Aldizkari Digitala

Hamar gaztetatik sei atzerrira doaz lanera

Lan bila atzerrira joaten dira gaur egungo Hego Euskal Herriko hamar gaztetatik sei. Azken urteetako egoera ekonomikoak benetan zaildu du gazteek enplegua bertan lortzea.

Askok joan behar izan dute atzerrira lanpostu baten bila. 2008an, krisia hasi zenetik, % 43 inguru hazi da atzerrira joaten diren Hego Euskal Herriko gazteen kopurua.

Baina atzerrira zenbat gazte joaten diren jakin nahian tematu beharrean, beraien esperientzia nolakoa den ezagutu nahi dugu. Alegia, zergatik joan diren, zer lortu duten, zenbat oztopo gainditu behar izan dituzten..

Egungoa inoizko belaunaldirik trebatuena dela diote, titulatuena. Eta, hain justu, akademikoki prestatuenak joaten dira atzerrira. Miren Arrieta elgoibartarra ingeniaria da, eta zazpi urte pasatu ditu Holandan bizitzen. Mirenek ingeniaritza bukatu eta Euskal Herrian diseinuan masterrik ez zegoelako erabaki zuen herrialdez aldatzea. “Euskal Herrian Diseinuko ingeniaritzan masterra osatzeko aukerarik ez zegoela, eta nahi nuen masterra egiteko unibertsitate bila hasi nintzen. Horregatik, Holandara joatea erabaki nuen. Iritsitakoan, eta denbora gutxira, masailezurra apurtu nuen eta ebakuntza egin zidaten ospitale batean. Kirurgia gelako giroak liluratuta utzi ninduen, eta diseinua medikuntzan txertatu nahi nuela jakin nuen. Orain, ospitaleko langileei makinak nola erabili erakusten aritzen naiz”, kontatu digu.

Joseba eta Miren, bakoitza bere lanpostuan.

 Joseba Britek Mirenekin ikasi zuen Industria Ingeniaritza Arrasaten, eta, ikasten bukatu bezain laster, gustuko lan batean hasi zen, baina bere bikotekideak ez zuen zorte berdina izan. Marketing-ikasketak ederki osatuta zituen arren, ez zuen lanik topatzen. Horregatik, duela hiru urte Kaliforniara joan zirela esan digu Josebak: “Nahiz eta nik

Joseba eta bere bikotekidea Oriotik Kaliforniara joan dira.

postu segurua eta gustukoa neukan, bikotekideak ez zuen ikasi zuen hartan lanik topatu. Horregatik, ingeniaritzako lan bat ere bilatzea ez zela zaila izango pentsatu genuen, eta Kaliforniara etorri ginen. Niretzat hona etortzea ez zen lan-erabakia izan, bizitza-erabakia baizik”.

Pentsatu bezala gertatu zen Josebaren eta bikotekidearen kasuan. Hiruhilekoaren buruan ingeniari lanetan hasi zen: “Egia esan, ingeniaritzaz gain, film labur eta pelikuletarako musika konposatzen dut, eta, hona etorri ginenean, aurreneko hiruhilabetekoan Euskal Herriko musika proiektuak bukatzen aritu nintzen. Gero, lana bilatzen jarri nintzenean, bost bat elkarrizketa egin nituen orain nabilen lanean hasteko”, ederki aski argitu dizkigu gertatutakoak Josebak.

Mirenek eta Josebak lana erraz topatu zuten atzerrian, baina hainbat zailtasuni aurre egin behar izan ziotela kontatu digute: “Hasteko zaila izan zen hogeita lau orduz ingelesez hitz egitea. Nahiz eta aurretik azterketak egin eta unibertsitatean hasi baino lehen ingeleseko diploma bat atera genuen, egunerokoan ingelesez komunikatzea kosta egin zitzaidan. Hemen dauden protokoloetara ohitzea ere neketsua egin zitzaidan, baita aurretik pentsatzen ez ditugun hainbat zeregin txiki ere: bankuko kontua irekitzea, dendak arratsaldeko seietan edo bostetan itxita daudela barneratzea… Baina jada, egia esan, jarri eta ohitu egin naiz”, esan digu Mirenek.

