik galtzea. Izan ere, ekonomia aldetik, Afrikak duen hiriburuetako bat da. Ez du  arkitektura-erakin ospetsurik, etxe-orratz distiratsurik, arropa-marka ezaguneko dendarik, baina kaleak bizirik daude eta badira denda modernoak zentro komertzial batzuetan. Adibidez, Westgate ezagunenean. Eta ezagunena da,  bi arrazoiengatik: eskaintza ugaria delako, hori batetik, eta, bestetik, yihadisten erasoak Wesgate-zati bat suntsitu zuelako eta 63 pertsona hil, 2013an. Suntsitutako zatia berrituta dago jada.

Nairobiko erdigunea.

Egun, populazioa oso azkar ari da hazten. 1985ean lortu zituen milioi bat biztanle, eta gaur egun 4 milioi pasatxo izango ditu. Nairobi izenak masai jatorria du: nyorobi , ur freskoa duen tokia, esan nahi du. Britainiar  kolonizatzaileek sortu zuten 1899an, Indiako Ozeanoko Mombasa eta Uganda trenbidez lotzean, tarteko pasabide-modura. Uganda garai hartan inguruko Britainiar Erresumako harribitxia zen.
Egungo Nairobiko gizartea kontraste handikoa da. Badu klase ertain bat, nolabaiteko erosteko ahalmena duena, baina baditu hainbat txabola-auzo behartsu ere, Kibera, adibidez. Edateko urik ez daukate, zaborra edonon, eta bertan bizi dira bizi-baldintza okerrenetan milioi bat lagunetik gora. Txabola-itsaso hau “The constant gardener” filmeko sekuentzia gogor batean ageri da. Eszena horretan golf-jokalari zuri batzuk ageri dira, eskoziarra ematen duen zelai ezin zainduago batean. Kamera pitin bat mugitu eta Kibera txabola-multzoa ikusten zen. 

Parkea Nairobiko erdigunean.

Turistak safari luze baterako astirik ez badu, egun-erdi bat nahikoa du Afrikako fauna ikusteko, hiritik 7 kilometrora baitago Nairobiko Parke Nazionala. Lehoiak ditu, gazelak, hienak, leopardoak, ostrukak, bufaloak, jirafak, zebrak, eta desagertzeko zorian dagoen errinozero beltza, 50 bat errinozero.  Karratu-moduko itxitura du parkeak, baina hiru aldetik itxita soilik, laugarrena zabalik, eta, horri esker, animaliak bere kasa ibil daitezke, aske, Kenyako beste parkeetan bezala. Beraz, parkea ez da zoo bat, baizik eta Afrikako parkerik txikienetakoa; bi aldiz Donostia baino  handiagoa da, hala ere. Beraz, animaliek badute nahikoa toki patxadan ibiltzeko.

Nairobiko erdigunean, jendea kalean.

Nairobiko Parke Nazionalera joateko “Matatu” izeneko furgoneta erabil daiteke; jendea garraiatzeko furgonetak dira. Matatun ibiltzea egin beharreko zerbait da, baina aurretik bizitza-asegurua eginda. Gidariek ero-moduan gidatzen dute elkarri bidaiariak kentzeko, geltokietara aurrena heltzeko, eta 10 lagun sartzen diren tokian 20 ere bai… Zer egingo diogu: Afrikako ohiko erosotasuna!
Bada Nairobin etxe-orratza dirudien dorre zilindriko bat, 1973an egina. Egin zenean Nairobiren ikonoetako bat izan zen. Goiko terrazak hiriaren eta inguruaren ikusmira ederra eskaintzen du. Dorrea, izatez, Kenyatta Nazioarteko Konferentzia Zentroa da, eta Jomo Kenyattaren omenez deitzen da horrela. Kenyak britainiar izateari uztean lortu zuen independentzia, eta, Jomo Kenyatta daukate independentziaren aitatzat.

Jomo Kenyatta, independentziaren aita.

Astia izanez gero, merezi du Museo Nazionala bisitatzea. Lorategiak oso ondo zainduta daude, eta, edukiari dagokionez, Kenyako tribuen artea eta ohiturak ezagutzeko aukera eskaintzen du. Eta Thorn Tree Cafe-n zerbait hartzea ere ez dago txarto; han biltzen dira hirira etorritako bisitariak. Eta Masai Azokan artisau-lanen bat erostea ere gaizki ez! Zeinek esan du Nairobin ez dagoela ezer egiteko?  
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Mar 20, 2018
Number: 21139802
Number of visits: 2440