Aldizkari Digitala

Harria, maitasun-istorioa

Iñaki Perurena, "Neure buruari izenburu bat jarri beharko banio, harri-jasotzaile jarriko nioke".

Iñaki Perurena (Leitza, 1956) harri-jasotzailea, poeta, eskultorea, harakina, aktorea, abeltzaina eta bertsolaria da. “Ni harakina eta abeltzaina naiz, baina harria da nire pasioa”, azaldu digu. 1994. urtean marka hautsi zuen 320 kiloko harria jasotzean; 1999an, 100 kiloko harria 1.000 aldiz altxatu zuen bost ordutan; eta 2003an, 1.700 aldiz bederatzi ordutan. Plazetan 40 urte baino gehiagoko ibilbidearen ostean, arazo fisikoengatik harria jasotzeari utzi behar izan dio, baina asmatu du bere pasioari lotuta jarraitzeko modua: Harria. Maitasun istorioa bakarrizketa. Gu Zestoako kultur etxera gerturatu gara, eta berarekin hitz egiteko aukera izan dugu han.

1. Harri-jasotzaile, poeta, eskultore, harakin, aktore, abeltzain eta bertsolari zarela irakurri dugu, baina zuk harri-jasotzailetzat soilik duzu zeure burua. Zer da harri-jasotzaile izatea?
Urte askoan hainbat saltsatan ibili naiz, eta horregatik ditut hainbeste titulu. Ni ogibidez harakina eta abeltzaina naiz, baina nire pasioa harria da. Neure buruari izenburu bat jarri beharko banio, harri-jasotzaile litzateke. Ni harri-jasotzailea naiz eta hori izan nahi dut, gainera.

2. Noiz hasi zinen harria jasotzen? Garai hartan, norbait izan zenuen erreferente?
Leitzan aizkora zen jendearen zaletasuna, ez harria. Umetan aitonarekin igarotako denborak eragina izan zuen, eta, bera hil zenerako, banekien harriak nire bizitzan tokia izango zuela; izan du eta izango du.

Garai hartan, ez nuen erreferenterik, baina egutegi bateko argazkiak liluratu egin ninduen: Urtain harria jasotzen agertzen zen bertan. Ondoren, 15 edo 16 urterekin, Gipuzkoan eta Bizkaian aurkitu nituen erreferente batzuk.

3. 40 urte baino gehiago plazaz plaza harriak jasotzen. Zein une gordetzen duzu bereziki bihotzean?
Momentu asko izan dira: Donostiako Belodromoan, herri askotan, auzo txikietan… Askotan, jendeak euren etxera gonbidatu izan nau aldatzera, logelako ateak ireki… Ibilera izan da zoragarria eta ezin dut egun bakarra aukeratu, une politak asko izan baitira.

4. Askotan galdetu dizute euskararen inguruan. Zergatik dela uste duzu?
Goenkalen ikusi nautelako, bertsozalea naizelako, Peru-Harri museotxoa eraiki dugulako, eta plazan urte asko igaro ditudalako batez ere.

5. Goenkalen ere aktore-lanetan aritu zinen 19 urtez; Imanol zinen zu. Nolakoa izan zen aktore lana?
EiTBk Donostian duen Miramon egoitzan, Iñaki Eizmendik eta Mikel Arregik Goenkalen parte hartzeko proposamena egin zidaten. Nire erantzuna: “Zuek prest zaudete ni bezalako bat Goenkalen hartzeko?”. Hasieran ez nekien aktore izatea zer zen. Gainera, kritika bat irakurri nuen: Euskal aktoreek zer pentsatuko dute Iñaki Perurena lan horretan ikusita? Ordutik, nire lana ongi betetzen saiatu nintzen. Nire ustez, aktore izateko hiru gauza behar dira: lehenengoa, gidoia ikastea da; bigarrena, puntualtasuna; eta, azkenik, zuzendariaren aginduak betetzea. Ahal dudan ondoen egiten saiatu naiz eta polita izan da. Harriekin bakarlana da, eta Goenkalen talde-lana zegoen. Engranaje horren parte izatea merezi izan du.

'Harria. Maitasun istorioa' bakarrizketaren kartela.

6. Peru-Harri museoa sortu duzu etxean. Zer aurkituko dugu bertan?
Lehen, askotan, baserriko ganbaratik mendira begiratzen nuen eta harriagatik etxean zerbait egin behar nuela pentsatzen nuen, harria niri asko ematen ari zelako. Hainbat adibide nituen buruan: euskal artzainen omenez Ameriketan egindako eskultura bat; Gaztela aldera goazenean, errepide bazterrean artzainei eskainita dagoen beste bat…

Halako batean, nire seme Inaxiorekin batera harri-jasotzaile baten irudia egitea erabaki nuen. Izan ere, bera ere harri-jasotzailea da. Hala ere, orduan ez genuen bisita-toki edo museo batean pentsatu. Ondoren iritsi zen hori: baserriaren inguruan kobazulo bat topatu genuen, harrizko aizkora bat aurkitu genuen eta horrek eszenatoki bat sortzera eraman nau pixkanaka. Harri eta herri… Mitoz betetako istorioa da Peru-Harri. Ikastetxeetako haurrak etortzen dira eta bisitak jasotzen ditugu asteburuetan; oso polita da.

