Aldizkari Digitala

Ur-jauziak, naturaren ikuskizun aparta

Ur-jauzi handiak naturak eskaintzen duen ikuskizun ederrenetakoa dira. Uraren orroa beherantz, amildegiaren bertigoa, ur-tanten lainoa inguru guztia bustitzen… Horrek guztiak halako harridura hipnotiko bat sortzen du, eta gizakia zer gutxi den hausnartzera eramaten gaitu.

Ur-jauzi politak ikusteko ez dago urrutira joan beharrik, adibidez, Nerbioi ibaiaren iturburura edo Kakuetako arroilara, baina egia da benetako ur-jauzi txundigarri horiek ikusteko apur bat bidaiatu behar dela. Pila bat daude, baina oraingoan munduko hiru ikusgarrienetakoak aipatzera goaz, hirurak Amerikakoak: Niagara, Iguazu eta Canaima.

Niagara pelikula askotan atera da, baita argazkietan eta dokumentaletan ere. Halaxe da. Eta egia da oso turistikoak direla, eta inguruan saltoki asko daudela. Hori ere hala da. Jakina, baina zoaz eta jar zaitez Ferra izenekoaren aurrean. Ez esan aho-zabalik geratu ez zarenik.

Ferra da Niagara Ur-jauzietan ikusgarriena.

Ferra hori da Niagara ur-jauzietan garrantzizkoena, eta harrigarria da zenbat ur erortzen den. Ur-gortinaren atzealdetik tunel batzuk daude. Ausartzen bazara, eta bertigorik ez baduzu, milaka urte erori eta erori ari den eta amaitzen ez den ur hori ukituko duzu eskua luzatuta. Jakina, zira hori batzuk banatzen dituzten arren, bisitariek goitik behera blai eginda amaitzen dute, eta gauza bera gertatzen da Ferrara hurbiltzen den itsasontzian ere, Maid of the Mist izenekoan (Lanbroaren neskamea).


Niagara ur-jauziak AEB eta Kanadako mugan daude. Erditik igarotzen da muga markatzen duen lerroa. Ferra hobeto ikusten da Kanadako aldetik, Skylon Dorrera igota batez ere, baina American Falls izeneko zatia ere kontuan hartzekoa da; AEBetan daude; ur-jauzia azpitik ikus ditzakezu, eta badirudi ur guztia gainera datorkizula.

Iguazu ur-jauzi ikusgarriak.

Iguazu ur-jauziak ere mugan daude, Brasilen eta Argentinaren artean. Hauek ere oso turistikoak dira, baina ez inondik ere Niagarakoak adina. Ur-jauzi hauetan luzera da harrigarria, bi herrialdeak kontuan hartuta hiru kilometro pasatxo. 200 ur-jauzi baino gehiago dira. Bertigoa gustuko dutenek hitzordua dute Deabruaren Arroilan. Han Iguazu ibaiak, ordura arte lasai askoak, bat-batean 80 metrotik gorako ur-jauzia sortzen du, dena apar eta zarata. Pasabide eta balkoi batzuk jarri dituzte, guztia ondo ikusteko eta amildegiraino hurbildu ahal izateko.

Zuhaitzak ur-jauziko paretetara itsatsita hazten dira.

Niagaran bezalaxe, eztabaida da zein aldetatik ikusten diren hobeto, Brasiletik edo Argentinatik. Ikuspegi osoa nahi bada, hobe Brasiletik, baina ur-jauzirik ederrenak, Deabruaren Arroila barne, Argentinatik ikusten dira. Bi ibai-bazterrak lotzeko zubirik ez dago. Batetik bestera joateko ordubete pasatxoko buelta egin behar da, bi herrialdeen arteko muga pasatuta.

Parke nazional izendatuta daude Iguazuko bi aldeak: brasildarra eta argentinarra. Eta beraz, aukera aparta eskaintzen dute flora eta fauna aldetik, eraikin turistikoak salbu, apenas ezer ukitu duten oihan hartan. Ikustekoak dira tximeletak, ugariak eta eder askoak.

Bai Canaiman bai Iguazun tukanak ikus daitezke.

Canaima Venezuelako oso toki berezia da. Ez dago turistarik apenas, oihanaren erdian dago, eta, urrutian, tepuy-ak nabarmentzen dira, mahaiak bezalako gailur laua duten mendiak. 

Canaima urmaelera erortzen da Carrao ibaia.

Carrao ibaia Canaima urmaelera erortzen da, ur-jauzi eder batean. Ez da handi horietakoa, eta ur asko ere ez darama, baina ingurua du eder-ederra eta lasaia. Zuhaitzetan tukanak eta papagaiak daude, eta urak, urmaelean lasaitzen denean, kolore bitxia hartzen du, kola edariarena-edo. Kolore hori zuhaitzetako substantzia begetalek ematen diote.

Canaimatik ur-txangoa egin daiteke Angel Jauziraino, munduko garaieneraino. Urak 800 metro egiten du behera. 1937an AEBetako pilotu batek ur-jauziaren gainetik hegan egin zuen lehen aldiz, eta mundu guztiari kontatu zion aurkikuntza eder hori. Pilotuak Jimmy Angel zuen izena, eta horregatik du izen hori ur-jauziak. Jakina, bertako pemone indioentzat beste izen bat du, Churun Vena. Indio hauek antolatzen dituzte ur-txangoak Carrao ibaian barrena, beren curiara izeneko kanoetan. Enbor hustuekin egindako kanoetan.

"Penome" umeak, Canaiman bizi den talde etnikokoak.

Normalean txangoak hiru egun irauten du. Carrao ibaian gora eginda, Angel Jauziaren azpian kanpaleku xume bat egiten dute. Chinchorro izeneko hamaka batean egiten dute lo, bueno lo egin baldin badaiteke, zeren oihaneko zaratek urduritasuna sortzen baitute, eta jejeneekin (eltxoak) ez dago bakerik. Dena dela, Canaimara itzultzean, hoteleko ohea ona izanda ere, hamakaren kulunkaren falta sumatzen da.            
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Oct 5, 2015
Number: 1996427
Number of visits: 7616