Aldizkari Digitala

Mikel Laboa, tradizioa eta abangoardia uztartu zituen kantaria

Atzo izan zen Mikel Laboaren heriotzaren 11. urteurrena. XX. mendeko euskal abeslari esperimentatzaile, ezagun eta garrantzitsuenetakotzat jotzen dute askok.

1934ko ekainaren 15ean jaio zen Mikel Laboa eta 2008ko abenduaren 1ean hil. Bernardo Atxaga idazleak dio tradizioa eta abangoardia uztartu zituela. Bere diskoen artean, 1974ko Bat-hiru da arrakastatsuena, euskaldun askok ezagutu eta buruz dakizkien hainbat kantarekin (bereziki, Txoria txori); disko hori Euskal Herriko historian izan den diskorik hoberena izendatu zuten komunikabide ezagun batek egindako bozketa batean.

Mikel Laboa Mantzisidor Donostiako Parte Zaharrean jaio zen, 1934an, II. Errepublika garaian. Espainiako gerra zibilaren ondorioz, aitak Bordelera ihes egin behar izan zuen eta Mikel ama eta senideekin Ispasterrera (Bizkaia) joan zen. Gerra amaieran, Donostiara itzuli ziren berriro. Donostian bertan egin zituen lehenengo ikasketak, eta tarteka etenaldiak egin behar izan zituen osasun-arazoak zirela-eta (geroago, Medikuntzako karrera ikastean, ere gertatu zitzaion horrelakorik). Garai horretan ezagutu zuen bere emazte eta lankide Mari Sol Bastida. Aitak Mikel abokatua izatea nahi bazuen ere, medikuntza ikasi zuen. Nafarroan egin zituen Medikuntzako ikasketak eta Bartzelonan Haur Neuropsikiatriako espezialitatea. 1967an, Donostiako San Miguel Patronatuan hasi zen lanean, haurren neuropsikiatra gisa.

 

Bere emazte Mari Sol Bastidarekin.

 

Lehen urratsak

 

Lehen diskoa, 1964an.

Jendaurrean lehenengo aldiz Zaragozan abestu zuen, euskal ikasleek antolatutako jaialdi batean. Medikuntza-ikasketak bukatu eta Bartzelonako ospitale batean praktiketan zegoela, harremanak izan zituen hango Nova Canço mugimenduko abeslariekin: Pi de la Serra, Raimon, Lluis Llach, Maria del Mar Bonet, Joan Manuel Serrat… Garai horretan, Palau de la Música Catalana teatroan abestu zuen Benito Lertxundi eta Lourdes Iriondorekin batera.


Mikel Laboak 1964an argitaratu zuen lehen diskoa: Azken. Disko horretan zegoen, beste hiru abestirekin batera, O Pello Pello! kanta ezaguna. Garai hartan, Gabriel Aresti poetak Harri eta Herri poema-liburua argitaratu zuen, eta Jorge Oteizak Quosque tandem saiakera-liburua. Garai horretan beste hiru disko argitaratu zituen Laboak –single deitzen ziren horietakoak–, herri-kanta (Haika mutil), eta idazle garaikideen letrekin osatuak: Gabriel Aresti (Egun da Santi Mamiña), Bertolt Brecht (Liluraren kontra) eta Daniel Landart (Zure begiek)

Ez Dok Amairu taldea

Katalunian piztu zitzaion Mikeli talde bat sortzeko gogoa, eta beste abeslari eta artistekin harremanetan jartzen hasi zen. 1965ean ezagutu zituen Benito Lertxundi, Lourdes Iriondo eta Joxean Artze poeta.
Jorge Oteizari egindako bisita batean, hark proposatu zien osatu nahian zebiltzan taldearentzako izena: Ez Dok Amairu.


1966an eman zuen Ez Dok Amairu taldeak lehen kantaldia jendaurrean, Hernanin. Lehenago aipatutako Lourdes Iriondo, Benito Lertxundi, Joxean Artze eta Laboaz aparte, Xabier Lete, J. A. Irigaray eta beste zenbait lagun zeuden talde hartan. Talde horrek euskal kanta tradizionala eta berria uztartu nahi zituen. Ez Dok Amairu taldearen emaitzarik onena eta deigarriena Baga, biga, higa ikuskizuna izan zen. Ikuskizun hori elementu askok osatzen zuten: dantza, testu zahar eta berriak kantatuak eta errezitatuak, txalaparta, alboka... Mikelek berak badu izen bereko kanta, oso ezaguna dena. Bi urtez jardun zuten taldekoek Euskal Herriko zenbait lekutan eta baita kanpoan ere: Bretainian, Paben, Bartzelonan… 1972an Ez Dok Amairu desegin egin zen.

 

Ez Dok Amairu taldeko zenbait kide, Atahualpa Yupanqui (ezkerretik hirugarrena) eta Paco Ibáñez (zutik, eskuinekoa) kantariekin: Joxean Artze (ezkerretik bigarrena), Benito Lertxundi (laugarrena), Mikel Laboa (seigarrena), Jose Angel Irigarai (zazpigarrena), Xabier Lete (makurtuta, ezkerrean) eta Lourdes Iriondo.

 

Disko berriak eta kontzertuak ematen
 

Bat Hiru, bere lanik arrakastatsuenetakoa.

Urte batzuk geroago, 1974an, LP bikoitza eman zuen argitara Mikelek, Bat-Hiru izenekoa; deigarria da nola Laboaren disko askok zenbaki bat daukaten izenburu. Bertan daude Laboaren kantu ezagun asko: Txoria txori, Pasaiako herritik, Haize hegoa… Txoria txori euskal abestirik ezagunenetakoa da (abeslari askok egin dituzte bertsioak). Hitzak Joxean Artzek idatziak dira; doinua, berriz, Mikel Laboak sortua. Artzek paperezko ezpainzapi batean idatzi zuen poema, Donostiako Parte Zaharreko taberna batean; Laboaren emazteari gustatu, ezpainzapia etxera eraman eta Mikelek musika jarri zion.