7. Harria. Maitasun istorioa bakarrizketa ikusi dugu. Nori bururatu zaio zu eta harriaren historia uztartuz ikuskizun hau sortzea?
Niretzat harriarekin jarraitzeko beste modu bat da. Fisikoki bizitzako beste etapa batean nago, baina, hala ere, harriarekin jarraitu nahi nuen. Goenkalen parte hartu izanak ere izan du zerikusia, noski, baina, bakarrizketa ez da hizketa soila: abestu ditudan bertso batzuk, nire bizipenak, harriaren historia orokorrean… Hainbat gauza gehitu ditut. Bakoitzak nahi duen titulua jar diezaioke: niretzat maitasun-istorio bat da eta hainbat pasarte ditu.

8. Zer helarazi nahi diozu ikusleari?
Nire bidea nolakoa izan den eta zertan saiatu naizen. Harria hartu eta jasotzera bakarrik ez naizela joan plazatik plazara. Ibilbide hori zoragarria izan dela, eta, horren ondorioz, Euskal Herria asko ezagutu dudala, baita gehiago maitatu ere.
 

Transcription:[+] Transcription:[-]

1. Harri-jasotzaile, aktore, harakin, abeltzain, bertsolari… Zu zer sentitzen zara?
Azkenean, urte askoan baldin bazabiltza ere, nahi gabe titulu asko jartzen dizkidazue, titulu asko. Nire ogibidez, harakin eta abeltzain naiz, nire ogibidez. Harriarekiko pasio bat izan dut eta nire bizitzan, nik nahi dut izenburu bat bakarra jartzekotan: harri-jasotzaile. Gero tokatu zait beste gauza batzuk egitea, horren ondorio izan dire (dira). Eta beno, harriari eskerrak emateko, orain baserrian gauzatxo batzuk eta egiten ari naiz. Baina, ni harri-jasotzailea naiz eta hala izan nahi dut, gainera.

2. Noiz hasi zinen harria jasotzen? Erreferenterik bazenuen?
Umetatik, eta, gainera, Leitzan ez zen harrirako zaletasun berezirik, ez zen, pilota eta aizkora eta bai, baina, harrirako ez. Baina, beharbada, nik esango nuke aitonarekin bizitu nuen garaitxo hark eragina izan zuela eta ia aitona joan zenean, hamar urte bakarrik nituen, jada ordurako banekien harriak neure bizitzan tokitxo bat izango zuela. Eta izan du eta izango du, gainera.

Ez, erreferenterik ez nuen garai hartan; bakar-bakarrik argazki bat ikusi nuela. Eta hau al da nik amesten dudan mundu hori? Zeren pixka bat argazki horrek liluratu ninduen. Gerora bai, gerora ia 15-16 urterekin, Gipuzkoa aldera etortzen hasi nintzen. Gipuzkoa zen eta Bizkaia harrien tokia… Eta gero bai, handik urte batzuetara, baina, haurtzaro garai hartan, ez nuen erreferenterik.

3. ‘Harria. Maitasun istorioa’, nola bururatu zaizu ikuskizun hau sortzea?
Harriarekin jarraitzeko beste modu bat. Fisikoki bizitzako etapak eta medikuak aipatutakoa eta nik harri horrekin jarraitu nahi nuen. Gero, azkenean, Goenkaleko urteetako ibilera horrek ere kutsua ematen dizu, bakarrizketa bat bada hau. Baina bakarrizketa hori ez da hizketa soila: bidean kantatu izan ditudan bertso batzuk sartu, harriarekiko istorio hori sartu, harriak orokorrean hartu eta bueno, halako zerbait. Bakoitzak nahi duen titulua jar diezaiola: maitasun-istorio bat da eta istorio horren hainbat pasarte agertzen dira hor.

4. Zein da ikusleari eman nahi diozun mezua?
Nire bide hori nolakoa izan den, zertan saiatu naizen. Ez naizela bakarrik joan, hartu eta harri hori jasotzera. Baizik eta horren ondorio Euskal Herria hobekiago ezagutu, eta ezagutzen duzuna gehiago maitatzen duzu, eta ibilera hori zoragarria izan dela, mezu hori jendeari ailaraztea (helaraztea).
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Feb 23, 2018
Number: 20345357
Duration: 00:03:35
Number of visits: 1902