Bizimodu berria topatu dute atzerrian
Itzultzeko asmoarekin joan ziren, baina oraingoz ez dute etxera bueltatzeko asmorik: “Atzerrira etortzea oso aberasgarria izan da niretzat. Nire ohiturak zein diren konturatu naiz, ingelesaz gain beste hizkuntza bat ikasten ari naiz, gainerako herrialdeetako jendea ezagutzeak ni neu ezagutzen lagundu dit…”, esan digu Mirenek.

Josebak ere ez du zalantzarik; beretzat lana bilatzera atzerrira joatea aukera ezin hobea da:  “Egia da,  esperientziarik gabe atzerrira joan eta gure arloan aurrenekotik lana ez aurkitzea gerta daitekeela, baina bestelako lanetan hasi eta ziur lan-aukera gehiago sortuko direla. Ikasketak bukatu berri banengo eta lanik gabe, atzerrira joango nintzateke bitan pentsatu gabe”, adierazi digu.

Atzerrian lagunak oso garrantzitsuak dira, elkarri babesa ematen baitiote.

Esperientzia berria eta benetan aberatsa izan dela esan digute biek. “Kanpora joaten garenean dena dantzan hasten da: familia ez dago gertu eta egoera berri baten aurrean aurkitzen gara. Horregatik, lagun berriak egiten ditugu, eta lagun horiek gure babes bilakatzen dira. Hemen familia nire lagunak dira. Bestelako bizimodu bat eraikitzen ikasten da”, azaldu digu Mirenek.

Eta zu, izan al zara atzerrian lanean? Eta beharko bazenu, joango al zinateke? Egoera ekonomikoa aldatzen ari da?
 

Transcription:[+] Transcription:[-]