Espainiako Trantsizio-garai hartan, Ikimilikiliklik ikuskizunarekin ibili zen jaialdiak ematen; Laboaren kantez gain, Artzeren poema espazialak eta Zumeta margolariaren txoriek osatzen zuten ikus-entzunezko emankizun hori. Garai horretan, 1976an, ekitaldi erreibindikatibo batzuetan ere parte hartu zuen Mikelek: Herri Irratiak antolatutako 24 orduak euskaraz ekitaldian, beste abeslari eta artista askorekin batera Donostiako Anoetako belodromoan, eta Euskaltzaindiak antolatutako Bai euskarari izeneko festan, San Mameseko futbol-zelaian.

Lluis Llach kantari katalanarekin batera ere bira egin zuen Laboak Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan barrena. Bira horretan estreinatu zuen Komunikazio-inkomunikazioa izeneko esketx zirraragarria; bertan, J. Sebastian Bach, Amalia Rodriguez, Ataualpa Yupanqui, Bob Dylan eta zenbait hizkuntza eta sasi-hizkera tartekatzen zituen.


1979an etenaldi bat egitea erabaki zuen bere zuzeneko emanaldietan, bost urte iraungo zuena. Hala ere, jarraitu zuen diskoak argitaratzen: 1980an beste LP bikoitz bat argitaratu zuen, Lau-Bost izenekoa (besteak beste, Izarren hautsa (Leterena) eta Langile baten galderak liburu baten aurrean (Bertolt Brecht) kantak daude bertan).

Harreman handia izan zuen Lluis Llachekin eta Nova Canço mugimenduko jendearekin.

 

Berriro kontzertuak ematen

Bost urteko etenaren ondoren, 1984an itzuli zen zuzeneko kontzertuetara; Iñaki Salvador pianistarekin aritu zen handik aurrera kontzertu eta diskoetan. Laboak eta bere taldeak kontzertu asko eskaini zituzten gainezka egon ohi ziren antzoki eta frontoietan, baina, 1985ean, gaixotasun baten ondorioz, lan gutxiago egitea egokitu zitzaion. Urte berean erabat utzi zituen psikiatra-lanak.


Halere, jarraitu zuen diskoak plazaratzen. 1984ean, Sei izeneko LPa, hamar kantaz osatua, Lekeitioak deiturako LP bikoitza grabatu zuen 1988an, tankera esperimentaleko kantez osatua, eta hurrengo urtean, 12 izeneko diskoa argitaratu zuen (azken horretan daude, besteak beste, Antzinako bihotz –Bernardo Atxagaren letra–, eta Cherokee, Lekeitio 8).

 

1990ean bidaia bat egin zuen Kubara, hemengo kulturaren alderdi batzuk erakusteko, zenbait artistarekin batera: Ruper Ordorika, Hertzainak, B. Atxaga, Zumeta, Karlos Argiñano... Rock-belaunaldi gazteko zenbait taldek disko bat eskaini zioten Mikeli –Txerokee, Mikel Laboaren kantak–, haren kanten bertsio moderno eta bitxiekin.
Lau urte grabatzeke egon ondoren, 14 izeneko diskoa kaleratu zuen eta Zuzenean izenekoa 1997an. Bestalde, ahaztezina gertatu zen Donostiako Orfeoi eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin batera Donostiako Anoeta estadioan emandako kontzertua; bertan bere bi kanturen bertsio apartak sortu ziren: Txoria txori eta Baga biga higa kantenak, hain zuzen ere.

 

 

 

Azken urteak


Laboak soinu-banda jarri zion Julio Medem zuzendariaren Euskal Pilota filmari. Nömadak Tx izeneko filmari ere eman zion bultzada; filmean, bere kanta baten bertsioa egiten dute txalapartaz: Martxa baten lehen notak; Donostiako Zinemaldian estreinatu zen filma, 2006an. Plazaratutako azken diskoetako bat Xoriek 17 izenekoa da; bertan B. Atxagak errezitatutako kanta zoragarri bat dago, Xorien heriotza (ondoan). 

 

Elkar argitaletxeak, 2018ko abenduan, Laboaren kanta guztiak argitaratu zituen hainbat cd dituen bilduma batean. Jendaurrean eskaini zuen azken kontzertua 2006ko uztailean izan zen, Donostiako Zurriola hondartzan, Bakearen aldeko kontzertua deiturikoan, Bob Dylanekin batera.

Mikel Laboa ez zen berritsua, baina bai umore onekoa. Mari Sol emazteak kontatzen du nola haren bizitzako azken egunetan, jada gaixo zegoela, jendeak galdetzen zionean zer moduz zegoen, Mikelek erantzuten omen zuen: “Txar guztiak kenduta, ondo”, edo “Lourdesera joan beharko dut, ea sendatzen naizen”. Euskal Herriko Unibertsitateak urrezko domina eman zion 2000. urtean eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 2008an. Urte berean hil zen Mikel Laboa, abenduaren 1ean.

Mikel Laboa Euskal Herriko artistarik handienetakotzat jotzen da. Ondo baino hobeto asmatu zuen tradizioa eta berrikuntza txertatzen; euskal kanta herrikoi eta poeta garaikideen bertsoak zabaltzen eta jendeak ezagut ditzan ahalegin handia egin zuen.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Nov 23, 2015
Number: 2040365
Number of visits: 8740