Aldizkari Digitala

Egunkariak krisian

Batzuek diote egunkaria desagertzeko zorian dagoela; beste askok euskarri-aldaketa bat baino ez dela. Argi dago lehen baino egunkari gutxiago saltzen dela eta dauden horiek ere orrialde gutxiago dituztela. Baina krisian al dago egunkaria?

Munduko lehenengo kazeta Estrasburgon, 1605. urtean, argitaratu zen,  “Relation aller Fürnemmen und gedenckwürdigen Historien” izenekoa. Ordutik hona, herrialde guztietara zabaldu da komunikabide hau: egunerokoa, albistaria, berripapera, kazeta edo egunkaria izenarekin ezagutzen dugu, eta egunero kaleratzen den argitalpena da.

Batzuek diotenez, egunkaria desagertzeko zorian dagoen hedabidea da; beste askok, aldiz, euskarri-aldaketa bat soilik izango dela diote, paperean irakurtzetik online irakurtzera. Argi dago lehen baino egunkari gutxiago saltzen dela eta dauden horiek ere orrialde gutxiago dituztela. Baina krisian al dago egunkaria?

Galdera horren eta beste askoren inguruan aritu gara Mari Luz Marzolekin. Bera, izatez, aresoarra da, baina Andoainen bizi da. Aitortu digunez, jada hogeita hemeretzi urte pasatu dira Stop liburu-denda ireki zuenetik eta lanean oso gustura ari da.

Mari Luz Marzolek 39 urte darama Stop liburu-dendan lanean.

Lana gogorra ez, baina lotua dela dio Mari Luzek: “Liburu-denda egunero irekitzen dugu, astelehenetik igandera. Ez dago jaiegunik, larunbat eta igande arratsaldetan bakarrik ixten dugu”. Egun horietaz gain, Stop bakarrik aurkituko dugu itxita Eguberri edo Urteberri bezalako egunetan. Izan ere, egun horietan egunkaririk ez dagoela kontatu digu kazeta-saltzaileak.
Denda goizean zabaltzerako, egunkariak bertan egoten direla azaldu digu: “Goizeko 5:00ak eta 5:30ak artean ekartzen dituzte gehienak eta, egunaren amaieran, kontatu eta sobera dauden aleak itzultzen ditugu. Hurrengo goizean berriak ekartzen dituztenean, bezperako egunkariak eramaten dituzte”.

Lehen bezeroek egunero erosten zuten egunkari bat, eta etxe batzuetan bi ere bai, “Orain, gehienek asteburuan soilik erosten dute, eta, gainera, erosteko liburu-denda ez da aukera bakarra. Gaur egun, adibidez, egunkaria leku askotan dago ogiarekin batera, edozein okindegitan”.

Lehen bezeroek egunero erosten zuten egunkari bat, eta etxe batzuetan bi ere bai.

Hori dela eta, beherakada bat egon dela azpimarratu digu dendariak, nahiz eta eroslearen profila ez den asko aldatu urte hauetan guztietan: “Egunkaria erosten duenaren profila betikoa da; hori ez da aldatu, baina egia da gazte jendeak lehen baino gutxiago erosten duela”. Horren arrazoi nagusia zein den oso argi du: “Gazteek Interneten, tabletan edo tabernara joanda kafea hartzen duten bitartean irakurri ohi dute. Horrela, egunkariaren prezioan beste kafe bat har dezakete”.

Interneten ala paperean, paperean ala Interneten, gaur egun egunkaria bi modutan irakurtzeko ohitura daukagu: “Egunkaria paperean irakurtzea askoz hobea da, nire ustez, ordenagailua ikusmenarentzat ere kaltegarria izan daiteke eta”.

Egunkariak saltzen hainbeste urte eman ostean, ez dela kazetarik desagertu kontatu digu dendariak.  Periodiko berdinak saltzen ditu, nahiz eta aldaketak izan dituen: “Prezioan egon da ezberdintasuna: urteak aurrera joan ahala, handitu egin da. Gainera, astean zehar prezio bat dauka eta asteburuetan beste bat, garestiagoa”. Arrazoia edozein izanda ere, Andoaingo liburu-dendan bezala, besteetan ere egunkari gutxiago saltzen dira: “Orain lehen baino ehuneko hogeita hamar bat egunkari gutxiago eskatzen ditugu, lehen baino gutxiago saltzen dugu eta”, adierazi digu Mari Luzek.

