Aldizkari Digitala

Egoitz Konte, grafitigilea: herri bakoitzak bere jokabidea dauka grafitiekiko

Grafitigile honi elkarrizketa egin diogu, eta gauza interesgarri asko kontatu dizkigu.

Egoitz Konte (Gasteiz, 1980) arkitektoa eta grafitigilea da, eta Fill In Culture kolektiboko kidea, beste hiru lagunekin batera. Gasteizen leku askotan ikus daitezke haiek egindako grafitiak eta muralak, izan ere, Arabako hiriburua hiri “margotua” dela esan baitaiteke. Horrez gain, haurrei grafitiak egiten irakasten die eskolaz kanpoko jarduera gisa. “Estilo propioa” du eta, normalean, “panpinak” margotzen dituela kontatu digu. Baina grafitiak egitea lanbide bat al da?

1. Noiz erabaki zenuen grafitigile izatea?
Grafitigile izatea ez da erabaki bat. 18 edo 20 urterekin gauza handiak egiten hasi nintzen, formatu handietan marrazten nuen, eta, azkenean, paretera igarotzea erabaki nuen. Gasteizen grafiti asko ikusi ditudanez, pauso hori ematea erraza izan da. Ez da erabakia, bilakaera bat baizik.

2. Nolakoa da grafiti bat egiteko sormen-prozesua?
Lehenengo, paperean zirriborro bat egiten dugu; askotan pertsonaia bat izaten da, eta, amaitu aurretik, aldaketak egiten dizkiogu. Batzuetan, aspaldiko pertsonaia bat berreskuratzen dugu, etxean ditugun koloreak erabiltzen ditugu… Norbaitek nire marrazkia ikustean, sinatu gabe badago ere, nirea dela jakitea da helburua, identifikatzea. Nik ez ditut guztiak sinatzen. Garrantzitsuena norberak bere estiloa izatea da, besteengandik desberdintzen gaituena. Hala ere, erreferentziak baditugu, eta, askotan, ideiak hartzen ditugu. Grafitia gure ego pertsonalaren adierazpena da.

3. Grafitiek badute bere lekua euskal kulturan?
Uste dut baietz. Gasteizen, adibidez, Duda X aitzindaria izan zen, lehenengo grafitigileetako bat, baina zonalde batetik bestera egoera asko aldatzen da.
Donostian oso grafiti gutxi dago, bertako legeek eta baimenak lortzeko zailtasunek baldintzatuta, ez dute grafitia jorratu. Bilbon, berriz, artista interesgarri asko dago. Hala ere, Gasteizkoak eta Bilbokoak desberdinak dira: Bilbon, metrotik ikusten diren paretak margotzen dira. Horregatik, pieza handiak dira. Gasteizen ez dago trenik edo metrorik, eta, horren eraginez, jendeak gertuagotik ikusten ditu: plazan, parkean…

4. Non eta noiz sortu zen grafitia?
New Yorkeko Bronx auzoan hasi zen 80ko hamarkadan. Garai hartan, boom bat egon zen, jendea bere izena hormetan margotzen hasi zen: Taki 183 bere izena sinatzen hasi zen, Keith Harimg famatua egin zen marrazten zituen panpinengatik… Trenetik ikusten ziren hormak grafitiz bete zituzten. Gehiago jakin nahi izanez gero, Style wars dokumentalean oso ongi azaltzen dute garai hura.

5. Noiz eta zergatik sortu zenuten Fill In Culture taldea?
Guk grafitia eta murala bereizten ditugu; bi gauza dira. Harremana dute, baina desberdinak dira: grafitia ez da legezkoa, gure diruarekin ordainduta egiten dugu eta nahi duguna marrazten dugu. Murala, berriz, norbaitek eskatuta sortzen dugu, eta, askotan, marrazki zehatz bat egiteko eskatzen digute. Gainera, lan hori egiteagatik ordaindu egiten digute.
Guri grafitia gustatzen zaigu, eta Fill In Culture sortu genuen muralen eta lantegien bidez grafitiak egiten jarraitzeko. Gainera, grafitia kaleko jendearengana gerturatu nahi genuen. Taldean lau partaide gara eta guztiok margotzen dugu

6. Egin dituzun lanen artean, zein da zure lan kuttuna?
Bat aipatu beharko banu, Gasteizen Maldanbera Fest Jaialdiarekin elkartuta egin genituen hiru mural erraldoiak aipatuko nituzke. Horretaz gain, lagun bati bere ezkontzarako grafiti bat oparitu genion, eta hori ere polita izan zen.