MIREN ARRIETA: Ikasi nuen Arrasaten, egin nuen… diseinu industriala ikasi nuen eta handik gero, masterra ezin nuen Arrasaten ikasi zergatik Diseinu Industrialeko masterrik oraindik ez zegoen. Denetatik gustatu zitzaidana gehiena Holandako unibertsitatea izan zen, hemen Delft, Tu Delft unibertsitatea, eta erabaki nuen Holandara etortzea masterra ikastera.
JOSEBA BRIT: Bueno, Diseinu Industriala egin nuen, eta gero, orain ari naiz ikasten filmeko konposaketa musikala Berkeley izeneko unibertsitatea, eskola batean online.
Nola topatu duzue lana?
M.A.: Unibertsitatean nengoen eta nengoen curriculuma eta horrelako gauzak preparatzen eta nirekin ikasitako batek esan zidan: “begiratu, dakit nire lagun bat dagoela enpresa honetan lanean eta nik uste dut jendea hartu dutela azkeneko urte honetan”, eta bidali nuen curriculuma eta hurrengo egunean emaila jaso nuen, hango jefeak esan zidan: “nahi baldin baduzu, etorri eta entrebista  egingo dizugu”. Eta itxuraz suertea eduki nuen, ze handik astebetera ia jarri behar zuten web orrian eta jendea bilatzen hasi behar ziren. Eta hori, entrebista eduki nuen eta izan zen, horrela, hiru aldiz joan nintzen eta ia han geratu naiz.
J.B.: Ba egia esan Ingeniaritzaz aparte musika konposatzen dut laburmetraientzako eta pelikulentzako, eta hona etorri ginenean egon nintzen aurreneko hiruhilabetekoak edo horretan lanean Euskal Herriko proiektuekin bukatzen, eta gero behin jarri nintzenean lana bilatzen bi egunetan entrebista bat eduki nuen. Gero entrebista horretaz aparte bost entrebista eduki nituen lan horretarako, zergatik hemen elkarrizketak eta oso serio hartzen dituzte. Orduan, bost elkarrizketa ondoren, lan hau hartu nuen.
Zenbat denbora zoazte kanpoan? Euskal herrira itzultzeko asmorik baduzue?
M.A.: Zazpi urte eta erdi edo horrelako zer edo zer.
J.B.: egia esan bueltatzeko asmoarekin etorri ginen, baina, bueno, hemen oso gustura gaude eta oraintxe bertan bueltatzeak… ez diogu zentzurik ikusten.
Zer izango da zailena edo gogorren?
M.A.: hasteko lehenengo zaila zen niretzako hogeita lau ordu ingelesez hitz egitea nahiz eta examinak egin eta preparatu behar nintzen unibertsitatean hasi baino lehenago ingeleseko diploma bat atera behar nuelako. Baina gero hona etorri eta ingelesez pentsatze hori pixka bat hasieran kostatu egin zitzaidan. Eta gero gauza asko, ez dakit… protokolo asko bete behar direla ere bai hemen, eta pentsatzen ez dituzun gauzak: bankuko kontua egin eta gero ba hori… ohitu gabe dendak arratsaldeko seietan edo bostetan itxita eta horrelako ez dakit… orain jada egia esan ohituta.
J.B.: esango nuke oso ezberdina dela, enpresako politikak ez? Oso zorrotzak dira. Bestalde esango nuke askatasun askoz gehiago dagoela zure lana egin nahi duzun modura egiteko. Batzuetan egin izan dut lana astean behin etxetikan ez? Bilerak baldin baduzkagu, sartzen naiz webcamen eta bilera horrela egiten dugu. Orduan esango nuke askatasun gehiago dagoela azkenean oso kontzientziatuta daude arrakasta edukitzea lanean eta orduan bai dago esfortzu oso kontziente bat hori egia izateko. Eta bestalde esango nuke baita ere potentziala baldin badago saiatzen direla hori benetan ikusten eta aber zer egin daitekeen.
Gomendatzen al duzue kanpora ikastera edo lanera joatea?
M.A.: bai, bai. Nik uste dut kanpora joatea oso aberasgarria izan dela niretzako. Konturatzen zarelako zure ohiturak zeintzuk diren, konparatzen dituzulako ikasten ari zaren beste ohitura batzuekin, hemen ere bai beste hizkuntza bat ikasten ari naiz,…
J.B.: dudarik gabe, esango nuke zaila izan litekeela esperientziarik batere gabe baldin badago baten bat atzerrira joan eta lana aurkitzea ez? Baina hori esango nuke egia dela lan teknikoago edo ikasketak behar diren lan baterako ez? Baten bat baldin badago “oraintxe bertan edozein lan hartuko nuke atzerrira joango nintzateke pentsatu gabe” , esperientzi berri bat eta aberats bat, izugarri aberatsa da, eta lana bilatuko da seguru. Lana bilatzea da, igual ez egin nahi duzunean baina denborarekin… hemen prestakuntza-eta pila bat dago. Prestakuntza eta bai direla garestiago baina prestakuntza aukerak izugarriak dira, eta orduan esango nuke aurreneko lana bilatzea da trukua, lana bilatu hemen, atzerrian edo erabakitzen den tokian lana bilatu,  eta eduki esperientzia herrialde horretan eta lan horretan hilabete batzuk pasa ondoren eta ikasketa batzuk edo dena delakoa egin eta orduan hasi daiteke egin nahi duzuna egiten. Baino esango nuke atzerrira joatea dudarik egin gabe.
M.A.: eta nik uste dut jendea ezagutzeak ere bai  beti laguntzen dizula zu ezagutzen, eta azkenean beti dela zure burua proban jartzea eta ez dakit… betiko lekuan egonda gauzak aldatzen dira baina gutxi gorabehera zaude zure "comfort zone” horretan, eta kanpora joaten bazara gauzak beti dantzan hasten dira: ez daukazu familia gertu, eta nik uste dut egiten dituzun lagunak ez dakit…. Niretzako oso inportanteak izan dira eta dira, zergatik azkenean nire familia nire lagunak dira hemen. Eta nik uste asko ikasten dela beste bizimodu bat egiten.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Jan 22, 2016
Number: 2088609
Duration: 00:07:01
Number of visits: 7650