Berria egunkaria bide berrien bila
Egunkarien eskaintza zabala bada ere, euskara hutsez argitaratzen den bakarra Berria da. Martxelo Otamendi zuzendariarekin solasean aritu gara, egunkari honek bizi duen egoera argitzeko: “Gaur egun, ez daude bakarrik paperezko egunkariak. Egunkariak egiten ditugun enpresok, behintzat ertain-handiek, denok dauzkagu Internet zerbitzuak”. Berriaren kasuan, paperezko euskarria, Internetekoa eta webguneko telebista ere badauzkate.

Berriaren hiru euskarriak: on line, paperezkoa eta telebista.

Martxelok argi du aldaketa soziologiko bat eman dela kontsumoan, egunkaria paperean irakurtzetik pantailan irakurtzera pasatu dela. Hala ere, zuzendariarentzat arazoa beste bat da: “Paperezkoak bi diru-iturri nagusi ditu: publizitatea eta salmenta. Internetekoak, aldiz, ez du merkatu horretan sartzea lortu. Etorkizunean ez dakit negozioa non egongo ote den”, kontatu digu. Orain arte salmenta eta publizitatea izan dira Berriako langileen soldatak, azpiegiturak, programa informatikoak, bidaiak… ordaintzeko modua: “Azken aldian salmenta jaitsi egin da eta, horri aurre egiteko, hainbat erabaki hartu behar izan ditugu: lehen, batez beste, 56 orrialdeko egunkaria argitaratzen genuen, eta orain, berriz, 40-48 orrialdekoa”, azpimarratu du.
 
Horrez gain, “Berria Lagun” ekimena martxan jarri dute: “5.000-6.000 lagun topatu ditugu, hilero 10 euro ematen dizkigutenak, horrela dugun defizitari aurre egiten diogu. Berria ez da bideragarria salmentaren, publizitatearen eta Eusko Jaurlaritzaren diruarekin soilik, eta horregatik laguntzen digute Berria Lagunek”. Baina nahikoa izango ote da laguntza hau etorkizunean? Gainerako kazetek zer egiten dute? Zer gertatuko da paperezko egunkariarekin? Zuk non irakurtzen dituzu albisteak?
 

Transcription:[+] Transcription:[-]

Noiztik saltzen  duzu egunkaria?
Hogeita hemeretzi urte gremio honekin e… Lehenago janari-denda zen… Orduan… Beti lan gehiago du… Liburu-denda niri gustatzen zaidalako gainera…

Egunero erosten al dugu egunkaria?
Lehenago egunero eta bakoitzak etxero (etxe bakoitzean) bat  eta beste batzuetan bi eta orain, batere ez, astean behin bat, edo bien larunbata edo bien igandea… Astelehena segun Errealak zer egiten duen… Futbolak hori du…

Nork erosten du?
 “Jenerala” (orokorra), edadekoak  erosten du Diario eta gazteek pues ia erosten du pixka bat denetatik baina futbola. Astelehenetakoa eta igandekoa, programa ikusteko eta astelehenetan “resultadua” (emaitza), orain Errealak galtzen badu, ezer ez, erdia.

Krisian al dago komunikabide hau?
Bai, beti jaitsi egin da baina gero puntu gehiago daude. Orain, “panaderi” (okindegi) guztietan ere badago, orduan, orain oso desberdina da, atez ate dugu ogia eta egunkaria.

Nahiago dugu paperean edo interneten?
Ba nik paperean askoz ere lasaiago eta hobeto. Interneten bista gehiago “zeatu” (behartu) behar duzu e.

Zein egunkari saltzen da gehien?
Diario da, hemen Euskadi mailan Diario. Eta jaitsi da 30 bat jeneralean (orokorrean), Diario bera eta besteak…  Denetatik daukalako, azkenaldi honetan osasunaren gaineko pagina (orrialde) asko sartzen ditu eta kirola… “pues a ver” (ea bada)… ostegunetan, asteazkenetan… Larunbata eta igandea… Eta astelehenetan osoa du, astelehenetan egunkari guztiek dute kirola.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Jul 8, 2015
Number: 1925040
Duration: 00:02:53
Number of visits: 8853