7. Zure ustez, grafitiak egitea artea da? Benetan duen balioa ematen diogu euskaldunok?
Bai, nire ustez, Gasteizen behintzat estimatzen dute. Grafitiak 80ko hamarkadatik egiten dira eta jendea ohitu egin da. Ohituta daudenez, balioa ematen diote. Donostian, ordea, ez da hori gertatzen: jendeak ez du ulertzen zertan ari garen eta horma izorratzen ari garela uste dute.
Ez dakit artearen maila berean jartzen duten edo pareta gris bat koloreztatzen dugulako gustatzen zaien. Azken batean, artea baloratzea zaila da.

8. Herri askotan etxe-aurre asko grafitiz apaintzen ari dira, baita Gasteizen ere. Lehen, grafitiekin hormak zikintzen zirela kontsideratzen zuten eta, orain, beste modu batera ikusten dugu, zure ustez?
Hamar urtean asko aldatu da. Margotzen hasi ginenean, jendeak salaketa jarriko zigula esaten zigun, eta, azken urte hauetan, arazo gutxiago izan dugu. Urteekin normalizatu egin da, batez ere Gasteizen. Izan ere, hiri bakoitzak bere errealitatea du, bere ekosistema.

9. Grafitigile izatea lanbide bat da?
Muralista bezala bai, baina grafitiak soilik eginez ez, ez baititu inork ordaintzen. Ordu asko eman behar dira lanean , harreman asko izan, eta, hori eginda, ogibide izatea lor daiteke. Zerikusi handia du margolariaren bizitzarekin.

Transcription:[+] Transcription:[-]

1. Noiz erabaki zenuen grafitigile izatea?
Bueno, grafitigile izatea ez da erabakitzen. Azkenean, bertan daukazun zer edo zer da. 18, 20 urterekin jada ibiltzen nintzen gauza handiak egiten formatu handietan eta ez dakit zergatik pixkanaka pixkanaka formatu handi horiek paperean egiteaz, paperean edo material ezberdinetan egiteaz erabakitzen duzu paretetara (hormetara) bideratzea. Azkenean, Gasteiz ere margotu izan den hiri bat izan denez, ikusi izan dugunez grafiti asko, pauso hori erraza izan zen. Ez da erabakitzen, azkenean, eboluzio bat da.

2. Grafitiek badute bere lekua euskal kulturan?
Ez dakit, imajinatzen dut baietz. Azkenean, zonalde bakoitza(k) egin du bere grafitia, adibidez, Gasteiz bat, nik uste badaukala izena, oso hiri margotua da eta baita ere hemen izan ditugun grafitigileak Duda X, adibidez, grafitiaren hasieretako bat berea izan zen.
Donostian ez dago, Donostian oso grafiti gutxi dago, badago zer edo zer, baina oso gutxi dago, batez ere bertan dituzten legeengatik. Ez da batere permisiboa hiri hori, eta orduan, ez da batere jorratu grafitia.
Eta gero Bilbo, baditu bere gauzak ere, egin dira oso gauza interesgarriak eta badaude artista asko oso interesgarriak Bilbon.
Bilbo(k) eta Gasteize(k) grafiti-mota desberdinak dituzte. Bilbon batez ere metroarentzat egin izan da grafitia, orduan azkenean batez ere metroa jarri zutenetik margotu izan da metroaren paretak asko, trenetik asko ikusteko. Eta orduan izaten dira pieza handiak, jendeak bere izenekin eta pertsonaia handiekin… Gero, Gasteizen adibidez jendeak ikusten ditu plazetan edo parkeetan, edo zonalde lasaiagoetan, oinez ikusteko. Nik uste grafitia egiteko modu hori (horrek) influentziatu duela.

3. Grafitiak egitea artea da? Benetan duen balioa ematen diogu euskaldunok?
Bai, nik uste Gasteiz batean bai. Azkenean, Gasteiz 80(ko) hamarkadatik margotua dabil (dago) hiria. Eta gauza askotan, jendea, nik uste, ohitu dela eta ohitze horretara, azkenean baloratu (balioztatu) izan duela. Beste hiri batzuetan, Donostian gertatu izan zaigu, juxtu kontrakoa: margotzen zaudela (ari zarela) eta jendeak ez du ulertzen, zergatik zauden (ari zaren) margotzen, pareta bat izorratzen eta gauza horiek. Nik uste azkenean, kultura gehiago eduki duten hirietan baloratzen (balioztatzen) da gehiago. Eta hemen eskatu izan dizkigute azkenean lan asko kalean margotzen ez egoteagatik. Ez dakit arte mailan baloratzen (balioztatzen) duten edo baloratzen (balioztatzen) duten azkenean pareta gris bat koloreztatzen duzulako. Azkenean, artea ere baloratzea (balioztatzea) oso zaila da.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Jan 26, 2018
Number: 19434169
Duration: 00:03:21
Number of visits: 2073